Ikasleak taldetan antolatzen baditugu eta guztien artean jarduera egiteko besterik esaten ez badiegu, ez dute jakiten nola egin: batzuek beren ikuspuntua inposatu nahi izaten dute; beste batzuek berriz, jardueraren emaitza koadernoan kopiatu besterik ez dute nahi izaten… kideen arteko tentsioz eta lehiaz beteriko ikastalde batean, pertsona baztertuak edo behar adina balorazio ez dutenak daudenean, oso arraroa dirudi, lekuz kanpokoa ia, lau pertsonako taldeak osatzea elkarrekin lan egiteko.
Elkarrekin ondo bizitzeko, beharrezkoa da elkar ulertzea eta ezagutzea. Pertsonarteko komunikazioa eta harreman egokiak izateko gaitasunak beharrezkoak dira talde-harreman egokiak izateko. Horretarako, norberaren sentimenduak, pentsamenduak, gogoak adierazteko gai izan behar dute, besteen sentimenduak mindu gabe (asertibitatea) eta besteen sentimenduak, pentsamenduak, gogoak ulertzeko asmoz, besteen lekuan jartzeko eta arretaz entzuteko gai izan behar dute (entzute aktiboa eta enpatia).
Taldeak horrela lan egiteko ahalbidetuko duten baldintza onenak sortu behar dira.
Giro afektibo egokia sustatzeko jarduerak egin behar dira. Helburua, pixkanaka talde-kontzientzia areagotzea da, guztiek senti dezatela ikasketa-komunitate txikia osatzen dutela. Honetarako, kohesiorako dinamikak, jolas kooperatiboak...erabil daitezke.
Askotan, ikasgela antolatzeko modu honek –ikasketa kooperatiboko taldeen inguruan– ez du ongi funtzionatzen, taldea ez dagoelako inola ere horretarako prestatuta.
Esku-hartze eremu hau behin eta berriz azpimarratu behar da. Taldearen kohesioa inoiz alde batera utzi behar ez den alderdia da, edozein unetan sor baitaitezke gelako giroa nahas dezaketen arazoak edo zailtasunak, eta ondorioz, giro egokiago bat sortzea eskatzen dutenak.
Aurrera eramango dugun dinamika, jarduera, jolasa.... aukeratu ondoren, zehazki zein helburu edo helburuak landu nahi ditugun zehaztuko ditugu, bai arbelean idatziz edota erregistro txantiloi batean.
Dinamika aurrera eraman baino lehen, ikasleei argi azaldu behar diegu, zein helburu edo helburu lortu nahi ditugun. Ikasleek argi eduki behar dute, zertarako egingo dugun dinamika edo egitura eta bukaeran, horren inguruan hitz egingo dugula.
Hausnarketarik gabe, jarduera soil bat besterik ez litzateke izango.
Ebaluazioa egitean, alde batetik, aldez aurretik zehaztutako helburuak bete ditugun aipatuko dugu eta bestetik, ikasleen arteko harremanetan duten sentipenen inguruan hitz egitea ezinbestekoa da, haien arteko harremanak errespetuzkoak izan daitezen:
Helburua bete dugun
Guztiek hartu dugun parte
Elkarri lagundu diogun
Iritzia eman dugun
Nola sentitu garen
Zerbaitek mindu gaituen
Zailtasunik eduki dugun
Hurrengorako hobetzeko duguna
............................................
Ikas talde bakoitzean aztertu behar dugu, zeintuk diren kohesio beharrak, zein edo zeintu aspektu landu behar dugun sakonago. Horren arabera, egokiena den dinamika, jarduera, jolasa.... aukeratuko dugu.