GPSak aukera ugari ematen ditu Hezkuntzan, ikasleekin jarduera asko eta asko egin baitaitezke hura erabilita: teknologia berriak maneiatu, ikus-entzunezko material ugari kudeatu (bideoa, argazkia…), inguruarekiko zaletasuna eta jakin-mina indartu…
Gainera, irakasgaietan (zeharka zein zuzenean) txertatzeko aukera ematen du: Heziketa Fisikoan, Geografia eta Historian, Naturaren Zientzietan, Artean, Informatikan…; beraz, oso tresna eraginkorra bihur daiteke.
Baina, zehazki, zer landu dezakegu GPSa erabilita? Honako eduki zehatz hauek landu ditzakegu:
Koordenatuak eta koordenatu motak; koordenatuak GPSan, Geocaching-en, Google Earth-en eta beste programa edo aplikazio batzuetan nola erabili.
Triangelaketa eta puntu kardinalak.
Sateliteak eta satelite-sare motak (Galileo proiektua).
Mapa motak eta mapa-zerbitzuak: Google, SIGPAC, Foru Aldundienak eta Eusko Jaurlaritzarenak.
GPSaren erabilerak: militarra, komertziala, harremanetakoa, kiroletakoa eta Hezkuntzakoa.
Egindako ibilaldiaren parametroen kalkulua: distantzia, denbora, abiadura, perfila, desnibela…
GPSaren erabilpen ludikoa: Geocaching-a (aurkitu eta sortu).
GPSa erabiliz egiteko jarduera didaktikoak
Lan honetan, zenbait jarduera didaktikoren berri ematen da. Lagungarriak izan daitezke GPSa erabiltzen hasteko, eta, hortik aurrera, irakasleon esku geratzen da bestelako ekintza osagarriak egitea.
Ariketa horiek harreman estua daukate sitean agertzen diren edukiekin. Wikiloc, Google Earth, Geocaching… aplikazioak abiapuntua dira ariketak sortzeko. Adibidez:
Waypointa markatu: kokaleku horiek Natur Zientzietan, Artean, Geografian, Historian… txerta daitezke.
Balizko Ibilbideak sor ditzakegu, hainbat plataforma eta programa erabiliz. Hori egin eta gero, ibilbideak osa ditzakegu.
Geuk osatutako ibilbideak gorde eta edita ditzakegu.
Ikus-entzunezko material asko erabil dezakegu ibilbideen edizioan: argazkiak eta bideoak. Gainera, informazio interesgarria plazara dezakegu, testuak eta estekak erabiliz.
Hori guztia sarean parteka dezakegu, beste batzuek ikus dezaten.
Egindako jarduera guztiek ikuspegi ludikoa daukate, oso erakargarriak baitira.
Dagoeneko, ikastetxe batzuetan hasi dira horrelako lanak egiten, eta emaitza onak lortu dituzte. Adibideen atalean ikus ditzakegu.