Kostaldera bidean lehen geldialdia Kortazubi udalerriko Oma auzogunean, bertan baso sorgindu bat ezagutzeko aukera paregabea baitaukagu: Omako Baso sorgindua hain zuzen ere.
Agustin Ibarrola izan zen artelan honen egile 1983 eta 1991. urteak bitarte.
Txoko ezin hobea zuen kamerak atera eta kolorez inguratuta argazki orijinalak bilatzeko. Nor ausartzen da?
Bigarren geldialdia, aldiz, Basondo Fauna Babeslekuan egingo dugu, jadanik Urdaibaiko biosferaren erreserban.
Basondo ez da zoologiko bat, mehatxatutako basafaunaren babeslekua baizik. Gure inguruko basanimali nagusiak aurki ditzazkegularik bertan. Halaber, gure lurraldean desagertuta dauden eta hurbiletik ikusi ditzazkezun beste espezie batzuk aurkituko dituzu ere, besteak beste, katamotza, otsoa edota bisonteak.
Basondo sakonki gozatu nahi baduzu, faunari buruzko gida, argazki kamera edota prismatiko txiki batzuk ekartzea izango da egokiena.
Eta azkenean itsasoa...
Mundaka kostaldeko herri ederra da, famatua surflarien munduan. Merezi du geldialdi bat egin eta Santa Katalinatik olatuak hartzen aritzen diren profesionalak ikusteak.
Ez gara luzaroan geldituko ordea. Gaztelugatxeko eskilara amaigabeak igotzeko denbora izan nahi baititugu behintzaz. Bertako ermitan 3 aldiz kanpaia jo eta neska edo mutil laguna lortzeko asmoarekin igoko da bat baino gehiago. Hori egin behar dela esaten digu behintzat kondairak.
Gaztelugatxetik, eguraldi ona lagun, ia euskal kostalde guztia ikusi daiteke.
Ia egun osoa itsasoa izan dugu bistan eta batek baino gehiagok izango du uretan murgiltzeko gogoa. Badira bi hondartza izugarri eder horretarako: Laga eta Laida.
Itsasoa harro badago ez dugu bainatzea gomendatzen, hobe Laidatik Urdaibaiko paduran barrena jo eta beste uretako ekintza bat egiteko aukeran pentsatu. Piraguan ibili, Stand-up paddle-a egin edota txorien migrazio garaian baldin bazoaz, prismatikoak hartu eta guretik pasatzen diren txori bidaiariei begiratu.
Bai, bai, bai! Urdaibai!