1.1 Arkitektura

  • Arkitektura erromanikoa Cluny abatetxe frantsesean sortutako artea da. Erromesaldiekin lotuta dago, eta Erdi Aroko Europa banatu hartan aurkitzen den estilo uniformea da, tokian tokiko aldaerak baditu ere.

  • Arkitektura honetako eraikinik esanguratsuenak elizak dira, batez ere erromesaldietako katedralak edo herrietako eliza txikiak.

  • Elementu teknikoei dagokienez, erdi-puntuko arkua eta kanoi-ganga erabiltzen dira. Beste ezaugarri garrantzitsu bat hormen loditasuna da, eta baoen eskasia. Eraikinen euskarri gisa, kontrahormak erabiltzen dira, eta horrek zaildu egiten du leihoak irekitzea. Elizek latindar gurutze forma izaten dute, normalean hiru naberekin —erdikoa alboetakoak baino altuagoa eta zabalagoa izaten da—. Nabe nagusiaren perpendikularra den nabeak transeptu izena du, eta bi nabeak elkartzen diren puntua, gurutzadura. Gurutzaduraren gainean, dorre bat altxatzen da normalean. Elizaren buruari abside deritzo, eta biribila izaten da normalean.

  • Leiho gutxi daudenez, barrualdeak oso ilunak dira, eta otoitz egitera bultzatzen dute. Sinbologia ere oso garrantzitsua da arte mota honetan: lerro zuzenak aurkitzen dira lurrarekin loturik dauden elementuetan; zeruarekin edota jainkotasunarekin loturikoetan, berriz, (absidea bezala) lerro biribila erabiltzen da, perfektuena.

  • Dekorazioari dagokionez, arkitekturaren zerbitzuan daude eskultura eta pintura: eskultura fatxadako tinpanoetan eta zutabeetako kapiteletan erabiltzen da, eta, klaustroa baldin badago, bertako kapiteletan ere bai. Pintura absideen dekorazioan erabiltzen da. Bi manifestazio artistikoek helburu erlijioso-pedagogikoa dute.
ARTE ERROMANIKOA1