Irrati-iragarki laburrak oso garrantzitsuak dira zerbitzu eta produktuen publizitatea egiteko. Horien artean, irrati-etxea bera eta haren irrati-programak identifikatzeko eta jakitera emateko erabiltzen direnak interesatzen zaizkigu.
Irrati-iragarki horien ezaugarri nagusiak hauek dira:
Iraupena: oso laburrak izan behar dute (hamabost segundotik minutu batera bitartekoak).
Ulerterrazak: mezua komunikatzeko, esaldi laburrak, hitz arruntak eta ahoskatzeko errazak erabili ohi dira.
Erakargarriak eta hunkigarriak: entzuleari atentzioa eman behar diote, gogoan izateko eta erraz ikasteko.
Musika: testuari musika eta soinu-efektuak gehitzea komenigarria da, eragin handiagoa izateko.
Orain badakizue zer den irrati-iragarkia eta zein diren haren ezaugarriak. Ikasitakoa praktikan ipintzeko, zuek iragarkia egin baino lehen, iragarki batzuk entzutea eta aztertzea proposatzen dizuegu. Binaka jar zaitezte, eta web orri hauetatik edo zuek nahi duzuen irratietatik aukera itzazue hiru iragarki: Eszena digitala, Voz en off, Goear, 30 eskubideak beti eta Tres Tizas irratia. Gero, erantzun iezaiezue galdera hauei. Amaitu ondoren, erantzunak gainerako ikaskideekin komentatuko dituzue:
Zein irrati-iragarki aukeratu duzue?
Zenbat irauten du irrati-iragarkiak?
Nork hitz egiten du? Esatari batek ala batek baino gehiagok? Gizonezkoa/k ala emakumezkoa/k da/dira? Zein adinetakoa/k?
Zer esaten du? Zein motatako testua da (deskribapena, narrazioa, elkarrizketa...)?
Nola mintzatzen da? Zein da tonua? Nolakoa da bolumena? Umore kutsurik badago? Nolako ahotsa dauka (eztia, goxoa, ozena, sarkorra, zolia...)?
Zein motatako musika eta efektu-soinuak agertzen dira? Uste duzue soinu-banda egokia dela? Musika harmonian dago testuarekin?
Erraz gogoratzeko modukoa da irrati-iragarkia?
Irrati-iragarkiak ondo adierazten du plazaratu nahi duen mezua?
Besterik komentatu nahi duzue?
JARDUERA
Orain, zuen txanda da. Zuen institutuko irratia eta irrati-programak (albisteak, kirolak, elkarrizketak eta abar) hedatzeko iragarkiak sortuko dituzue. Horretarako pauso hauek eman beharko dituzue:
Lehendabizi, pentsatu eta idatzi testua: irratiaren izena, eslogana, etab.
Aukeratu soinu-banda eta soinu-efektuak .
Entseatu irakurketa : bolumena, tonua, denbora, ahoskera, etab.
Grabatu iragarkia, editatu eta musika eta testua nahastu.
Jarduera honek zuek sortutako irratia gehiago zeuenganatzeko balio du; gainera, ahozkotasuna, laburtzeko gaitasuna eta sormena landuko dituzue.