Eranskinak

 

1. ERANSKINA

Ganorazko esatari izateko beharrezko urratsak

 Irratian, telebistan, antzerkigintzan eta zinemagintzan lan egiten duten esatari, aktore, bikoiztaile eta hizlari guztiek aldez aurretik prestatzen dituzte irakurgaiak. Nork bere moduan, jakina. Baina guztiek oinarrizko urrats batzuk betetzen dituzte. Ikus dezagun, orain, oinarrizko pausoen zerrenda. 

1.    Idazkia gainetik irakurri, isilik.

2.    Berriro irakurri, oraindik ere isilik, baina astiroago eta ulertzen ez  den guztia azpimarratuz.

3.    Hiztegiaren laguntzaz, saiatu azpimarratutakoa argitzen eta mezuaz jabetzen, testua ondo ulertu arte.

4.    Alde teorikoan azaldutako aldaketa fonetikoak eta bustidurak  markatu.

5.    Erreparatu fonema txistukariei /z/, /s/, /x/, /tz/, /ts/ eta tx).

6.    Irakurri orain ahots gora eta arretaz, zailtasunez ohartzeko.

7.    Kontuan hartu puntuazio-markak eta horiek eskatzen dituzten tonu-aldaketak (harridura, galdera, azalpena...)

8.    Perpaus nagusiari eta menpekoari begiratu, eta ohartu haien arteko harremanaz.

9.    Markatu etenaldiak, sintagmaren osotasunari erreparatuz.

10. Berriro ahots gora irakurri, hori guztia kontuan hartuz.

11. Bortxazko ahots gorako irakurketa egin (mihia-eta lanera behartzeko, ahoskatzea eragozten duen zerbait ahoan: arkatza, adibidez).

12. Eta bukatzeko, azken irakurketa ahots gora egin.

 Gogoratu! 

·         Trebatu arte, pauso guztiak bete behar dira nahitaez.

·         Idazkiak prestatzerakoan, lerro bakoitzean ahoskaldi bakarra idaztea edo barraz markatzea komeni da.

·         Eta loturak, bustidurak eta abarrak esan behar diren bezalaxe idatziko dira; idazkerari dagokionez zuzena ez den arren, ahoskatzeko samurragoa eta moldaerrazagoa izan dadin.

Adibide gisa, Arantza Urretabizkaiaren Zergatik Panpox liburuaren pasarte bat prestatuko dugu, gero irakurtzeko.

 

Lantokira yoan baiño lehen, gosaldu beharko genuke,

burua pizkortuko didan kafesne bero bat, eta komunera yoan,

erne gaur, hillekoa etorri ote den.

A, a, a, maite dut ama. E, e, e, txikiak hemen daude.

Ea oraingo honetan hillekoa etorri zaidan.

Erosketak arratsalderako utziko ditut, hobe dut orain trankil gosaldu,

aparkatu eta gosaldu, kafesne hutsa, gerria arinduko badut.

Txema kafeterian topatuko banu, edo agian plazatik ateratzen.

Eztut uste bazkaria berak egingo duenik, ezta sekula arrautza bat frijitzeko gauza izan.

Esango nioke: istorioa ezta bukatu, baiña ahaztua dutzue lehengo usaiña,

parentesis bat ireki da, duzu, atea zabalik dago,

krisketarik gabe, zure usaiña ikasi behar dut, zure aurpegia galduko ezpadut.

 

Lerro bakoitzean ahoskaldi bakarra idatzi beharrean, marraz marka daiteke ahoskaldi-bitartea. Adibidez, honela jarrai dezakegu pasartea:

Esango nioke: zatoz,/ nire illeari lore usaiña dario,/nire bizitza zure sabelaren truke, / nire askatasuna zure ipurdi goxoaren truke. / Esango nioke: zer moduz,/ zuk bakarrikpizi nahi zenuen bizitza libre famatu hori,/ orain ere, lehengo lepotikpurua,/nire independentzia zurearen truke./ Edo, hobe:/ txikia ikastolan utzi dut oraintxe, / ikusi bazenu bere gerria dantzan, / eskuarekin agur egiten didanean,/ eztuzu horrelako semerik merezi,/ aitatasuna ezta gau batean zakila astinduzpetiko irabazten dentzerbait,/ zure meritu bakarra andrea ez izatea da,/ baiña eztuzu usaiñik utzi etxean, / aitatxo bai, pixka bat tardon da.

2. ERANSKINA

 

Audacity erabiltzeko tutoriala

Ezer baino lehen, Audacity izeneko soinu-editorea web-orrialde[1] honetatik deskargatu, eta zuen ordenagailuan instalatu behar duzue. Nahi baduzue,  bertsio eramangarria[2] erabil dezakezue).

1.    Grabatu. Mikrofonoa grabatzeko prest dagoela konprobatu ondoren, ireki ezazue Audacity programa. Grabatzeko, botoi gorrian klik egin; grabazioa amaitzeko, botoi horian klik egin; eta grabatutakoa entzuteko, gezi-buru berdean klik egin behar duzue.

 2.    Grabazioa editatu.  Grabazioaren emaitza hobetzeko, jakin beharko duzue, gutxienez, audioaren zati bat nola aukeratu, ebaki, kopiatu eta itsatsi.

a.    Zati bat aukeratu. Zati bat aukeratzeko, beheko irudian seinalatutako botoia aktibatu behar duzue. Gero, kurtsorea audio-pistan kokatu, eta –arratoiaren botoia askatu gabe– nahi duzuen tokiraino arrastatu. Beste modu honetan ere egin daiteke: hasierako muturrean klikatu, eta, “Mayús” tekla sakatuta daukazun bitartean, amaierako muturrean berriro klikatu.

b.    Ebaki eta kopiatu. Lehendabizi, ebaki edo kopiatu nahi duzuen zatia aukeratu behar duzue. Gero,  “Editatu” menua ireki, eta “Kopiatu” edo “Ebaki” aukera ezazue, nahi duzuena. Ebakitzeko artaziak ere erabil ditzakezue.

c.    Itsatsi.  Kopiatutako zatia txertatzeko, kurtsorea kokatu behar duzue itsatsi nahi duzuen tokian. Gero, “Editatu” menua ireki, eta “Itsatsi” aukeratu.

d.    Desegin. Egindako aldaketak gordetzen ez diren bitartean, desegin daiteke    botoia sakatuz.

 3.    Grabazioa gorde. Grabazioa hobetzeko lana geroago egiten jarraitu nahi baduzue, audio-artxiboa gorde behar duzue. Horretarako,  “Fitxategia” menua ireki eta, hor, “Gorde proiektua honela” aukera ezazue. Artxiboa “AUP” formatuan gordeko da. Artxibo hori bakarrik Audacity-rekin ireki eta irakur daiteke, soinua manipulatzeko artxiboa baita. Baina grabazioa amaitzen baduzue, eta edozein musika-erreproduzitzailerekin entzun nahi baduzue, esportatu egin beharko duzue “wav” edo “mp3” formatuan. Azken formatu horretan esportatzekotan –horixe gomendatzen dugu–, aldez aurretik LAME_ENC.dll izeneko artxiboa (plugin bat) instalatu behar da. Normalean, c:/Archivos de programa/Audacity/Plug-ins karpetan egoten da; horrela ez bada, Interneten aurkitu eta hortik deskarga daiteke.

4.    Audio-pistak nahastu eta bateratu. Lehenik, hautatutako audioak Audacity programarekin ireki behar dituzue; gero, “Lerratzeko tresna” erabiliz, irekitako audio-pistak mugi ditzakezue nahi duzuen ordenan jartzeko; ondoren, bolumena egokitu behar duzue, pista guztiak ondo entzun daitezen; eta, bukatzeko, gorde ezazue emaitza mp3an, lehen esan dugun bezala.

[1] http://audacity.sourceforge.net/download/

[2] http://audacity-portable.softonic.com/