Ikuspegi teoriko-praktikoa

Gure proba C1 maila ebaluatzeko diseinatuta dago, eta azterketariaren lau trebetasun nagusiak neurtzeko: irakurriaren ulermena, entzunaren ulermena, idatzizko ekoizpena eta elkarreragina, eta ahozko ekoizpena eta elkarreragina.

Azterketariaren gaitasun orokorraren maila erabileran ikusten ahal da: egoera errealetan, ahoz eta idatziz, testuak ulertzeko eta adierazteko gaitasunean, bere ezagutzatik abiatuta, eta bere trebetasunak eta baliabideak erabiliz. Gaitasun orokor hori, komunikatiboa, alegia, gaitasun linguistikoa, pragmatikoa, soziolinguistikoa eta estrategikoa martxan jartzearen ondorioa da.

Eredu komunikatibo horren arabera, EGA probak lagin edo erakusgarri bat dira non azterketariaren gaitasuna erakusten den, hau da: benetako komunikazio egoeretan balego bezala, jarduera linguistiko batzuk modu egokian aurrera eramateko gaitasuna erakusten ahal du azterketariak. Beraz, ebaluazioak aintzat hartzen du azterketariak testuinguru komunikatiboetan aritzeko duen gaitasuna.

Hortaz, zehaztapen hauetan argi definitzen eta kontuan hartzen ditugu ondoko alde hauek: parte hartzaileak, arloak, komunikazio gaiak, komunikazio atazak, komunikazio jarduerak eta estrategiak, testu-motak eta testu-generoak, testuen luzera, testuen abiadura, azentuaren argitasuna...

Prozedura

ALTEk eta Europako Kontseiluak proposaturiko Azterketaren Zehaztapenen Eredua jarraiki, EGA Azterketaren zehaztapen orokorrak prestatu dira.

Dokumentu honetan oinarriturik, aditu-talde batek galderak eta materialak sortzen eta aukeratzen ditu, benetako testuak eta kanalak erabiliz: egunkariak, aldizkariak, eleberriak, irratsaioak...

Atariko Probako itemek ezaugarri batzuk bete behar dituzte (zailtasun-neurria, diskriminazioa, fidagarritasuna...), baliagarriak izateko; esaterako, % 20ko diskriminazio indizea izanen dute, gutxienez. Hurrengo adibideekin saiatuko gara azaltzen zer adierazi nahi dugun.

Hona bi adibide, bata egokia (A adibidea) eta bestea baztertzekoa (B adibidea):

Eman dezagun, A adibideko itemean, parte hartzaileen % 62k D aukera hautatu dutela eta erantzun zuzena dela. B adibideko itemean antzeko emaitza ikusten da (% 77k aukeratu dute erantzun zuzena, D, alegia). Beraz, bi itemak dira onargarriak, zailtasunaren ikuspuntutik.

Diskriminazio indizeari dagokionez, bi emaitza kontuan hartzen dira: item bakoitzarena, banaka, eta item bakoitzarena, proba osoarekiko. Parte hartzaileen emaitzak lau multzotan sailkatzen dira: 4 = oso puntuazio altua, 3 eta 2 = tarteko puntuazioa, eta 1 = oso puntuazio baxua. Logikaz, puntuazio altuak lortu dituzten parte hartzaileek item guztiak ongi edo oso ongi egin behar zituzten.

Orain begiratu adibideari:

A eredua

1. itemean, 4. multzoko gehienek D –erantzun zuzena– aukeratu dute, eta 1. multzokoek B erantzuna –erantzun okerra–. Item honen diskriminazio indize altuak (RIT: 0,26) esaten digu balekoa dela.

B eredua

2. itemean, berriz (RIT: 0,17), 1. multzokoek 4.ekoek baino hobeto erantzun dute. Horrek esan nahi du proba hau osotara okerrago egin dutenek ongi egin dutenek baino hobeki erantzun dutela. Segur aski, itemaren planteamendua ez zen argia, edo beste aukerak (adibidez, A) ez ziren egokiak. Horren ondorioz, item hau ez da balekoa.