Prozesua eta emaitzarekin gertatutakoa
Prozesua hastean, oso argi geneukan landu nahi genuen gaia, ez hainbeste nola landu nahi genuen ordea. Lehen gidoi dramatikoan oso zuzen eta argi adierazten genituen helarazi nahi genituen ideiak eta istorioaren nondik norakoak. Haurrei begirako antzezlana izaki, hitz gehiegiko lana zela argi utzi zitzaigun, hizkuntza eliptikoa falta zitzaigula alegia.
Gidoiari hainbat alditan aldeketak egin behar izan genizkion, pertsonaia guztiek esan nahi zutena esateko ekintzak gehituz. Dramatizazio tekniken, hondoen eta irudien bidez, bai eta musikaren erabileraz baliatuz. Batez ere, entseguak izan ziren, aldaketak funtzionatzen zuten ala ez jakiteko errekurtso aproposena, baita beste aldaketa askoren abiapuntua ere; frogatuz konturatzen baikinen zein aldaketa ziren aproposak eta zeintzuk ez.
Amaieran, antzezlan landu bat osatu dugulakoan gaude, izan dugun denbora kontuan izanik haurren aurrean antzeztu daitekeen lana dela pentsatzen dugu eta. Hasierako gidoia eta lortu dugun gidoia konparatuz, alde handia ikus daiteke, dramatizazio prozesuan ikasi dugun guztia praktikan ipini dugula deritzogu. Betiko gaiak alde batera utziz, gai sakonagoak eta gure errealitatean, zoritxarrez, gertatzen direnak azaleratzeko erraminta egokiak aurkitu ditugula iruditzen zaigu eta dramatizazioaren bidez gai anitz plazaratu daitezkeenaz konturatu gara.
Zer genekien eta zer ikasi dugu
Antzerki tradizionala geneukan buruan eta antzerki/dramatizazioaren beste era batzuk aurkitu ditugu, komunikatzeko bide anitz ireki zaizkigularik. Teknikoki, ezer gutxi genekien dramatizazioaren inguruan, eta aurretik zetorkigunaren atzean ezkutatzen zena, alegia, ezezaguna zitzaigun erabat. Lan honekin, prozesuaren kontzientzia hartu dugu, antzezlan batek daukan lan zama ezagutu dugu, atzetik daukan lan ikaragarria bizi dugu, elkarlana, kooperazioa, frustrazioa, birmoldaketak, buruhausteak...ezagutu eta bizitzeaz gain, gainditu ere egin ditugu. Gorputzak mugitzeko, gorputz-jarrera desberdinek trasmititzen dituzten mezu desberdinak ere aurkitu ditugu, nola mugitu eszenatokitik, nola kudeatu espazioa, egoera desberdinak nola kudeatu. IKTek ere lehioak ireki dizkigute komunikatzeko bidea erakutsiz, irudien garrantzia azpimarratuz, gure kasuan ezinbestekoa izan direlarik. Izan ere, gure obran, irudiek, testuingurua jartzeaz gain, errealismoa ere eman diote istorioari, ikusleen artean kontzientzia sortuz. Beraz, guretzat, proiektore eta IKTen presentziak berebiziko garrantzia izan du. Itzalek daukaten indarra aurkitzeko ere baliagarria izan zaigu, horiekin jolastuz sortutako irudiak sendotu egin baitu istorioa.
Alde batetik, gidoi bat nola egin ere ez genekien, nola deskribatu, nola jarri pertsonaiak, argiak... azken finean, gidoi bat egiten ikasi dugu, argiekin nola jolastu eta horiek nola kudeatu, janzkerak eta atrezzoak daukaten garrantzia bizi izan dugu, mezua zein puntutaraino indartzen duen deskubrituz. Ikasturte honetan, gainera, ahotsaren proiekzioak hartu du berebiziko garrantzia. Normalean, dramatizazio eta antzezpenetan, ahotsaren proiekzioak garrantzia dauka, baina, aurten, Covid-19ak sortutako ondorioak kontuan hartuta, are gehiago, muxukoen atzean ahotsa giltzaperatu eta hau askatzeko, proiekzio ozenagoa behar baitzuen.
Beste alde batetik, estetikak antzezlanean garrantzi handia daukala aurkitu dugu, plazaratzeko garaian igorritako mezuak indartzen zituelarik. Hau da, hondoak txuri-beltzean jartzeak, istorio erreal bezain gordinari laguntzen zion, gordintasun horrek kolore biziekin indarra galduko luke. Berdina gertatzen da hasierako Performancearekin, bertan, errealismoa ardatz harturik, gerra-lurraldeetan bizi direnen etxe edo herriak aurkeztu nahian, dauzkaten errekurtso gutxi horiek erabilita, egunerokotasunean aurrera egiteko behar dituztenak errepresentatuz.
Hobetzekoak eta aldatzekoak
Lehenik eta behin aipatu nahiko genuke aurtengo egoera ez dela ohikoa izan eta horrek zenbait oztopo ekarri dituela. Horrekin ez dugu esan nahi honetzekorik ez daukagunik, argi da baietz, baina aurretik aipatu nahiko genuke egoerak ekarritako zailtasunek euren eragina izan dutela. Alde batetik, gure K6-a prestatzeko debora murriztua izan dugu, eta bestetik, gure obraren kalitatea ez da ehuneko ehuna izan Covid-19a dela eta, baldintzatuak egon garelako, adibidez, musukoa aurpegian eramatean. Musukoa eramateak aurpegi-adierazpena izkutatu egin du hein batean, eta adierazi nahi izan genuen mezuen alderdi bat hartzaileek ezin izan zuten pertzibitu. Edo, agian, guk ez genuen jakin beste nolabait transmititzen. Nahiz eta, ikasturte hau nahiko gogorra izan, uste dugu gure obra nahikotxo egokitu dugula egoerara eta, oro har, nahi genuen mezua trasmititzeko kapazak izan garela.
Hobetze aldera, gure erronkarik handiena denboraren kudeaketa izan zen. Hau da, hasieratik oso lanpetuak egon garenez, ez dugu K6ak merezi duen denbora eskaintzeko aukerarik izan eta azken momentuan korrika eta presaka ibili ginen gidoia moldatzen. Horrek asko atzeratu gintuen entseguei begira eta, agian, hasieratik K6ari behar zuen denbora eskaini izan bagenio, lanean islatuko litzateke. Gainera, aipatzekoa da, oso exijenteak garela eta ikaskurteko beste lanei denbora gehiegi eskaintzeak K6an egoera hau bizitzera eraman gaitu.
Horrez gain, esan beharra daukagu antzezpenaren egunean ezustekoa gertatu zitzaigula, taldekide bat gaixotu egin baitzen eta egoera horri aurre egiteko gidoia azkenengo momentuan moldatu behar izan baikenuen. Egokitzapen horrek gure lanean eragin nabarmena izan zuen. Moldaketa hori ez genuen aurretik entsaiatu eta, urduritasuna tarteko, ez zen gure buruan irudikatzen genuen bezala atera. Hori publikotik igerri zelakoan gaude, pena izan zen hala tokatzea.