Gu ere margolari

Sentimenduak artearen bidez

Zenbaitetan artea isilarazitako gertaera bati ikusgarritasuna eta ahotsa emateko erabiltzen da. Gertaera gatazkatsu baten memoria gorde dezakete artelanek, eta baliabide gisa jazoera edo pertsona batzuen bizitzak plazaratzeko bitarteko egokia izaten dira. Ez hori bakarrik, modu honetara sentimenduak kanporatzen ere lagun diezagukete.

Behean duzun koadroa Picassoren Gernika da. Bertan, bere helburua izan zen Alemaniako abiazioak Gernikan egindako bonbardaketa irudikatzea. Abiapuntu gisa gertaera lazgarri honen inguruan egindako argazki batzuk hartu zituen. Ohartu bazarete, Pottoko liburuan ere Jokin Mitxelenak Picassoren Gernika koadroari keinu txiki batzuk egin zizkion, konturatu al zarete? Ea ikusten dituzuen...

Collage moduko bat egiten du Picassok bere artelanean, eta guk ere horrelako lantxo bat egitea proposatuko dizuegu. Ikusi berri duzue haur erbesteratuen inguruko dokumentala. Bakoitzari ikusitakoak sentimendu batzuk eragingo zizkion. Zergatik ez dituzue eramaten sentimendu horiek orri batera, eta guztien artean Picassoren edo Zumetaren artelanen tamainako collage erraldoi bat sortzen? Seguru gaude Maritxuk, Nikolaxek, Maria Luisak, Manolik eta Mariak kontutariko istorio horretatik zerbaitek arreta eman dizuela eta zuen buruan hainbat irudi geratu zaizkizuela, edo Pottokoren ipuinarekin barrenak mugitu zaizkizuela. Zergatik ez zarete saiatzen irudi horiek paperera eramaten? Anima zaitezte! Ziur gaude zuen barruan artista txikiak dituzuela izkutatuta.

Angel Sandimasek Gernikak jasandako bonbardaketari buruz egindako animaziozko laburmetraia da hau. J.L. Zumetaren artelana oinarri hartzen du.

Ainara Azpiazu "Axpi" irakasle

Zure marrazkia egiteko laguntza behar baduzu, hemen duzu Ainara Azpiazu "Axpi" ilustratzaileak kubismoaren inguruan, Arimaren margolariak eitb-ko saioan eman zuen azalpena. Ea lagungarri zaizun Picasso margolariak erabili zuen teknika hau.