Gaur garraiobide ezberdinak erabiliz toki batetik bestera mugitzeko plana proposatzen dizuegu. Autobusa edo autoa hartu eta bagoaz Oiartzun aldera, han Tren Berdea daukagu esperoan.
Tren honek, gure hurrengo bi tokiak bisitatzera eramango gaitu Oiartzungo bidegorri ederretik barrena: Herri Musikaren Txokoa/Soinuenea lehena.
Soinuenea herri musikaren inguruko topaleku eta dokumentazio zentroa da. Bere jarduerak, arlo ezberdinetan, herri musika eta soinu-tresnak ezagutzera, ikertzera, zabaltzera eta sustatzera zuzenduak daude. Museo hau bisitatzeko, lehen geldialdia egingo du gure trenak..
Trena berriro martxan jarri eta bagoaz gure hurrengo geltokira: Arditurriko meategietara.
Penintsulan bi mila urte eta gehiagoz ia etenik gabe ustiatutako meategi bakarrenetakoa da Arditurri. Erromatarrak ere bertan egon ziren Aiako Harrien barrenak ateratzen. Ustiapen horrek ia gure garai artekoak izan dira, baina, gaur egun mineralak ateratzeari utzi eta interpretazio gune bat daukagu meatzeen kanpokaldean.
Baina, ez pentsa mendiaren barrenak ezagutu gabe geratuko zaretenik, kaskoak jantzi eta meatzeak bisitatzeko aukera izango baituzu nahi izanez gero. Guk, aukera ez galtzea gomendatzen dizugu!
Eta eguna bukatzeko... Plaiaundi bisitatuko dugu!
Plaiaundiko Parke Ekologikoa Bidasoa ibaiaren eta Jaizubia errekaren artean dago, Txingudiko Badiara begira, Irungo erdigunetik oso hurbil.
Inguru paregabe hau hegazti migratzaileen atsedenleku bihurtu da eta, gaur egun, balio natural handiko gunetzat dute nazioartean. Parkeak 24 hektareako hedadura du eta bi urmael daude bertan, uhate sistema baten bidez itsasaldien erritmoari konektatutakoak. Marearteko hondartza bat eta ur gezako aintzira bat ere baditu.
Parkearen sarreran, Interpretazio Zentroa dago eta, bertan, bisita gidatuak antolatzen dituzte taldeentzat. Halere, norberak bere kabuz egin dezake bisita, bi kilometroko ibilbidean argibideak eskaintzen dituzten 17 panel baitaude.