Zapalduaren Antzerkiaren teoria, estetika eta teknika garatu zituen, nolabait, zapaldutako klaseei hitza emateko xedez. Berori izan zen bere lanik garrantzitsuena, erbestean zegoela landu zuena; hain zuzen, herri xehearentzako antzerki baten jorratzea; ikuspegi ezkertiar-iraultzaile baten zantzu argiak izanen zituena. Horrek antzerkigintzaren politizazioa bultzatu zuen. Hots, antzerkigintza bera borrokarako eta eraldaketa sozialerako tresna bilakatu zuen.
Beste hainbat arlotan ere aritu izan zen idazle, ipuin-idazle, antzerki-zuzendari, antzerki-idazle… Dena den, zerbaitek bilakatu bazuen erreferente ukaezin, horiek bere zapalduaren antzerkiaren liburuak dira. Egun, mundu osoan zehar lau haizetara edatu den metodologia dugu.
Antzezlanak taldean sortu ohi dira, oinarritzat gertaera errealak eta giza-talde bateko ohiko arazoak hartuta; hots, bereizkeria, sasiusteak, biolentzia, intolerantzia… Antzerkiak, orduan, sistema aldakor baten itsura hartzen du, antzerkigintza terapia, aktibismoa eta hezkuntzaren bateragune izateraino.
Denboraren baitan, ordea, aldatzen eta garatzen joan da teknikoki eta helburu berriak bereganatu ditu; gero eta konplexuagoa den gizarte baten arazoei are eta erantzun doituagoak ematera iritsi ahal izateko.
Zertan datza zapalduen antzerkia?
Zenbait arte mota ezberdinetatik edaten duten irizpide estetikoak dauzkan antzerkigintzaren formulazio teoriko bat dugu. Bere baitan hainbat jolas, ariketa eta teknika biltzen ditu, parte hartzen duen ororen desmekanizazio fisiko eta intelektuala bilatzen dutenak. Baita, noski, antzerkiaren demokratizazioa ere.
Helburuei begira jarrita, arazo sozial eta intrapertsonalak lehen lerroan jartzea eta beroiek konpontzeko modu ezberdinak berpentsatzea bilatzen du batetik; hori dena antzerkigintzatik eta teknika dramatikoak baliatuz. Bestetik, aktoreak ez diren horiei haien bizipenak mahaigaineratzeko aukera eskaini nahi die, horretarako antzerkia baliabide aproposa dela ikustaraziz. Hori izanen da, gure ustez, antzerkia herritar ororen eskuetan jartzeko modurik esanguratsuena. Gainera, bere alderdi pedagogiko, sozial, kultural, politiko eta terapeutikoek ikuslea “ikusle aktibo” bilakatzea bilatzen dute; horretarako, jardun dramatikoaren bitartez, ikusleak bere iraganaren inguruko gogoeta egitea nahi da, bere orainaldian eragiteko kapaza dela ikusi eta bere etorkizuna aldatu dezan. Beste helburuetako bat botere-harremanen inguruko gogoetak piztea da, zapaldu eta zapaltzaileen arteko istorioen interpretazioa burutuz eta ikuslea beroietan parte-hartzaile bilakatuz.
Helburuekin jarraituz, esan gabe doa egunerokoan bizi ditugun zapalkuntza-egoeren aurrean pentsatzen jartzea eta horiek konpontzeko bide ezberdinak aztertzeko gogoetak bultzatzea izanen direla, orokorrean, eraldaketa sozialerako baliagarrienak. Teknika honek dinamizatzea du xede, jendea mugiaraztea nolabait. Ekimenetara, hurbiltzea eta beroietan parte hartzera bultzatzea.
Antzerki periodistikoa
Diktadura militar betean jaiotzen da, kontzientziaziorako tresna eta hezkuntza-baliabide gisa. Egunkarietako albisteak antzerkigintzaren medioz transformatzeko saiakera da; jendeari bere arazoak lantzeko beste baliabide bat eskaintze aldera. Antzezlanak benetako diskurtso, idazlan, elkarrizketa, eskuorri, testigantza, argazki, bideo… eta halako dokumentuz osatutako muntaiak izan ohi dira.
Helburua: ikuslea egoera politiko eta sozialarekiko sentsibilizatzea. Baita aurkezpen eszenikoaren bidez, testuari dimentsio estetiko eta formala eranstea ere.
Antzerki ikusezina: aktibismo politikoa
Abya Yalako erregimen diktatorialen errepresioaren kontzientziazio proposamena da. Bat-bateko eszenak proposatzen ditu; antzokitik kanpo eta ikuslea izango dela ez dakien jendearen begien aurrean, leku publikoetan. Ikusleak une eta leku jakin horretan egonen diren pertsonak izanen dira.
Helburua: bidegabekeria sozialak ikusgai jarri eta jendearen ahotan jartzea. Eztabaida publikoa hauspotzea bilatzen da.
Antzerki irudia: gorputz-hizkuntza
Ahozkotasunetik haratagoko komunikazio bideak eta gorputz-adierazpenaren, koloreen eta objektuen bidezko pertzepzioa garatzen ditu. Gorputza izanen da tresnarik esanguratsuena. Irudiaren egia da bidea, ez egiaren irudia.
Helburua: Parte-hartzaileak pentsatzera bultzatzea, irudien bitartez, arazo bat eztabaidatzera.
Antzerki foroa: askapen antzerkira bidea
Sorkuntza kolektiboarekin lotua, antzezlanaren jomugan dagoen komunitatearen ezinegon, arazo eta asmoetatik sortzen da. Talde batek ikusleak izango direnei elkarrizketak egiten dizkie, haien testuinguru naturalean. Behin antzezlana burututa ikusleek aktore gisa parte hartzeko aukera daukate. Gainera, jolas eta ariketak gehitzen zaizkio antzezlanari.
Animatzaileak, antzezlana hasi aurretik, zapalduen antzerkiaren etapa ezberdinak azaldu eta zenbait esperientziaren berri ematen dio ikusleari, konfidantzazko giro bat lortze aldera. Gero, aktoreek zapalkuntza egoeraren inguruko 10-15 minutu bitarteko antzezlana prestatzen dute. Bertan, pertsonaia nagusiak erabaki oker bat hartuko du. Antzezlanak zalantzak eta ezinegonak izango ditu beregan, ikusleengan erabakiak eta erantzunak piztea bilatzen du. Horretarako, aktore bakoitzak bere pertsonaiaren paperean murgildu beharko du, ikusleen esku-hartze orori aurre egin ahal izateko.
Lehenengo errepresentazioaren ondoren, coringak (Jokerra) proposatutako irtenbidearen inguruko eztabaida proposatuko du ikusleen artean, gehienetan irtenbidearen aurka agertuko direlarik. Eszena berriz ere antzezten da, aurreko aldiko modu berean, baina ikuslea parte hartzera gonbidatuz eta nahi duen aktorea ordezkatzeko aukera emanaz. Horrela, ordezkatuko duen pertsonaiaren gidaritza bere esku geratuko da, zapalketa egoeraren aurrean egokien ikusten duena egin dezan. Baldintza gisa antzeztea eskatuko zaio, ez bakarrik hitz egitea, eta hartu duen pertsonaiari dagokion jarrera eta motibazioa bere horretan mantendu beharko ditu. Hots, pertsonaia zapalduarekin parekatzea eskatuko zaio.
Konponbide ezberdinei alternatiba propoposatzeko ideia adina antzezpen egingo dira, ikusleak animatuz. Zapalkuntza egoera hausten den unean saioa amaitutzat ematen da, ikusleen proposamenetatik etorkizuneko egoeretarako ekintza eredu baten osatzea proposatuz. Baliteke konponbide on baten aurrean egon arren, horrek ez balio izatea pertsonaia eta egoera ororen aurrean. Hala ere, eztabaida piztea da garrantzizkoena, fikzioan sortu izanagatik ere errealitatean lekukotuko baita. Finean, errealitatean eragitea bilatzen da, ekintza horien errepikatzearen bitartez.
Helburua: pertsonek kontzientzia sozial eta politikoa garatzea.
Desiraren ortzadarra: antzerkia eta terapia
Foroak derrigorrean eskatzen ditu emakumeak eta gizonak, bakarka eta kolektiboki: psikologiko eta sozialki. Zapalduen antzerkiaren alor berrian azterketaren fokoa norbanakoan eta barneratutako bere zapalkuntzetan jartzen da teknika introspektiboen bidez. Boalek barne-pertzepzioari begirako estrategiak garatu zituen, garunaren gaitasun gogoetatsuan oinarrituta.
Antzerkiaren eta terapiaren arteko uztarketa da, antzerkiaren teknikak baliabide gisa erabiltzen dituena osasun pertsonal eta kolektiboa helburu.
Helburua: jendearen arazo psikologikoak ulertzea eta aktoreei euren pertsonaia osatzeko baliabideak ematea.
Antzerki legegilea: desira lege bilakatua
Demokrazia indartzeko xedearekin antzerkia testuinguru politikoan erabiltzea bilatzen du. Antzerkigintzari aldaketa sozialerako gaitasuna aitortzen dion metodo eta esperimentua da. Boalek bere gobernurako oinarriak bertan aurkitzea bilatzen zuelako jarri zion izen hori. Antzerki legegileak herritarra legegile bilakatzea du helburu. Hortaz, legegileen laguntzaz osatuko lirateke legeak.
Helburua: desira lege bilakatzea eta demokrazia ordezkagarria eta demokrazia zuzenaren artean aukera berri bat bilatzea. Horrekin kolektibo zapalduenen bizimoduan positiboki eragitea.
Zapalduen estetika: antzerkiaren mugetatik haratago
Helburua: parte-hartzaileen bizitza intelektual eta estetikoan eragitea. Pertsona orok dauka aktuatzeko eta bere aktuazio propioan ikusle izateko gaitasuna. Horrekin, bere ekintzen gaineko ulermena eta kontzientzia garatzen du. Helburu nagusia pertsonak mundua artearen bidez antzemateko daukan gaitasunaz jabetzea da, ez bakarrik antzerkiaren bidez, artearen baliabide guztien bidez baizik. Hitza, soinua eta irudia baliatzen ditu, margolan, eskultura eta argazkien erabilpenaren bidez.
Zapalduen antzerkia helburu nagusia dauka ikusleen pareko errepresentaziotik haratago: aldaketa soziala. Gainera, biderkatzaile ere bada, elkarreragina sortzen baitu taldeetan. Talde horietan eragitea bilatzen du, bizi duten zapalkuntza egoera ikustarazte aldera, eztabaida soziala hauspotzeko eta talde izaera hori nabarmentzeko. Horrez gain, kontsumorako baliabide hutsa izatetik urruntzen du antzerkia bera.
Gizartea zapaltzaile eta zapalduen artean banatzen dena onartzen du zapalduen antzerkiak; zapalkuntza egiturazko afera bezala ulertzen du eta zapaltzaileen estatusa mantentzeko ezinbestekotzat dauka. Horrekin lotuta, prozesuan zehar zapalkuntza hori identifikatu eta zehazteko lana nahitaezkoa dela esaten da, testuinguruan kokatzea hain zuzen. Hortaz, zapalduen antzerkiak ikerketa eta hausnartze lan sakonak eskatzen ditu, hutsalkerietan erori gabe.
Julian Boalen hitzetan bereizketa ikusi daiteke zapaltzaile konplize eta muturreko zapaltzaileen artean; egitura zapaltzaile horren menpe, zapaltzaile izatera bultzatuak direnen eta egitura horren iraupenerako lanean diharduten horien artean hain zuzen.
Zapalkuntza egoera horien ulermenean beste gakoetako bat horien izaera sistemikoarena da, adibide pertsonaletan geratzetik aldendu beharko gintuzkeena. Zapalduak maiz dauka zapalkuntzaren ardura beregan hartzeko, egoera orokorraren ikusteak lagundu behar luke hori apurtzen.
Zapalduak bere egoera aldatzeko borrokatzeko grina behar du antzerkiaren alor honetan. Biktimaren paperak ez du balio, bere egoera latza ikustarazteko ez bada, ez dakarrelako indarrak metatzeko eta aldaketa sozialerako indarrik sortzeko aukerarik. Biktimaren egoera ikustarazteak balio dezake biktima horren ahalduntzerako baina egoerak eskatzen duen aldaketa bere baitan kokatzea ekarri lezake. Hortaz, biktimizazioa ukatzetik hasten da ahalduntzea; karitatea elkartasunagatik ordezkatzera bultzatu gaitzakeena.
Beste figura bat alienatuarena da, hori ere ez da pertsonaia egokitzat ikusten. Alienatuak bere interes pertsonalak jarriko ditu zapalduaren arrazoien aurretik. Zenbait lanek, Zapalduen antzerkiaren baitan, bultzatu dezakete alienatua kontzientzia hartzera.
Finean, zapalduaren ahalduntzean sakontzeko baliabide gisara azaltzen da Zapalduen antzerkia bera. Horrez gain, elkarrizketa sortzea bilatzen du, aktore eta ikusleen artean. Ez da aldebakarreko mezua ematen, eraikitzen joaten da elkarreraginean. Botere harremanak zalantzan jartzeko abiapuntu ona izan liteke. Ikuslearen aktibaziorako abiapuntua, paper pasiboa ez eskaintzea da. Horrekin, ikusten dugu prozesuan zehar ikusleak elikatzen dituela antzezlana eta mezua.
Aktore-ikusleen kasuan, identifikazio prozesu ezberdinak eman daitezke; batetik, identifikazio zuzena geneukake, pertsonaiaren zapalkuntza egoera beregan identifikatzen duen ikuslearen kasua litzateke. Autoreak ezin hobetzat jotzen du perfil hau. Beste identifikazio bat, zuzenean berari ez gertatu izanagatik ere, zapalkuntzaren nondik norakoak ezagun batengan identifikatzen dituenaren kasua litzateke. Hau ere nahiko perfil egokitzat ulertzen da. Azkenik, identifikatzen ez den ikuslearen perfila geneukake, zapaltzaile ere izan litekeena da. Kasu honetan antzezlanean eztabaida pizteko aukera eskaintzen duen pertsona batez ari gara.
Oro har, esan daiteke ikusle mota ezberdinen aniztasunak indartzen duela antzezlana, eztabaidagaiak zentzua hartzen du eta ikuspuntu ezberdinek elikatzen dute eztabaida bera. Ikusle-aktoreak, dena dela, zapalduaren paperean lan egitea komeni da antzezlanak zentzua har dezan, ez zapaltzailearenean. Izan liteke, agian, zapalkuntza-jarreraren barruko logika lantzeko modua. Sekula ez bilatzen den aldaketa edo emantzipaziorako urratsa.
Beste pertsonaietako bat konplizearena izan daiteke, bere jarreraz zapalkuntza bera balioztatzen duena. Gelditasunetik bermatzen du zapalkuntza eta bere pribilegioen inguruko gogoeta bultzatzeko erabili daiteke pertsonaia.
Kontuan hartzeko beste irizpide bat zapalkuntzen garrantzizko trataera izanen da, hots, zapalkuntza jakin bat landu nahi den heinean, pertsonaiaren bizkarrean beste zapalkuntza-egoera batzuk metatzeak indarra kentzen dio zehazki landu nahi den gaiari.
Zapaltzailearen pertsonaiak, bere aldetik, lanketa handia eskatuko du aldez aurretik, aktore-ikuslearen aurrean inprobisatzea tokatuko zaiona baita. Hortaz, zapalkuntzaren nondik norakoak eta egoeraren eragileak argi izan beharko ditu aktore honek. Gainera, aktore honek zapalduarekiko jarrera egokia izan beharko du; horretarako ekidin beharko ditu erantzun goxoegi eta zakarregiak. Tarteko bide batetik ekin beharko dio egoeraren konponketari.
Jokerrak, aldiz, antzezlanaren prestaketan, antzezpenean eta eztabaidaren bideraketan parte hartuko du. Jokerrak neurtuko ditu ikusleen gaiarekiko interesa eta enpatia. Gero, berak kudeatuko ditu eztabaida eta irtenbideen inguruko gogoetak. Hauek izanen dira lehenik eta behin planteatuko dituen galderak: Hau benetan gertatzen ote da? Erreala ote da? Ikusle-aktorea oholtzaratu aurretik, proposamenak entzun eta egokiena zein den hausnartu beharko du jokerrak.
Geroko galderak hauek izan daitezke: Nor da zapaldua? Nork pasako du gaizki? Zeinek alda ditzake gauzak? Nork dauka gauzak aldatzeko gogoa? Funtsean, galderen bidez zapalkuntzaren benetako parametroetara bultzatuko dira ikusleak, haien zapaldu egoeraren jabe egin arte. Parafrasiak ere egokiak dira bideratze horretarako. Ikusle-aktorearen esku-hartzearen ondoren, ikusleei galdetuko zaie esku-hartze horren inguruan; ea egokia iruditu zaien edo ez. Horrek markatuko du antzezlanaren erritmoa, bidea eta bukaerako antzezlana.
Orokorrean, arruntena jendeak parte hartu nahi izaten duen arren, gerta liteke lotsa edo beste mugaren bat tarteko, inork atera nahi ez izatea. Horrelakoetan, taldeka jartzea komenigarria izan daitekeela esaten da.
Horrenbestez, Jokerrak ildo finko bat mantenduko duela argi egon arren, ezingo da egiaren jakitun bakarra bezala agertu. Horrek, hain zuzen, berriz ere botere-harreman batean jarriko lukeelako ikusleekiko.