Dramatizazioa abagune eta tresna egokia da hezkuntza-prozesurako, beste testuinguru batzuetan eskola-curriculuma garatzeko aukera eskainiz; esate baterako, Hezkuntza Artistikoa, Gorputz-adierazpena edo Hizkuntza eta Literatura. Gainera, izaera interpertsonal eta erlazionala izanagatik, gaitasun sozialen eta baloreen garapenerako tresna esanguratsua da (Nuñez eta Navarro, 2007).
Modu berean, dramatizazioak haurraren ehun hizkuntzak (Malaguzzi, 2005) ere barnebiltzen ditu, hala nola, gorputz-adierazpena, artea, hitzezko eta ez-hitzezko komunikazioa, keinuak, sentimenduak… horiek denak, sortu nahi ditugun pentsalari kritikoen oinarria izango dira, pentsalari emozionalak aldi berean eta haien nortasunaren eraikitze prozesuan protagonista bakarrak.
Horrela, hezkuntza artistikoa pentsamendu kritikoa pizten duen heziketa nagusienetarikotzat ulertzen da. Pentsamendu kritikoa lortzeko bidean, emozioak edota sentimenduen adierazpena garatu behar da, hausnarketa bultzatuz, interpretazioa areagotuz. Reggio Emiliaren ikuspuntua horrelakoa da; artearen eta sormenaren bidez bai pentsamendu kritikoa baita pentsamendu zientifikoa ere garatzen eta indartzen saiatzen dena. Aldi berean, komunikazioa bultzatzen du, balioak, talde lana eta eztabaida adibidez, etorkizunean gizarte libre eta demokratiko bat eraiki ahal izateko. Horregatik bere xede nagusia: haur kreatiboak heztea, kritikotasuna bultzatzea eta konpromisoa garatzea da. Gainera, hezkuntza munduan bezala, Reggio Emilia esparruan ere inklusioa funtsezkoa da. Azkenik, jolasa, haurraren 100 hizkuntzetako bat bezala hartzen da eta oso bide aberasgarria da kritikotasuna lortzeko (Fernández eta Feliu, 2017).
Bestalde, gorputza jolasteko tresna bilakaturik, gorputzaren mugimendu-aukerak, egoerak, emozioak, ideiak, bizipenak, pentsamenduak, eta abar deskribatzeko aztertzen dira. Horretarako, gorputza komunikatzeko eta adierazteko tresna bihurtuko da, hots, keinuak eta mugimenduak eginez; bai hitzezko, bai ez-hitzezko komunikazioa erabiliz (Murua eta Vizcarra, 2014). Gorputz-hizkuntza esatean ez-hitzezko komunikazioari egiten zaio erreferentzia, gorputzaren bidez adierazten delako hitzarekin esaten dena, hau da, emozioak, informazioa, alaitasuna, indarra, malgutasuna, etab, (Rodriguez, 2008). Ekintza teatrala ekintza komunikatiboaren gisara ulertu behar da, zeinaren bidez lagun-talde batek errealitate zehatz bat partekatzen duen, une eta leku zehatz batean. Hartara, azken urteetan ohikoagoa da hezkuntza-programetan ikustea. Hezkuntzatik, dramatizazioa baliabide gisara aurkezten da, pertsonak hezteko dauzkan gaitasunengatik kontuan hartu eta hobetzen joatekoa; ikuspuntu sozial zein indibidualetik (Nuñez eta Navarro, 2007).
Jolasek, batez ere, haur eta gazteengan, antzerki itxura hartzen dute askotan, zeinetan gorputza bera, maiz, sormenezko ikerketa-, adierazpen- eta komunikazio-tresna den. Halaber, jolasa askotan izan da erabilia seriotasun gabekoari erreferentzia egiteko, hau da, lanaren kontrako aldeari, lanaren alderdi didaktikoa alde batera utziz (Nuñez eta Navarro, 2007).
Horren harira, Ruiz de Velasko eta Abadek (2011) jolas sinbolikoa eta plazerra lotzen dituzte, behar biologikotzat ulertuta; behar emozionalak eta sozialak asebetetzeko bide gisara, hain zuzen. Behar emozional horiekin lotura eginez haurrak errealitatean ukatu zaiona egiteko aukera izaten du fikzioan, egoera desatseginak zein beldurgarriak onartu eta gainditzeko aukera edota bere ekintzen eta berorien ondorioen arteko elkarreragina behatzeko aukera fiktizioa.
Bestalde, aipatzekoa da ikasketa sortzailearen eta dramatizazioaren arteko hartu-emana. Sormenak bere ateak irekitzen dizkio hezkuntzari, landu eta aldatu daitekeen ezaugarri gisa, ez bat-batekoa. Hortaz, denon eskura dagoen ezaugarri gisa ulertzen da. Hezkuntzaren barruan sormena garatzeko espazio naturaletako bat hizkuntza artistikoaren erabilerarekin lotutako hezkuntza-jarduera izanen da, hertsiki lotuak baitaude sormena eta artea (Garcia, 2004).
Obraren osotasunari so, Ikt-ak zaintzea garrantzitsua izango da zenbait alderdiren lanketarako. Haur Hezkuntzan, irudiek funtsezko hezkuntza-baliabidea izan behar dute irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren barruan, alfabetatzeko eta komunikatzeko beste modu batzuk sortzen laguntzen baitu (Llorente, 2000). Irudiak errealismoa ematen du, enpatizatzera darama eta bakoitzaren interesa pizten du, emozioak azaleratzen ditu eta haiekin identifikatuta sentitzen da Sánchezek (2007), Treserrasek aipatua (2017). Gaur egun, irudiek eguneroko bizitza menderatzen dute, hedabideetan, interneten, sare-sozialetan, literaturan eta publizitatean agertzen dira. Horregatik, ikus-entzunezko hezkuntza eskeini behar zaie ikasleei, pentsamendu kritikoa izan dezaten (Peréz, 2008). Gainera, obraren alderdi estetikoa zaintzeko baliagarria izateaz gain, milaka aukera ezberdin dauzkan mundu berria zabaltzen digu begien aurrean; adierazteko hainbat baliabide berri eskainiz (Abuín, 2008).
Hezitzaileen rolari erreparatuz gero, Aguirreren (2015) ustez honako ezaugarri hauek eduki beharko lituzke arte-hezitzaile batek: hasteko, kulturaren artea eta produktuak ulertzen dituen arte-hezitzailea izan beharko luke, alderdi artistikoa, ulermena eta sormenezko eta kritika kulturaleko egitate gisa ulertzen duena. Hezitzaile artistikoa, besteen proiektuekin nahastuz identitate-proiektuak bilatu beharko lituzke, besteen irudimenezko identifikazioan trebetasuna bultzatzen duelarik, sentsibilitatea areagotuz. Azkenik, hezitzaileak, arte-hezkuntza hezkuntza dela ulertu beharko luke. Irakaslearen zeregina, beraz, ez litzateke hainbeste ez dakienari zuzenean irakastea, baizik eta bere ikasleen ezagutzaren jabekuntza koordinatzea eta bideratzea.
Arte hezkuntzaren barruan gehiago sakonduz, Arte-Ekintzari buruz hitz egiteak berebiziko garrantzia dauka. Nahiko kontzeptu orokorra dela esan beharra dago (Gómez, 2007), hainbat kategoria uztartzen dituen eta antzerkikoa ez den antzezpenaren hibridoa delarik. Arte mota honetan, aurretiko argumentu edo narrazio tradizionalik ez da existitzen, nolabaiteko aurretiko gidoia baizik. Ekintza kolektiboa izaten da, espazio tradizional edo alternatiboetaz baliatzen delarik eta kritika sozial edo politikoaren izaera ere hartzen duelarik.
Arte ekintzaren adibide bat dira Performance-ak, 70. hamarkadan sortu zirenak, ekintzari edo gauzatzeari erreferentzia egiten diotelarik, berezko ezaugarriak ditu eta objektu edo hornigarri desberdinak erabil ditzake, hainbat harreman izan ditzakelarik antzerkien emanaldiekin. Funtsezko transferentzia-ekintza gisa funtzionatzen dute, ekintza errepikatuen bidez jakintza soziala, memoria eta identitate-zentzua transmititzen dituztelarik (Taylor, 2007). Zenbait praktika eta gertaera barne hartzen ditu, hala nola, dantza, antzerkia, errituak, protesta politikoak, hileta-protestak eta abar, aurrez zehaztutako edo "gertaera" kategoriari dagozkion antzerki-portaerak, hain zuzen ere. Protesta politiko batek hasiera eta helburua izaten ditu, ez dira modu jarraituan gertatzen edo kultura-adierazpeneko beste forma batzuekin lotuta egoten.
Aurreko guztia kontuan izanik, gorputz-adierazpenean berebiziko garrantzia izango du dramatizazio musikalak. Musika eta mugimendua uztartuz, istorio bat kontatzea da, mugimendu askeen edo arautuen bidez. Helburua, girotzea, efektu bereziak sortzea eta egoerak azpimarratzea izango da (Garcia de la Torre eta Barrena de la Rua, 2020).
Ildo beretik, musika eta komunikazioa baliabide bereiztezin gisara ulertu behar dira, musikari asmo komunikatiboa aitortuz eta dramatizazioan hartu dezakeen pisua onartuz. Musikak adierazteko daukan gaitasuna dramatizazioaren mesedetan erabili daiteke (Carillo, 2015).