Haur erbesteratuak

Azken 2 urteetako ikerketa-lanaren emaitza da Kattin Txiki elkarteak herriko haur erbesteratuen inguruan egin duen dokumentala. 2020. urtean, gerra garaian erbesteratu behar izan zituzten umeak identifikatu ahal izan ditugu zorionez, eta Maria Gaztelumendi Sagarzazu, Nikolax Aristizabal Alzugarai, Maria Luisa Lahoya Lapesa eta Manoli eta Maria Mujika Ezponda oiartzuarren testigantzak biltzeko aukera izan dugu. Milaka haurrek egin zuten ihes Euskal Herritik, eta Oiartzunen gehiago izan zirelako susmoa badugu ere, gaur gaurkoz 5 pertsonaren lekukotasunak jasotzea lortu dugu.

Hamarkadak daramatzagu Kattin Txiki elkartean Oiartzunen garai horretan jazo ziren gertaerak argitu, bildu eta herriari eskaintzen, hau da, gertatutakoak isilarazi eta ezkutatu beharrean, gaur egunera ekartzen eta oiartzuarrei transmititzen.

Bide horretan, behar-beharrezkoa ikusten dugu Kattin Txiki elkarteak egin duen lan hori guztia herriko ikastetxeetara iristea, herriko etorkizuna eraikiko duten haur eta gazteengana iristea, alegia. Hori dela eta, azken urteetan garrantzi handia eman diogu hamarkadetan zehar bildu dugun material hori guztia ikasleei egokitu, didaktizatu eta lanketa ezberdinak sortzeari. Horren adibide dugu 2018-2019 ikasturtean DBH 4. mailako zein batxilergoko ikasleentzat sortu genuen Oroimenaren harra unitate didaktikoa.


Oraingo honetan egin dugun lanketa herriko txikiengan pentsatuz sortu dugu, eta haiengan pentsatuz diseinatu badugu ere, helduagoentzat ere egokiak izan daitezke proposatzen diren zenbait jarduera.

Gaia girotzen hasteko, abiapuntua Pello Añorga eta Jokin Mitxelena oiartzuarrek sortu zuten Pottoko ipuina izango da. Jarraian Ahotsak egitasmokoek egindako Zer da gerra dokumentalaren inguruan galdera batzuk proposatuko dizkiegu. Ondoren, Kattin Txikik egindako Haur erbesteratuak dokumentala ikusteko proposamena egingo diegu ikasleei, eta, azkenik, arteari eta sentimenduei egingo diegu lekua. Lanketaren azken helburua edo asmoa da dokumentalak sortu dizkigun sentimenduekin banakako marrazkiak egin, eta mural erraldoi bat sortzea. Gaiari amaiera emateko, Patxi Zubizarretak idatzitako Beroki Gorria lan ederraren audio-ipuina ikusteko aukera izango dute. Jarduera guztietan zehar memoria historikoa zeharkatzen duten hainbat gairen inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukerak egongo dira.