Zer da publizitatea?
Publizitatea jendea produktu edo zerbitzu bat kontsumitzera edo erabiltzera bultzatzea helburu duen komunikazio-tekniken multzoa da; helburu hori lortzeko egindako ekintzen multzoa, hain zuzen ere.
Publizitate motak
Helburua zein den kontuan hartzen bada, hiru mota ezberdindu daitezke:
· Publizitate komertziala, produktuen salmentari edo zenbait zerbitzuren kontratazioari zuzendua.
· Gizarte-komunikazioa edo publizitate instituzionala, biztanleen portaerari edo jarrerak aldatzeari zuzendua.
· Politika-propaganda. Helburua da gizarteak politikari eta gizarteari buruzko ideia jakin batzuk berezkotzat hartzea.
Publizitatearen elementuak
· Igorlea: mezua igortzen duena (publizitate-agentzia)
· Hartzailea: mezua jasotzen duena (iragarkia jaso behar duen publikoa)
· Mezua: iragarkia bera (telebistako iragarki bat, kartel bat edo irratiko iragarki labur bat)
· Kanala: mezua hedatzen duten komunikabide zabalak
· Kodea: iragarkiaren edukia edota ideia komunikatzeko modua
· Feed-backa: jasotako erantzuna (feed-back positiboa: erosketa; feed-back negatiboa: erosketarik ez)
· Iturria: mezua agintzen duen enpresa edo erakundea
Publizitate-mekanismoak
Publizitatean arreta erakartzeko hainbat mekanismo erabiltzen dituzte: batetik, iragarkiaren diseinua eta itxura, eta, bestetik, estrategiak eta gakoak. Baina iragarkia, kasu honetan, irratsaio baterako izango denez, gakoak baino ez ditugu aipatuko. Eta, gakoei dagokienez, hauexek dira publizitateak sorrarazten dizkigun sentimenduak: zoriona, maitasuna, adiskidetasuna, familia, erotismoa, maskulinitatea, feminitatea, independentzia, askatasuna, modernotasuna, aurrerabidea, edertasuna, estetika, abentura, estatusa, erosotasuna, ospea, gizatasuna, sentsibilitatea…
Iragarki ona egiteko modua
Ez dago errezetarik, ez formularik, publizitatea ez baita zientzia zehatza; badira, ordea, zenbait aholku gomendagarri. Aholku horiek ez dute bermatzen gure kanpainak arrakasta izatea, baina, kontuan hartzen ez baditugu, errazagoa izango da porrot egitea. Horregatik, iragarkiak idaztea eginkizun zoragarria da.
Informazioa biltzea
Lehenbiziko aholkua da sustatu nahi dugun gaia ahalik eta ondoen ezagutzea. Horretarako, ahalik eta informazio gehien bildu behar da. Horixe da iragarkiak antolatu ahal izateko dugun materiala.
Ideia guztiak idaztea
Esloganak pentsatzeari eta iragarkiak diseinatzeari ekin baino lehen, esku artean dugun informazio guztia prozesatu beharra dago, eta, gero, paperean idatzi behar da bururatzen zaigun guztia: produktuak zer abantaila dituen, iragarkia nork jasoko duen (publiko potentziala) eta gure proposamena zergatik den interesgarria (posizionamendua). Hala, apurka-apurka, ideiak argituko ditugu.
Eslogan ona hautatzea
Horretarako, hainbat aholku izan behar dira kontuan:
Eskaintza nagusiak esaldi horretan agertu behar du.
Esloganak albiste baten antzakoa izan behar du. Baldin eta kontatzeko zerbait interesgarria badaukagu, horixe da iragarkiak adierazi behar duena.
Ideia bakarra eskaini behar da, ikusleak argi izan dezan iragarkiaren funtsa zein den. Kontsumitzailea konbentzitzeko milaka arrazoi izan arren, bakarra aukeratu behar dugu. Argudio asko erabiltzen baditugu, kontsumitzailea nahastu egingo dugu.
Kontsumitzailearengan pentsatu behar da beti. Kontatzen dugunhori nola hautemango duen izango da gure kezka. Xumea ona da.
Argi uztea nori zuzentzen ari gatzaizkion
Motibatuta dauden kontsumitzaileek arreta handiagoz erreparatzen diete bilatzen ari diren gauza horri buruz mintzo diren produktuei. Adibidez, etxean labezomorroak ikusten ditugunean ohartzen ara badaudela labezomorroak hiltzen dituzten produktuei buruzko iragarkiak. Hori dela eta, iragarkiek hasieratik uzten dute argi zer eskaintzen duten, eta, hala, behar hori duenaren arreta erakartzen dute.
Ez da oso origina izan behar, azkenean, inork ez ulertzea gerta baitaiteke.
Irratiko iragarkien azterketa
Aukeratu irratiko iragarki bat eta grabatu, gero, ariketaren azalpenarekin batera gelan entzuteko.
Iragarkiaren azterketa hirukoitza egin behar duzu:
Sorkuntzaren esanahia eta azterketa
- Produktuari buruz zer esaten den, zein den saltzeko argumentua, produktuak zer balio eta ezaugarri dituen...
- Deskribatu produktuaren ezaugarriak nabarmentzeko aukeratu den sorkuntza-ideiaren garapena.
- Zein da aukeratu duzun iragarkiaren xedea?
- Baloratu iragarkiak zer helburu duen: konbentzitzea, limurtzea edo seduzitzea.
Errealizazioa
- Deskribatu irratiko lengoaiaren zer elementu erabiltzen diren: erritmoa, musika eta testua, intonazioa, bolumena, etab.
- Egokitu sorkuntza-ideiaren zerbitzura .
Komunikazio-eraginkortasuna
- Egin iragarkiaren publizitate-eraginkortasunari buruzko gogoeta, balio estetikotik harago.
-Sorkuntza-lanaren, entzunezkoaren eta iragarkiaren komunikazio-eraginkortasunaren arteko erlazioa.
Iragarki bat egitea
Ataza honetan ikusi duguna abiapuntutzat hartuta, eta aztertu duguna oinarri izanik, irratirako iragarki bat egingo dugu. Lauzpabost ikasleko taldeak osatu behar dira iragarki bakoitza egiteko.
Gogoratu esaera: "Goseak adimena zorrozten du". Publizitatearen historian, oso diru gutxirekin egindako iragarki bikainak daude. Kontuan hartu: ideia zenbat eta gehiago landu, orduan eta errazagoa izango zaizue argumentu sendoa eta xumea aurkitzea. Hala, baliabide gutxirekin iragarki ederra egin dezakezue.
Hona hemen urratsak:
1. Sorkuntza-ideia
Aukeratu iragarriko dugun produktua. Produktu hori oinarri hartuta, iragarkiaren edukia aukeratzeko sorkuntza-lan guztia egin behar da:
Produktua saltzeko argumentuak
Produktuak kontsumitzailearen aurrean duen posizionamendua eta zuzeneko lehia
Iragarkian nabarmenduko ditugun beharrak. Erabaki horiek oinarritzat hartuta, iragarkiaren ideia islatzeko, iragarkia azalduko duen literatura-gidoi xumea gauzatu behar da (testua eta eslogana)
2. Gidoi teknikoa egitea
Literatura-gidoi batean ideia islatuta, iragarkia planifikatu beharra dago: iraupena, musika, lokuzioak, etab. Horretarako, iragarkiaren gidoi teknikoa egin behar da, xehetasun horiek guztiak argitzeko.
3. Errealizazioa
Ikastetxeak dituen baliabideen arabera, talde bakoitzak iragarki bat grabatu behar du:
Iragarkia grabatu.
Iragarkiari soinua jarri, elkarrizketekin, off-eko ahotsekin, musikarekin eta efektu bereziekin.