Gurpilduna, eskuan hartzekoa, poltsa itxurakoa… maletek forma ugari izanagatik ere funtzio bera daukate; beharko ditugunak bidaierako bildu eta garraiatzea. Beharko dugu hortz-eskuila, xaboia, toalla, barruko arropa… baina ez dira kuleroak izanen barruko kontuen artean barrukoenak. Beldurrak izanen ditugu maletan barrena, aurreiritziak, oroitzapenak, minak, haserrea… baita ilusioa eta esperantza ere.
Maletak ihes egiteko balioko digu, behar horiek berdindu nahi izan gabe, ihes egin genezake goseteaz, gerraz, errepresioaz edo, adibidez, lanaren edo zaintza-lanen estresaz. Eta bai, denok behar dugu, tarteka, ihes egitea. Aldiz, zenbaiten beharra ez daukagu zilegitzat, zertara datozen zalantzan jartzen dugu. Egoera horri buelta emateko saiakera txikia izanen da antzezlan hau. Haurrekin zenbait diskurtso xenofobo zalantzan jarriko dituen oinarria lantzeko bide emanen digun antzezlana, bide batez, helduen kontzientzia kitzikatzeko baliagarria izanen dena. Dramatizaziorako bide honetan, bigarren ziklora zuzendatuko obra proposamena aurrera eramatea izango da gure helburua, baina adingabeko obratzat definitzen dugu; hau da, helduentzat nola haurrentzat ere. Umeak erdigunean jarri izanagatik ere, ez ditugu gaia jorratzeko beste ikuspuntu zenbait ahaztuko, helduok jasoko ditugun komunikazio bide ezberdinak, haurren hizkuntza ahantzi gabe, helduontzako mezuak baliatuz. Ikuslegoaren adinaren arabera zein bakoitzaren maletaren arabera kutsu ezberdinak hartu ditzakeelarik.
Hala, haurrekin komunikatzeko bideak esploratzeko saiakerak helduekin komunikatzeko bideak topatzera bultzatuko gaitu. Bi hizkuntza horien artean oreka mantentzeko saiakera izanen da antzezpena bera. Bide batez, ezingo dugu ahantzi unibertsitate-girora egokitu eta guk antzeztu beharko dugun antzezlana izanen dela.
Sesmak (2018) ematen digu buruan generabilkigun ideia bati buruzko erantzuna: istorioaren gordintasuna estali behar ote dugu haurrak babesteko? Egia izkutatu behar al diegu haurrei? Eduki sozial eta politikoa alboratuko ote dugu estetika eder baten zainketarako, haurrak entretenitzeko zerbait egitearen izenean? Ezetz uste dugu baina argi daukagu kontakizunen gordintasuna neurtzen asmatzea egokituko zaigula. Diskurtsoaren tinkotasuna mantentzeko baliabide gisa erabiliko ditugunak ez dira diskurtsoan bertan oinarrituko, baliabide artistikoetan baizik.
Horrenbestez, antzezpen baten sorreran murgilduta gaudela esan dezakegu. Baina, zergatik Haur Hezkuntzarako adierazpen dramatikoko proiektu bat? Zertarako? Onievak (2011) Tejerinak esandakoaren interpretazioa eginez, Haur Hezkuntzan antzerkiak eta, oro har, jolas dramatiko orok betetzen duen funtzioa oso esanguratsua dela dio, jolasa pedagogiaren barneko atal bat hartzen duelarik. Haurrek jolasa birsortuz, ulertzen eta asimilatzen erraza ez den mundu batetik hartutako jarrerak, ereduak eta portaerak erreproduzitzen eta interpretatzen dituzte (Abad, 2009).
Ruiz de Velasco eta Abaden (2011) aburuz, jolasak plazerra bermatzen duen heinean, adierazpenerako, esperimentaziorako eta sormenerako baliabidea da. Era berean behar biologikoa da, emozioei lotura estua duena. Horren harira, jolas sinbolikoaren bidez, egunerokotasunean bizi dituzten egoera zein ekintzak errepresentatzen dituzte, errealitatea eraldatzen dutelarik horretarako. Hau horrela izanik, jolas dramatikoak haurra errealitatetik irten eta mundu pentsatu batera bidaiatzera bultzatuko du. Jolasak narrazioaren “bazen behin” hori baimentzen du, haurrek, ekintza kultural gisa, istorioa jarrai dezaten jolasaren bitartez. Helduak proposatu eta haurrak hartu (Abad, 2009).
Abstrakzio horrek lan kognitiboa eskatzen du, irudimena ere indartuz. Guzti horren ondorioz, lotsa, konplexuak, emozioak, sentimenduak… plazaratzen dituztelarik eta konfiantza eskuratzen dutelarik (Vizcarra, 2014). Antzezpen ezberdinek haurraren inguru sozial eta kulturalarekin harremana izanen dute eta horiek ulertzeko bide emanen dio haurrari, baita beste errealitate batzuk ezagutzeko ere.
Noski, gorputz-adierazpenaz eta antzezteaz ari garen heinean, euren burua hobeto ezagutzera bultzatuko dituen ariketa baten aurrean aurkitzen dira haurrak, komunikatzen ikasteko ere baliagarria izanen zaiena. Hezkuntza arautuaren esparruari begira jarrita, azken honek garrantzia hartuko du heziketa eta garapen integral batean benetan sinetsiko bada. Gainera, ezingo da ahantzi antzezpena lan kolektiboa dela, elkarlana garrantzitsua izanen dela proiektu osoan zehar eta, horrek, besteak entzun eta kontuan hartzera bultzatuko dituela haurrak. Aldi berean, ezin da ahaztu 2-7 urte bitartean jolas sinbolikoak hartzen duela garrantzia jolasean. Hala, jolas sinboliko ezberdinak zerbaiten itxurak egitean dautza (Moreno, 2016). Eszenatokiak horretarako aukera eskainiko die, mozorratu, ahotsak aldatu, mugitzeko era berritu, harremantzeko modu desberdinak balioztatu edo pentsatzeko aukerak aurkitzekoa (Palou, 2004). Haurra norbanako gisa ulertzen du ikuspuntu horrek. Ekintzatik, elkarrekintzatik eta, hortaz, gorputzetik abiatzen da, psikismoaren adierazle eta garapen gisa (Wallon, 1942).
Bestalde, garrantzitsua izanen da haurren lotsa eta mugen barneratze-prozesuan eragiteko, batik bat, talde-izaeran eraginaz (Tauste, 2014). Horrenbestez, antzerkigintzak horretan eragiteko aukera eskainiko digu. Bide horretan, antzezpen ororen espresio artistiko orok haurren talentu eta gaitasunak azaleratuko ditu, lotsa eta mugen ikuskera aldatuz eta talde kohesioan eraginaz baita komunikaziorako eta elkar ezagutzeko beste testuinguru batzuk eskainiz (Chalmers, 2011).
Aipatu nahiko litzatekeen antzerkiaren beste alderdi nagusietako bat enpatiaren lanketa da, ezein gizarte eraldaketarako nahitaezkoa izanen dena; haurrak, batzuetan literalki, besteen azalean jarriko dira. Besteen ikuspuntutik hitz eginen dute, besteen arazoak eurenak bailiran biziko dituzte… (Chalmers, 2011). Hau da lanketarik garrantzitsuenetako bat gure ustez, baldin eta benetan uste badugu egungo gure gizarteak errotiko aldaketak behar dituela.
Beste argudio garrantzitsu bat antzezlan bat prestatzeak eta aurrera eramateak eskatzen dituen baliabide ekonomiko urrietan estaltzen da, horrek aukera emanen digu ezein eskola eta ezein testuinguru sozioekonomikoan lanketa potente bat egitekoa. Dena dela, ez dezagun ahaztu haurrek dramatizazioa jolasetik ezagutu behar dutela, jolasa izanen dela ikaspenerako bidea. Bestela, beste argudio guztiek gutxirako balioko digute.