LEPAHORIA

(Martes martes)

Erreinua: Animalia (Animaliak)

Filuma: Chordata (Kordatuak)

Subfiluma: Vertebrata (Ornodunak)

Klasea: Mammalia (Ugaztunak)

Subklasea: Theria (Terioak)

Infraklasea: Eutheria (Euterioak)

Ordena: Carnivora (Karniboroak)

Subordena: Caniformia

Familia: Mustelidae (Mustelidoak)

Subfamilia: Mustelinae

Generoa: Martes

Espeziea: Martes martes

    Lepahoria, pitotxa, mierlea, katakuxa, txinotea ... martes martes-en euskal izenak dira Euskaltzaindiak euskara baturako lepahoria hobetsi badu ere. Paparrean orbaina du, horia edo laranja izan daitekeena, aurreko hanketaraino bereizten ez dena, lepazuriak ez bezala. Hortik datorkio izena ornodun haragijale honi.

Harremanak

FR: Martre des pins

    Animalia karniboro hau oso bakartia da. Europan koniferoen basoetan bizi bada ere, Euskal Herrian hosto erorkorreko basoei lotuta dago eta arboletan egoten diren zuloetan egin ohi du habia. 1.600-1.700 m-ko altuerarainoko lurretan bizi daiteke.

    Mustelidae familiako animalia honek lau azkazaleko oinatza besterik ez du uzten, oina ilez beterik daukalako.

Ehiza

    Ugaztun gautar honek hogeita bost bat zentimetroko buztana du eta oso bizkorra da. Ezaugarri horri esker katagorriak eta beste karraskariak ehizatu ahal ditu. Untxiak, erbiak, baita inoiz orkatz-kumeak ere, harrapatzen ditu nahiz eta bera baino askoz ere handiagoak izan. Hala ere, behar izanez gero, intsektuak eta fruta ere jan ditzake. Animalia bakartia da, eta ehizara joaten denean 8-12 km-ko ibilbideak egin ditzake bere bost kilometro koadro inguruko ehiza-esparruaren barruan.

Kumeak

    Arreske dagoen garaian, urtean 15 bat egunetan, arrak txiza eta heste lodian dauzkan guruin batzuen jariakinak, oso usain txarrekoak, botatzen ditu ahal duen leku guztietan.

    Behin bikotea lortuta, elkarrekin ehizan, jolasean, laztantzen, e.a. ikusiko ditugu estaltze-eguna iritsi arte. Une horretan, ekainetik abuztua bitarte, arrak emeari lurrean ahoz oratuko dio lepotik eta obulua ernalduko dute.

    Obulua behin ernalduta, emeak urtarrila arte gordeko du. Orduan jarriko du uteroan eta ernaldia hasiko da. Bederatzi aste pasatuta, 3-5 kume jaioko dira enborrean edo harri artean gertatutako habia batean. Sei astetan zaindu eta esnez elikatuko ditu amak kumeok begiak ireki arte.

    Orduan prest egongo dira elkarrekin olgatzeko eta ehizan ikasteko. Bitartean, amak txoritxoak eta saguak ehizatuko ditu beraientzat. Fruituak ere emango dizkie. Ekaina aldean kumeak autonomoak izango dira, eta ama laga egingo dute, berriz arreske hasiko delako.

    Inoiz kumeren bat galtzen bada, amari deituko dio "ras" bezalako soinu batez.

    Kumeak 15-16 hilabete dituztenean hasiko dira bikote bila.

Euskal Herrian

    Lepahoria Euskal Herriko hosto erorkorreko basoetan topa dezakegu, Urbian, Kantabriako mendilerroan, Aralarren, Gorbeian, Ordunten, Valderejon, Enkarterriko mendietan, Pirinioetan, Urbasan...

    Mustelido honen larrua oso preziatua izan da eta horregatik ehiza-presio handia jasan izan du. Horrez gain, bizileku duen hosto erorkorreko basoak gero eta urriagoak dira. Horiek denak kontuan hartuz gero, erraz ulertuko dugu zergatik ez den animalia hau hain ezaguna gure artean eta zergatik geratzen den gaur egun hain ale gutxi.

    Bernako hitzarmenean III. atalean aipatuta dago. Atal horretan bereziki babestuta dauden espezieak azaltzen dira.

GAZ: Marta