EUSKARA ETA EUSKALDUNTASUNA

Ikastolaren ezaugarririk nagusienetakoa, esanguratsuena, euskalduntasuna da. Ikastolaren ardurarik handienetarikoa, heziketa integral baten barruan, ikasleen euskalduntasuna lantzea izanik, zentro honen estamentu guztiok, euskara eta euskal kulturaren transmisio, garapen eta sustapenaren alde aritzen gara.

Bestalde, euskara ikasketa hizkuntza izateaz gain, gure ikasleak euskaraz bizi daitezen lortu nahi dugu, bere erabilpena beste esparruetara eramanez: etxea, kalea, etab...

KONFESIONALITATEA

Ikastola hau akonfesionala eta politikoki neutrala da. Gogoan hartzen dugu, halaber, Ikasle, irakasle, langile eta gurasoen sinesmen erlijioso edo ez erlijioso desberdinak errespetu osoz.. Antola daitezkeen kanpo ekintzetan edota hitzalditan beti ere politika neutraltasuna bilatuko da, edota ideologi ezberdinetako iritziak parez-pare jarriko. Ideologia guztiek aukera berdina izanen dute. Erlijio Katolikoa ikasgaian, soilik, hala nahi duten ikasleek, legeak agindu bezala, izanen dute erlijio baten eragin zuzena izateko parada.

HIZKUNTZEN TRATAERA

Hizkuntza trataeran helburu argi bat zehazten da: hizkuntza gutxitua (euskara) gero eta gehiago eta hobeto erabilia izan dadin bultzatzea, atzerriko hizkuntza batean komunikatzeko gaitasuna hobetzea eta hizkuntza ezberdinak eskola-ingurunean bateraturik eta koherentziaz lantzea.

Ikasketa hizkuntza euskara dugu, baina gaztelania eta ingelera ere lantzen dira. Gaztelera Lehen Hezkuntzan lantzen hasten den gai da eta ingelera berriz, Haur Hezkuntzatik, Eleanitz proiektuaren bitartez.

Askotan hiru hizkuntza irakasteko hiru metodologia desberdin erabili ohi dira, baina Zangozako Ikastolak Hizkuntzen Trataera Bateratu baten aldeko apustua egiten du. Horretarako beharrezkoa suertatuko zaigu Hizkuntza Proiektu bat garatzea. Hizkuntza Proiektuak beste edozein programa edo ekintzetan egindako lan anitzak biltzen ditu: euskararen presentzia eta erabilpena, gaztelaniaren irakaskuntza, ingelesa ikasteko proposamenak, eta hiru hizkuntza era bateratuan irakasteko iradokizun berriak. Hortaz gain, hizkuntzekin lotuta dauden beste gai guztiek ere bere lekua dute Hizkuntza Proiektuetan: etorkinen hizkuntzen erabilera, arloak irakasteko erabiltzen diren hizkuntzen tratamendua, eta abar.

ANIZTASUNA ETA BALORE DEMOKRATIKOAK

Aniztasun ideologikoa errespetatu behar dugu inolako kontzepzio politikoa inposatu gabe eta gizarte demokratiko baten baloreak piztuz, hala nola: elkartasuna, besteekiko errespetua, elkarrizketarako jarrera, e.a. Ikasleengan jarrera kritikoa garatzea izanen da gure helburuetariko bat, iritzi desberdinen artean norbera bere iritzi propioa eraikitzeko gai izan dadin.

Hezkuntza komunitateko kide guztiek, euren iritzia agertzeko eskubidea izanen dute, beti ere horretarako Ikastolak ezarriko dituen bideei jarraituz.

Tolerantzian hezi nahi dugu, besteekiko errespetuan, elkartasun jarreretan, edozein gisatako diskriminazioa ekidituz, hala nola, arraza, sexua, klase soziala, sinesmen edota ezaugarri indibidualak.

HEZKIDETZA

Hezkidetza neskek nahiz mutilek bizitzarako trebetasunak garatzean datza, espazio publikoak eta pribatuak partekatu ahal izateko, nork bere ardura hartuz. Neska-mutilak hezterakoan, dagokienean inolako menpekotasunik (ez zaintzaren ingurukorik, ez emozionalik edo ekonomikorik...) sortuko ez duten harremanak izatea ahalbidetzeko moduan jardun behar dugu eta autonomia pertsonalean oinarrituta elkarrekiko menpekotasun osasungarria eta heldua bizi ahal izatea sustatu behar dugu.

Hezkidetza justizia, elkartasuna eta identitate-askatasuna bezalako balioetan dago oinarrituta:

Justizia: inork ez gailentzea inor, bi sexuen arteko zuzentasuna (norberari dagokiona ematea, berdindu arte, beharrezkoa denean): tratu, gaitasun eta balio berdina, hortaz, aukera berdinak.

Elkartasuna eta lankidetza versus lehia: nork bere ardura hartzea, espazio publiko eta pribatuak partekatzea, sinergiak eta sareak sortzea, talde-lana eta adostasuna.

Identitate-askatasuna: subjektu autonomo eta kritiko gisa garatzeko aukera, generoaren inguruko presio kulturalak gaindituz.

Hezkidetzan funtsatutako hezkuntza-sistemak ikasleen garapen pertsonal eta sozial osoa sustatzea du helburu, bere asmo eta jardunaren baitan. Ikasleek bizitza ona izateko ezinbestekoak diren trebetasun guztiak garatzea du helburu. Xedea ez da bizirauten irakastea eta ikastea, ongi bizitzen ikastea eta irakastea baizik, baita bizitza on hori guztiek izatea ere. Hauxe izango litzateke aipatutako bizitza on hori: nork bere bizi-proiektua egitea eta abian jartzea, berorren esparru guztien arteko harmonian eta bizitzan zehar sortuko diren egoeretan moldatzeko eta horiei erantzuteko gaitasunarekin.

METODOLOGIA

Ikastolako ildo metodologikoak zehazteko orduan kontuan hartuko ditugu arlo honetan lortu nahi diren helburuak:

-Jarrera kritikoa, eztabaidatu eta erabakitzeko gaitasuna eta errealitate soziala eraldatzeko talde borondatea bultzatu

-Garapen erritmoak eta gaitasun kognitibo maila anitzak errespetatu, ziklo edota maila bakoitzeko programaketetan laguntzak, errefortzuak, egokitzapen kurrikularrak txertatuz

-Teknika eta oinarrizko edukien barneraketari emanen diogun garrantzi bera zehar lerroak eta jarrerak sistematikoki lantzeari eman

-Ikerketa, ezagutzen barneraketa eta sistematizazioa bultzatu, bizitza errealaren egoera desberdinetan aplikatuak izan daitezen

-Zeregin hezgarria ordena eta diziplinan oinarritu, elkarrenganako errespetua, elkarlana, tolerantzia, solidaritatea,...

-Ikaslea bere ingurune sozialean integratu, bere auzoa, herria, hiria, eskualdea, ezagutuz

-Ikasleen artean progresoak eta teknikak ekar ditzaketen aldaketeeiko jarrera irekia eta errezeptiboa lortu.

-Sistema aktiboen barneraketa landu, irakas-ikaskuntza prozesuan ikaslearen parte hartzea bultzatu eta jarrera kritikoa, ikertzailea eta jakin-mina ikaslearen formakuntza eta ikaskuntzaren oinarriak izan daitezen.

Ikuspuntu orohartzaile eta kooperatiboak indartu.

-Ikasleak lan mundura, kulturara, egungo errealitatera egokitu ahal izateko beharrezkoak izanen dituen baliabideak bultzatu, hauek izan daitezke instrumentalak, zientifikoak

KUDEAKETA ERA



BALORE ETIKOAK

Ikastolak bultzatu eta landuko dituen balore etiko orokorrak jarraian zerrendatzen direnak izanen dira:

-Askatasuna: gutxienez partehartzea, autonomia eta adierazpena, suposatzen duelarik.

-Berdintasuna: Ezberdinak izanik, guztiok gara berdin, beraz ez da inor baztertua izanen genero, arraza, hizkuntza, kultura, uste, sinesmen edo beste edozein arrazoi pertsonal edo sozialarengatik.

-Justizia: Guztiok ditugu eskubide berdinak: janaria, etxea, lana... Edozein lekutan egonik ere bidezko tratua eta legearen aurrean trataera berdina izateko eskubidea dugu. Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsala ezagutzeak asko lagunduko digu balore honen edukietan.

-Elkarkidetza/Solidaritatea: Laguntza fisikoa, morala, materiala hartzen ditu bere baitan, besteak beste balore honek.

-Errespetua: Norberarenganako nola besteenganako errespetua: ni neu besteen lekuan jarri, besteak nire lekuan, iritziak ez inposatzea, egia ez da norberaren ondarea bakarrik

-Bakea: Elkarrizketa bide bezala ulertuta, indarkeriarik gabe, baina ez bake geldo, pasiboa, bake positiboa baizik, hots, egoera hobera aldatzeko jarrera bezala.

-Naturaren zaintza/Natura birpentsatzea: Gizakia gustura bizi den leku bat bezala ulertua. Zaintzaren heziketa oraingo belaunaldi nola ondorengo belaunaldientzat.