Erreinua: Animalia (Animaliak)
Filuma: Chordata (Kordatuak)
Subfiluma: Vertebrata (Ornodunak)
Klasea: Mammalia (Ugaztunak)
Ordena: Cetacea (Zetazeoak)
Familia: Delphinidae (Izurdeak)
Generoa: Tursiops
Espeziea: Tursiops truncatus
Izurde handia oso animalia azkarra da eta taldeka bizi da. Hiru edo lau orduz egiten du lo egunean, eta gainerako denbora jolasean eta ehizan ematen du. Gizakiak, oro har, errespetatu egiten du, eta babestuta dago. Munduko itsaso gehienetan bizi da, baina ur beroak atsegin ditu. Horregatik, tropikoetatik topatuko dugu maizago, ur hotzetan baino. Uraren azpian 5 edo 6 minutu segidan egon daiteke, nahiz eta batzuek 12 edo 15 minutu iraun dezaketen.
Zientzialariek oso ondo bereizten ez badituzte ere, espezie honen barruan bi multzo daude: bata kostaldean bizi da, eta animaliak talde txikitan elkartzen dira, eta bestea ozeano zabalean bizi da, eta oso talde handitan elkartzen dira. Euskal Herriko kostaldean azaltzen diren animaliak lehenengo multzokoak dira.
Igerilari bikain honek 50 km/h-ko abiadura har dezake, eta 200 m-ko sakoneraraino irits daiteke. Arra emea baino handiagoa bada ere, sexu-desberdintasuna ez da begiz antzematen (ez du sexu-dimorfismorik), eta kolore-tartea zilar koloretik gris ilunera doa.
Hortz ugari dituzte (20 - 28 hortz koniko) goiko eta beheko masail-hezurretan, baina ez dituzte murtxikatzeko erabiltzen. Ugaztun hauek elikagaiak harrapatu eta osorik irensten dituzte. Oso elikadura zabala dute: legatzak, bisiguak, olagarroak, txibiak eta ganbak. Gure kostaldean, batez ere txibiak, txokoak, txitxarroak eta sardinak jaten dituzte. Beraien pisuaren % 10 jan dezakete, egunean.
Bular aldeko hegatsak 30-50 cm-koak dira, bizkar aldekoa 23 cm-koa, eta atzekoa, 60 cm-koa gutxi gora-behera. Tursiops generoaren bereizgarria 8 cm-ko muturra da. Ezin dezakete aurrez aurre ondo ikusi, bi begiak alboetan baitauzkate kokaturik. Dena dela, kontuan hartu behar da 60 metroko sakonaren ez dagoela argirik, eta ikusteak ez diela, sakonera horretan, laguntza handiegirik emango.
Zetazeo hauek, sonar izeneko teknika erabiltzen dute, nolabaiteko ikusmena edukitzeko. Soinuak igortzen dituzte eten gabe, maiztasun handiko soinuak; horrela, gauzaren baten kontra jotzen dutenean, soinuek errebotatu egiten dute, eta, izurde handiaren entzumen-sistemara heltzen direnean, zeren aurrean dagoen jakin dezake ugaztun honek, soinuen norabidearen eta potentziaren arabera.
Animalia hauen komunikazio-sistema benetan konplexua da. Soinu-emisioak 18.000 eta 15.000 Hz bitartean daude, eta segundoko 30 emisio botatzen ditu. Ez du ahots-kordarik eta soinu hauek botatzeko ardura duen organoari meloi esaten zaio, eta espirakuluen azpian dagoen airezko poltsa batzuez osatuta dago.
Komunikazio-baliabide hori ez dute ehizatzeko bakarrik erabiltzen, bikotea ezagutzeko, ehiztariak antzemateko, itsasoan kokatzeko eta abarrerako ere erabiltzen dute. 17 edo 18 soinu desberdin emititzen dituzte, eta badakite bost elementuko esaldiak egiten.
Egunean 3 - 4 orduz egiten dute lo. Batzuetan, flotatzen geratzen dira, eta, besteetan, mantso-mantso beste taldekide batzuen ondoan, egiten dute igeri lo dauden bitartean. Egoera honetan, burmuinaren erdia deskonektatzen dute, bai eta beste aldeko begia ere. Bi ordu inguru pasatu direnean, deskantsatzen egon den garunaren zatia esnatu egingo da eta beste zatia jarriko da lotan.
Arrek bi irekigune dituzte. Isatsetik gertuen dagoena uzkia da, eta bestea, sexu-organoa. Emeek ere bi dituzte, baina elkarrengandik hurbilago; ia ez da tarterik ikusten, eta, alde bakoitzean, bi tolestura daukate. Ugatzak dauzkate bertan.
Ugalketa-garaia bizilekuaren araberakoa da; udaberrian, hala ere, estalketa gehiago egoten da. Bata bestearen gainean jartzen denean gertatzen da elkarketa; arrak buztana kurbatzen du emearen sabel aldera, emearen irekidura genitalean sartzen du bere sexu-organoa. Erraza da animalia hauetan orbainak aurkitzea, maitasun jolasetako urraduretan eginak baitira. Zientzialariek uste dute izurde handiaren emeek sexu-harremanetatik plazera lortzen dutela, beste animalia gehienek ez bezala.
Kumeak udan jaiotzen dira, 10 - 15 kg-ko pisuarekin, amaren tripan urtebete egon ondoren. Erditzeko unean, eme guztiak hurbil egoten dira, edozertarako laguntzeko prest. Zilbor-hestea erditzea amaitzean eteten da, eta jaio berriari uraren azalera iristen laguntzen diote amak eta beste eme batzuek, arnasa har dezan. Astebetez amak gertutik jarraituko dio, edozein arriskutatik babesteko. Kume jaio berriek ezin diote igeri egiteari utzi, bestela hondoratu egiten baitira.
Kumeak 10 hilabetez hartuko du esnea bere amarengandik, baina, 6 - 7 hilabetera iristean, beste elikagai batzuk jaten hasiko da. Bi urte bete arte amarekin egongo da ehiza-teknikak ikasten, eta, horren ondoren, independentzia lortuko du. Arrei heldutasun sexuala 12 - 13 urterekin iritsiko zaie, eta emeei, 6 - 7 urterekin.
Heriotzen kausa nagusia edukitzen dituzten bizkarroiak dira. Bizkarroi horiek ez dituzte hiltzen, baina bai bizitza murrizten. Hala ere, 25 - 35 urte bizi izaten dira askatasunean, baina, akuarioetan sartzen ditugunean, 7 urte besterik ez dira bizi, batez beste.
Euskal Herrian, beste izurde-klase batzuk bezala, taldeka pasatzen dira kostaldetik. Askotan ikusiko ditugu itsasontzien atzetik edo albotik.
Oso kasu nabarmena izan zen Donostia hirian eduki genuena. Izan ere, Donostiako badian, izurde handi bat (Pakito) bizi izan zen 1998.eko udaberriaz geroztik, harik eta, 2004.eko martxoaren 19an, beste izurde handi batzuekin alde egin zuen arte. Hiru metroko izurdea zen, eta Tximistarrin egiten zuen lo. Animalia lasaia zen eta oso gustukoa zuen gizakia. Askotan ikusi genuen jolasean urpekariekin. Izurde honen jokabidea ulertu ez bagenuen ere, badian egon zen bertakoen eta turisten gozamenerako.
Izurde handi hori, joan ba zen ere, ez zen oso urrutira joan, izan ere, Pasaiako badian babesa topatu baitzuen eta paseotik oso gertu ikusten genuen. Pasaiako biztanleek Rufino izena eman zioten.
2005-03-30ean hilda topatu zuten birikietako gaitz batek jota.