Ikastetxetik atera eta bide luzea dugu Orbaizetan kokatuta dagoen Orbaitzetako Arma Olan edo fabrika zaharrean lehen geldialdia egiteko. Arma Ola hau 1784an eraiki zen, Karlos III.a Espainiako erregearen aginduz, eta 1884an gelditu zen behin betiko. Nafarroako Gobernuak Kultura Intereseko Ondasun izendatu zuen 2008an eta izugarri polita da Arma Ola azpitik igarotzen den ibaia.
Orbaitzeta ikusi ondoren Azpegiko Cromlech-erako bidea hartu Arpea bisitatuko dugu. Arpeako koba artzainek erabiltzen zuten euren abereak ekaitzetatik, elurretik... babesteko. Izatez, Arpeara bidean goazela sorpresa polit bat izango dugu. Zein den jakin nahi? Ah! Bada.. bisitatu egin beharko duzu!
Eta Arpeatik... Zamarianera!
Zamariaingo behatokia Garaioa udalerrian dagoen behatoki bat da, Aezkoa ibarrean, Nafarroa Garaian. Bertatik, Irati ibaiaz gain, Aezkoako ibarreko pagadien eta Orotz-Beteluko hariztiaren ikuspegi bikainak ageri dira. Ohikoa da amildegiko harkaitz irten batean argazkia ateratzea. Garaioako haritza hurbil du. Aribe eta Garaioa herriak dira begiratokira iristeko ohiko abiapuntuak.
Eskolara itzultzen hasteko ordua, baina, bidean bi geldialdi geratzen zaizkigu. Lehena, Arbaiungo Arroilan.
Arbaiungo arroila Nafarroa ekialdean kokaturiko arroila da, Irunberritik 15 bat kilometrotara Nabaskoitzerako bidean. Isuko mendatean dagoen talaiatik arroila ikusteko modua dago, baita Usun herritik ateratzen den bidetik ere.
Zaraitzu ibaiak bertako kareharriaren erosioaren bidez eraturiko haitzebakia da, Irati ibaiara isuri baino lehen. Leireko mendilerroan dago kokaturik, 6 kilometro luze da eta ia 400 metrotako sakonera du puntu batzuetan.
Pirineoak urruti daude dagoeneko, baina, bidean Nafarroako zenbait toki ezagun bisitatzeko aukera dugunez, horixe da egingo duguna bueltan: Irunberriko Arroila.
Bertako aparkalekura heldu eta "Deabruaren zubiraino" joan etorria egitea proposatzen dizuegu, lasai joanda ordubeteko bidea beteko genukeelarik.
Pareta ikusgarriak bi aldetara eta erreka azpian dugula egingo dugu bidea putreen hegaldi ederren azpian. Hegazti hauek dira paraje hauetako errege. Dena den, bada ikustea zailagoa den beste putre espezie bat: Sai Zuria. Ea nork duen animalia hau bistaratzeko pribilegioa!