Erreinua: Animalia (Animaliak)

Filuma: Chordata (Kordatuak)

Subfiluma: Vertebrata (Ornodunak)

Klasea: Mammalia (Ugaztunak)

Subklasea: Theria (Terioak)

Infraklasea: Eutheria (Euterioak)

Ordena: Carnivora (Karniboroak)

Subordena: Caniformia

Familia: Mustelidae (Mustelidoak)

Subfamilia: Mustelinae

Generoa: Mustela

Espeziea: Mustela nivalis

GAZ: Comadreja

    Mustelido hau karniboroen artean txikiena da. Daukan itxurak erbinude zuriarena ekartzen digu gogora, baina azken hori handixeagoa da, eta buztan-punta beti izaten du beltza, erbinudeak ez bezala. Inoiz edo behin, atzeko hanketan bermatuta eta zutik ikusiko dugu lurraldea arakatzen, ea harrapakinik dagoen. Oso jatuna da eta anker ospea dauka harrapakinak hiltzeko moduarengatik.

Ezaugarriak

    Gorputza txikia, luzexka eta malgua du; lepoa luzea, burua zapala, belarriak txikiak eta biribiltsuak, begiak eta sudurra ilunak eta hankak eta buztana motzak ditu.

    Nahiz eta kaioletan 8-10 urte bizitzera iritsi naturan normalean urtebete bizi den haragijale honek kolore marroia du goi aldean, eta zuria behe aldean. Zeharo zuriak diren aleak ere ezagutzen dira; kasu horietan buztan-punta ez da sekula ere beltza izaten. Hanketan, 5 hatz ditu. Emeak arrak baino askoz ere txikiagoak dira, eta lau pare titi dituzte.

GAZ: Paniquesa

Harremanak

    Satandera normalean pertsonen gertu bizi da, batez ere neguan. Nahiago duen lurraldea ez da oso hezea izaten, ezta baso-basoa ere; harriak izaten ditu, udan gordelekua egin ahal izateko. Neguan, abandonatutako etxeetan bizi izaten da.

    Oso animalia mugitu eta urduria da. Udan zein neguan ikus daiteke. Egun osoan jarduten du, gauez zein egunez, baina, batez ere, arratsaldean ikusiko dugu. Mustelido gehienak bezala, animalia bakartia da eta bere lurraldeari oso lotuta dago. Gau batean, 2 km ibil ditzake. Arreske-garaian baino ez du talde familiarra sortzen.

    Zentzumenak oso garatuak ditu, batez ere ikusmena. Gauez zein egunez oso ondo ikusten du, eta kolore gorriak erakartzen bide du. Entzumena eta usaimena ere nabarmen onak ditu.

    Saltoka ibiltzen da; badaki zuhaitzetara igotzen eta igeri egiten, eta, ondorioz, arrantzuan. Gainera oso kuriosoa da, eta beste animalien gordelekuetan sartuta ehizatzen ditu. Arriskuan dagoenean, etsaiak uxatzeko, ipurdi inguruko guruin batzuetatik kiratsa duen jariakin bat botatzen du.

    Oso hatz-marka txikia uzten du, 1,5 cm ingurukoa. Bost hatz eta hiru lobulu markatzen ditu. Aurreko hanken marka atzekoena baino txikiagoa da. Gorotzak, nabarrak edo beltzak, luzeak eta meheak dira, eta ibiltzen den bideetan lagatzen ditu, baita harri gainetan ere. Soinu dezente egiten ditu, urrumak, txilioak (kri kri), kurrukak, ufak...; batez ere, asaldatuta dagoenean.

FR: Belette

Ehiza

    Ogigaztak 34 hortz ditu. Oso animalia "ankerra" da, eta, harrapakina ikusten duenean, astiro-astiro hurbildu, eta kosk egiten dio garondoan. Oso metabolismo-eskakizun handia duenez, ehizan egon behar du beti. Batez ere, karraskari txikiak ehizatzen ditu: saguak, lur-saguak, muxarrak, txoriak...; naiz eta beste animalia batzuk ere jaten dituen: intsektuak, anfibioak, narrastiak... baita bera baino handiagoak diren beste animalia batzuk ere: untxiak, oiloak, usoak... Garondoan kosk egin eta hortxe geratzen da zintzilik, harrapakina hil arte.

    Odola asko gustatzen zaio, eta hori da jaten duen lehenengo gauza. Habietan sartzen denean, txitak eta arrautzak jaten ditu. Arrautzei bi zulo egiten dizkie punta banatan, oskola bigunen dagoen lekuan. Dirudienez, arrak animaliarik handienak eta aire zabalean daudenak harrapatzen ditu, eta emeak, berriz, karraskariak eta haien gordelekuetan daudenak. Normalean ehiza-lekuak ez dira berdinak izaten.

    Mustelido honek arerioak ere badauzka. Gaueko eta eguneko hegazti harrapariek, azeriak, basakatuak, katajinetak eta bera baino handiagoak diren beste mustelidoek andderederra dute elikagai. Kumeak oso txikiak direnean, muskerrek eta sugeek jan ditzakete.

Kumeak

    Emea arreske dagoenean (urtarriletik urrira, baina, batez ere, udaberri aldera), arrak bata bestearen atzetik ibiltzen dira, borrokatan, txilioak botatzen dituzten bitartean. Irabazten duen arrak emea estaltzen du, lepotik oratuta. Memento horretan izaten da ernalketa; ernalketak ez du atzerapenik izaten, beste mustelido batzuetan ez bezala. Estalketaren ondoren, arrak bakarrik uzten du emea.

    Kumaldiak 34-37 egun irauten du. Maiatz-ekainean, 4-8 kumeak jaiotzen dira ilerik gabeak eta itsuak dira, 1-3 g pisatzen dute eta hilabete pasatu ondoren hasten dira gordelekutik ateratzen jolasteko. Hilabete eta erdi edo bi hilabete pasatu direnean hasten dira ehizan, eta 3-4 hilabetera emeek, eta 4-6 hilabetera arrek, sexu-heldutasuna lortzen dute, nahiz eta hurrengo urtera arte ez duten, normalean, kumerik egiten. Garai horretan independizatzen dira.

    Erbinudeak bi kumaldi edo gehiago izan ditzake.

Euskal Herrian

    Erbinudeak ez du arazo handirik Euskal Herrian bizitzeko. Ugaria da, eta, oilategietan sartzen denean sortzen dituen arazoez aparte, ez du traba handirik eragiten oso txikia delako.

    Euskal Herrian daukagun azpiespeziea Mustela nivalis nivalis da. Bernako hitzarmenean III. atalean aipatuta dago. Atal horretan, bereziki babestuta dauden espezieak azaltzen dira.

POR: Dondoninha