Erreinua: Animalia (Animaliak)
Filuma: Chordata (Kordatuak)
Subfiluma: Vertebrata (Ornodunak)
Klasea: Mammalia (Ugaztunak)
Subklasea: Theria (Terioak)
Infraklasea: Eutheria (Euterioak)
Ordena: Carnivora (Karniboroak)
Subordena: Caniformia
Familia: Mustelidae (Mustelidoak)
Subfamilia: Melinae
Generoa: Meles
Espeziea: Meles meles
Karniboro orojale honen ohiturak oso interesgarriak dira. Mustelido handia da eta txakur baten tamaina du. Lur azpian bizi da beste azkonar batzuekin batera. Arto sailetan triskantzak egiten dituenez eta haren ileekin bizarra kentzeko brotxak egin izan direnez gizakiok oso bizimodu latza eman diogu.
Oso animalia sendoa da eta trakets ematen du. Buru zuria dauka, eta albo bietan, begiak hartzen dituzten bi zerrenda beltz. Begi txikiak ditu, behar bada, ikusmena ez daukalako oso ona. Belarriak txikiak baditu ere, oso entzumen fina du eta usaimena ere ez du batere txarra. Sudur zuloak itxi ditzake, eta, horrela, gordelekuak zulatzen dituenean ez zaio lurra sartzen; gero putz egiten du bideak garbitzeko. Ilea grisa eta oso latza du, gainera, bizkarreko ilea tentetzea dauka, behar izanez gero. Hanka motzak ditu, eta, atzaparretan, azkazal gogorrak. Azkazal horiekin galeria askoko gordelekuak zulatzen ditu bizitzeko.
Oso azal lodia dauka eta 38 hortz. Hanketan, behatz artean guruinak ditu; horri esker, azkazalak arboletako enborretan garbitzen dituenean, usaina lagatzen du bertan. Modu horretan markatzen du bere lurraldea. Erdiplantigradoa da eta ibiltzean azkazalen markak lagatzen ditu. Beti leku berberetik pasatzen da, oso bide nabarmenak utzita. Leku batean ez badu janik topatzen ez da gehiagotan bueltatzen. Buztana txikia dauka (18 bat cm-koa). Normalean hostozabalen basoetan bizi da baina, sasiartean ere bizi daiteke. 2.000 metroko altuera arte topa dezakegu.
Mustelido hau 12 bat laguneko taldetan bizi da. Ar-eme zaharrenak izaten dira taldeko nagusiak, eta kumeak egiten dituztenak. Hots pila bat egiten eta ezagutzen du. Horrez gainera, taldekideak usainarengatik ezagutzeko gauza dira. Ahalmen hori dela eta, kanpoko bat euren lurraldera sartuz gero borrokatu egiten dute arrotzak alde egin arte. Kaka egiteko unean, zuloak egiten dituzte eta han sartzen dute gorotza, nahiz eta estali ez. Uzki inguruan guruin batzuk dituzte, eta, etsairen bat azalduz gero, jariakina jaurti diezaiokete uxatzeko.
Denetarik jaten du karniboro honek: susterrak, fruituak, eztia, zizareak, igelak, arrautzak, txoriak, untxitxoak... Gauez ateratzen da bakarrik, jan bila bere lurralde barruan. Bere taldeko baten bat topatuz gero, ez da ezer pasatzen, baina beste talde batekoren batekin aurkitzen bada kurrinka egiten du, ileak tentetzen ditu, eta kanpokoari haginka egiten dio joan arte. Bere lurraldearen mugan topatuz gero, bakoitza bere lurraldera joaten da.
Azkonar arrak edozein urte garaitan estaltzen du emea. Hasi baino lehen, arrak emea laztandu eta urruma egiten dio, gero, txakurrak bezala, gainean jartzen zaio eta koska egiten dio lepo aldean. Horrela egoten dira 2-90 minutuan, denbora horren arabera izaten da estaltzearen arrakasta. Obulua ez da ezartzen, hala ere, negura arte. Gero, 65 bat egunen buruan (martxo-maiatzean) 2-5 kume jaiotzen dira, itsu. Ile zuria eta suabea daukate. Lau edo bost aste pasatuta, begiak irekitzen dituzte, 9-10 asteekin gordelekutik ateratzen dira eta 12 asterekin esnea hartzeari uzten diote. Emeek 14 bat hilabeterekin dute sexu heldutasuna, eta arrek, 2 urterekin. Kumeetako batzuk taldean geratzen dira eta beste batzuek alde egiten dute beste leku batzuetara.
Euren gordelekuak 2-20 sarrera dauzka, eta oso ondo aireztatuta egoten da. Barruan gela bat daukate kumeekin egoteko, eta, eme batek baino gehiagok izan baditu kumeak, leku desberdinetan egoten dira. Barruan ez dute ez janik ez zaborrik izaten.
Nekazaritza lurrak gero eta utziago daudenez, azkonarra Euskal Herrian gero eta ugariagoa da. Hala ere, ez dago oso zabalduta. Euren etsairik handienak autoak dira. Errepide azpiko pasabideek, egiten direnean, mesede izugarria egiten diete. Dena dela, baserritarren amorrua eragiten dute behin baino gehiagotan, noizbehinka baratzeetan sartu eta sekulako triskantzak egiten dituztelako.
Euskal Herri osoan zabalduta dago, eta Bernako hitzarmenaren III. atalean babestuta dago.