Erreinua: Animalia (Animaliak)
Filuma: Chordata (Kordatuak)
Subfiluma: Vertebrata (Ornodunak)
Klasea: Mammalia (Ugaztunak)
Subklasea: Theria (Terioak)
Infraklasea: Eutheria (Euterioak)
Ordena: Artiodactila (Artiodaktiloak)
Subordena: Suiformes
Infraordena: Suina
Familia: Suidae (Suidoak)
Generoa: Sus
Espeziea: Sus scrofa
Ia mundu osoan zabalduta dagoen ugaztun hau txerriaren senide basatitzat har dezakegu. Leku batzuetan desagertuta dago gizakiak akabatu duelako (Britainiar Irletan XIX. mendean desagertu zen); beste batzuetan, aldiz, gizakiak berak eraman du (Ameriketara eta Ozeaniara). Ez da bizi ez Errusiako iparraldean ezta Eskandinaviar Penintsulan ere, eta, Afrikako iparraldea, Europa eta Asia berezko lekuak ditu. Ingurune guztietan bizi da baldin eta sastrakak edo basoak badaude; horiek beharrezkoak ditu eguna gordeta pasatzeko.
Txerriak bezala, buru handia eta begi txikiak ditu, behar bada, bere ikusmen txarraren adierazgarri. Belarriak handi samarrak eta musu luzea dauzka. Musuaren bukaeran sudur-zuloak dituen kailu zapal bat dauka. Emeak arrak baino txikiagoak dira eta musua luzeagoa daukate.
Basurdea oso animalia sendoa da. Haragi trinkokoa eta larrua zurda nabarrez estalita dauka. Zurden artean gorputz osoa estaltzen dion ile fina dauka. Bizkarreko zurdak tente jartzen zaizkio behar izanez gero. Aurreko hankak atzekoak baino txikiagoak dira eta laurak oso sendoak. Hankaren bukaeran apatxa bi behatzekin daukate. Hankaren atzealdean beste bi behatz dauzkate baina oso txikiak dira. Buztana, txerriarena ez bezala, zuzena daukate.
Seguruenik basurdearen atalik nabarmenena letaginak dira. Beheko masaileko letaginak oso luzeak dira (20 cm-raino iritsi daitezke) eta goiko masailekoak laburragoak. Arrek letagin horiek borrokarako erabiltzen dituzte eta emeek ez dauzkate arrek bezain luzeak. Euren 44 hortzekin denetarik jaten dute (orojaleak dira): susterrak, fruituak, karraskariak, intsektuak, zaborrak, e.a. Oso usaimen ona daukate eta lur azpiko jana usaintzeko gauza dira. Gero, musuarekin lurra harrotzen dute janaren bila eta arrasto horiek dira basurdearen presentzia adieraztera ematen diguna.
Animalia hau arratsaldean hasten da aktibitatean. Ordura arte baso ilunetan, sastraka artean, ematen du eguna.
Emeak azaro edo abenduan araldian sartzen dira eta orduan arra, bakarti bizi izan dena, hurbiltzen da emeen taldera. Garai honetan borroka latzak egoten dira arren artean emeak ernaltzeko. Lau hilabetera 2-6 kume jaioko dira. Kume hauek amarengandik esnea hartuko dute hiru edo lau hilabetez eta urtebetera arrak joango dira taldetik. Alde egite horretan, batzuetan 50 km ere ibiliko dira eta aniztasun genetikoa bermatuko da. Kumeek marra batzuk dauzkate bizkar aldean eta errazago egiten zaie etsaiengandik ezkutatzea. Sei hilabetera, kumea gorrixkak dira eta heldutasun sexuala bi urterekin iristen zaie. Askatasunean 10-12 urte, eta leku hesitu batean 19 urte arte bizi daitezke.
Emeak elkarrekin bizi dira eta eme nagusi batek gidatzen du taldea. Basurde-talde hauetan belaunaldi desberdinetako emeak daude.
Nekazaritza-lurrak gero eta utziago daudenez, basurdea Euskal Herrian gero eta ugariagoa da. Hori dela eta, basurdearen ehiza antolatzen da eta ale ederrak lortzen dira. Asko daudenez nekazaritza lurretan sekulako triskantzak egiten dituzte. Baratzean sartuz gero, akabo baratza!
Zientzialariek iberiar penintsulan bi basurde klase bereizi dituzte eta Euskal Herrian dagoena sus scrofa castillanus azpi espeziekoa da, nahiz eta oso argi ez egon azpi espezie horren eta Europan dagoenaren (sus scrofa scrofaren) arteko desberdintasuna.