Adibidea

Jadanik dakigun bezala, Leireri eta gainerakoei, Automatizazioa eta Robotika Industrialeko ikasleei, karga-igogailuaren arazoa azaldu diegu. Egia esan, hasiera batean, ez zegoen ETHAZIren bidez lan egiteko asmorik ikasturte honetan, orain arte metodologia berri hau martxan jartzeko tarterik ez baita ikusi. Nolanahi ere, halako batean karga-igogailuaren matxura suertatu zaigunez, konturatu gara ETHAZIri ekiteko baldintza ezin hobeak ditugula; eta aprobetxatu egingo ditugu.

Baldintza horietako bat da erronka, halabeharrez, 3. ebaluazioan landu beharko dugula; matxura 2. ebaluazioaren erdialdean gertatu baita. Horren bidez, modulu bat baino ez dugu jorratuko: Potentzia-sistemak delakoa. Bada, ETHAZIn hasiera xumea ematen badu ere, baldintza horiek ederrak dira pauso handi bat eman ahal izateko; besteak beste, baldintzok ondorio mesedegarri hauek ekarriko dituztelako:

  • ETHAZI ez da ikastetxetik kanpo dagoen zerbaitzat hartuko.
  • Irakasle batek, gutxienez, ETHAZIn esperientzia pilatuko du, eta etorkizuneko erronketan beste irakasleei lagundu diezaieke.
  • Erronka datozen ikasturteetarako gorde daiteke.
  • Erronka molda daiteke, luzeagoa izan dadin, eta edukietan aberatsagoa. Horrela, beste modulu batzuk ere erronkaren barne egon daitezke.
  • Potentzia-sistemak moduluarekin zerikusia duten beste ziklo batzuetako moduluek kopiatu dezakete erronka edota, behar izanez gero, euren premietara zehatzago egokitu.
  • Erronka eredu izan daiteke edozein ziklotako edozein modulutarako.

Gure ARIko (Automatizazioa eta Robotika Industrialeko) ikasleei dagokienez, badakigu ez direla gauza izan arazorik topatzeko; eta guk, nahitaez, proposatu behar izan diegu. Dena den, aukera izango dute karga-igogailuaren funtzionamendua diseinatzeko. Hamaika diseinuren artean, bat hautatu beharko dute. Izango dute, hortaz, erronka pertsonalizatzeko modua.