Elkarrizketa albistegietako informazio-genero bat da, eta ataza honen helburua pertsona bat elkarrizketatzea izango da, hain zuzen ere. Baina, horretarako, genero horren ezaugarri garrantzitsuenetariko batzuk berrikusiko ditugu.
ZER DA ELKARRIZKETA?
Bi solaskide edo gehiagoren arteko hizketaldia da elkarrizketa. Eta, komunikabideei buruz hitz egiten denean (egunkariak, aldizkariak, telebista, irratia...), elkarrizketa kazetariaren eta pertsona bat edo batzuen arteko solasaldia da. Elkarrizketaren bidez, elkarrizketatuaren esperientzien, ideien, sentimenduen, gogoeten... berri izateko aukera izango dute irakurleek edota entzuleek.
ELKARRIZKETAREN ATALAK
Sarrera. Oso garrantzitsua da. Sarreran, elkarrizketatua aurkeztu behar dugu, eta haren biografiaren laburpen txiki bat egin. Horretaz gain, elkarrizketaren justifikazioa ere azaldu behar dugu, hartzaileen interesa modu erakargarrian pizteko.
Gorputza. Elkarrizketaren galdera-erantzunak agertzen dira hemen.
Bukaera. Elkarrizketa amaitutzat emateko, elkarrizketatuari eskerrak emango dizkiogu gure galderei erantzuteagatik, eta agurtu egingo dugu.
NOLA EGIN ELKARRIZKETA BAT?
Elkarrizketa ona egitea ez da batere erraza, baina, ahaleginduz gero, egin daiteke. Horretarako, honako pauso hauek gomendatuko dizkizuegu:
1.- Dokumentazioa biltzea guztiz garrantzitsua da. Hau da, lehenengo eta behin, elkarrizketatuari buruzko informazioa bildu behar dugu, ahal dugun hoberen ezagutzeko asmoz.
2.- Egingo dizkiogun galderak prestatu aurretik, pentsatu behar dugu zein izango den elkarrizketaren helburua, hau da, zein izango den gaia (pertsona horrek idatzitako libururen bat jakinaraztea, hark zuzendutako film bati buruz hitz egitea, lortutako kirol garaipen batez mintzatzea...).
3.- Elkarrizketaren gaia pentsatu ondoren, galdetegia prestatuko dugu. Horretarako, honako hau hartuko dugu kontuan:
Galderak zehatzak, argiak, laburrak eta ulertzeko modukoak izango dira beti.
Ahal den neurrian, galdera itxiak saihestuko ditugu, kasu horietan elkarrizketatuak monosilaboetan erantzuteko arrisku handia baitago.
Galdera topikoetatik ihes egingo dugu.
Hartzaileari interesatzen zaizkion galderak egiten saiatuko gara.
Aldez aurretik pentsatu dugun gaiarekin erlazionatuta dauden galderak baino ez ditugu planteatuko. Hala ere, elkarrizketaren amaieran Marcel Proust-en galdera-sorta bat egin ahal diogu gure elkarrizketatuari. “Marcel Proust” izeneko galdera-sortak idazlearen izena hartu du, hari egin baitzioten lehen aldiz elkarrizketa mota hori. Horretan, elkarrizketatuari galdera batzuk egiten zaizkio, azkar erantzun ditzan eta hartzaileek hobeto ezagu dezaten. Hementxe aurkituko dituzu adibide batzuk:
Zein da zure libururik gogokoena?
Musika gustukoena?
Zein da gizonaren nolakotasun preziatuena?
Eta emakumearena?
Zein da ikusi duzun azken filma?
Zeren beldur zara?
Zertaz damutzen zara?
Zure bertuterik onena?
Eta zure akats handiena?
Zein akats barkatzen duzu errazago?
Zer ez zenioke pertsona bati inoiz barkatuko?
Nor izango zinateke, aukera izanez gero?
Nor da gehien gorroto duzun pertsonaia historikoa?
Eta gehien maite edo miresten duzun pertsonaia?
Nola gustatuko litzaizuke hiltzea?
ARIKETA. Elkarrizketa zer den eta zer ezaugarri dituen ikusi ondoren, jarri binaka edo hirunaka, eta, behin elkarrizketa hauek aztertuta, bete ezazue taula. Horretarako, egin klik hementxe.
JARDUERA
Orain, elkarrizketa bat egingo duzue. Aukera ezazue zuen inguruko pertsona bat (institutuan edo institututik kanpo), eta elkarrizketa ezazue. Horretarako, zer esanik ez, kontuan hartu behar duzue hemen ikasitakoa. Eta, betiko moduan, saia zaitezte ahoskera ondo lantzen.