Erronkaren dokumentazioa ebaluatzeko taula

Erronkaren dokumentazioa ebaluatzeko taulak lagunduko ditu ikasleak, eta baita irakaslea bera ere; taula horretan agertuko dira ikasleek behar dituzten jarraibideak erronkaren gaineko dokumentazioa zuzen bete dezaten. Beste modu batera esanda, bertan agertuko dira ikasleek, notaren balioa galdu nahi ez badute, nahitaez landu beharko dituzten gaiak; eta irakasleak, bide batez, zer ebaluatu behar duen jakingo du.

Ikasleak amaierako aurkezpen egunera, dokumentazio guztia zuzen dutela, hel daitezen, irakaslearen laguntza eska dezakete edonoiz eta zenbanahi biderrez. Horrela bada, aurreikusten da dokumentazioa ezinbestean akats gabe heldu beharko litzatekeela aurkezpen egunera; akatsen bat helduz gero, ez litzateke irakasleagatik izan beharko. Irakasleak, horrenbestez, lanez gainezka diharduela senti dezake noiz edo noiz. Bada, taldeen arteko lankidetza sustatu beharko luke, talde bati egindako zuzenketak beste bati balio liezaiokeelako. Dena den, bilatutako lankidetza hori kopiatze hutsa bihur ez dadin, taldeen lanek berezko izaera ager dezatela bilatu behar du irakasleak; neurri batean ezberdinak izan daitezen.

Esandakoa aintzat harturik, argi dago irakasleak zertuko duela ebaluazioa (heteroebaluazioa); eta hirugarren ebaluazio osoan zehar beharrezko zuzenketak egingo dituen arren, amaierako aurkezpenen ondoren, behin bakarrik kalifikatuko ditu taldeen dokumentazioak. Hurrengo estekan ikus dezakegu irakasleak betetako erronkaren dokumentazioa ebaluatzeko taula; Onenak2 taldearen dokumentazioa ebaluatzen du.