Zer da gerra?

Zer da gerra? Nola definituko zenukete hitz hau? Jar ezazue arbelaren erdian GERRA hitza. Ea denen artean ideia-jasa bat egin ondoren, kontzeptua osatu, eta definizio txukun bat adostu dezakezuen. Jarraian ikus ezazue Ahotsak egitasmokoek egindako dokumentala.

(Bideoaren 10 minutu ingururekin gure helbururako beharrezko informazioa eskura dezakegu)

Zer iruditu zaizue dokumental labur hau? Imaginatzen dugu hainbat zalantza izango dituzuela buruan bueltaka. Bada, hauxe da gure proposamena: bakoitzak bideoak edo bideoaren atal batek eragin dizkion galdera edo esaldi bat idatzi. Bikoteka jarrita, idatzi duzuena partekatu, eta bien artean galdera edo esaldi bakarra osatu beharko duzue, aurreko bietatik ezberdina eta era berean aurreko biak biltzen dituena. Ahoz irakurriko dituzue zuen proposamenak eta guztien artean, bozkaketaz, proposamen bat aukeratuko da eztabaidatzeko.


Eztabaida kolektiboa egingo da. Helburua ikasleen pentsamendu kritiko, sakon eta arrazionalean sakontzea izango da, pentsamendu gaitasunak gara ditzaten. Horregatik, irakaslearen paper garrantzitsuena galderak behar bezala planteatzea izango da (zer esan nahi duzu kontzeptu horrekin? Adibiderik jar dezakezu? Kontrako ideia defendatuko duen batek zer esango lizuke? Nola sentitzen zara horrekin? Horrelakorik bizi izan duzu? Zein erlazio dauka horrek orain esan denarekin? Zein ondorio izango lituzke horrek? Denek horrela pentsatzen dute? Gainontzekoak ados zaudete horrekin? Zergatik?)

Interesgarria litzateke eztabaida horretan gerra bat nola sortu daitekeen eztabaidatzea, nork sortzen dituen, zein arrazoi egon daitezkeen horren atzean (kulturalak, erlijiozkoak...) Bestalde, hausnarketa galdera honekin buka genezake: zein balore landu beharko genituzke gerrak saihestu ahal izateko? (errespetua, elkarbizitza, bizikidetza, elkartasuna, elkarrizketa, askatasuna...)