Ikastolak bere ibilbidea 1978ko apirilean hasiko du, klaseak, haurtzaindegi gisa, Carmen-go Komentuan ematen. Horregatik, Rincón del Carmen deitu zen hasieratik Ikastola.

Probisionalki hiru urte horrela igaro ondoren egoitza finkoagoa bilatzen hasi behar eta, gerora urte mordoxka batez ikastola kokaleku izango zuen etxe zahar bati begiratzen hasi ziren. Antzinako zezen plaza deiturikoan kokatzen zen Txaparro etxea izango zen kokaleku berria Udalak baimendu ondoren. Konponketa handi eta sakonak ezagutuko zituen eraikin honek hurrengo urteetan, leku atsegin bihurtu arte.

Ikastolak ez zuen nortasun juridikorik 1982 urtera arte, Rincón del Carmen Kooperatiba sortuz.

Arazo ekonomiko eta administratibo ugari jasan ondoren, OHO etaparekin hastea erabaki zen 1985 urtean. Garai horretan Ikastolen Elkarteak, Zangozak zituen diru beharrak kontuan hartuta, Nafarroa Oinez 87ren antolakuntza eskaini zion.

Lortutako diruarekin eta beste finantzaketei esker eraikuntza berria egiten hasi zen, lehenengo harria, 1989ko apirilaren 8an jarriz. Bi urte beranduago, 1991ko martxoaren 23an ikastola berriaren egoitza ofizialki inauguratzen zen.

Hurrengo urteak garrantzitsuak izan ziren, sendotzeko eman ziren urratsak izugarri erabakigarriak baitziren; LOGSE lege berrira egokitu beharrak inbertsio berriak egin beharra ekarri zuen, honek berarekin ikastolaren baimentzea ekarri zuelarik, eta ondorioz kontzierto bidez ikastola beraren finantzaketa.

Horren guztiaren ondorioetako bat ikastetxe handitu beharra izan zen eta hori, lehen eraikinaren alde bati bigarren solairua emanez egin zen. Azkenik, DBH emateko baimena lortzen da 2000 urtean.

1998ko urrian berriro Zangozako Ikastolak antolatu zuen Nafarroa Oineza arazo ekonomikoei aurre egiteko.

Azkenik, Haur Hezkuntzako etapak zituen espazio beharrei erantzuteko eta 0-3 zikloa ezartzeko asmoarekin eraikin berri bat egin zen 2005 urtean.