Normalean, ikasketa kooperatiboko taldeak, lau ikaslek edo gehienez bostek osatuak izaten dira.
Oinarri-taldeak osatzeko modurik ohikoena honako hau da:
Irakasleak hiru zutabetan banatuko ditu ikasleak. Lehen zutabean ikasleen laurdena jarriko du (ikasle-kopurua zati lau), eta bertan kokatuko ditu laguntzeko gaitasun handiena duten ikasleak (ez dute nahitaez errendimendurik altuena dutenak izan behar, baizik eta, batez ere, motibatuenak, besteak ilusionatzeko eta animatzeko gaitasun handiena dutenak). Bigarren zutabean laguntza gehien «behar» duten ikasleak jarriko ditu, autonomia eta motibazio gutxien dutenak. Bigarren multzo honetan ere, beste laurden bat. Eta, bukatzeko, hirugarren zutabean, gainerako bi laurdenak jarriko ditu (taldearen beste erdia).
Jarraian, laukote heterogeneoak osatuko dira: lehen multzoko ikasle bat aukeratuko da, bigarren multzoko bat eta hirugarren multzoko bi. Gainera, ahal bada, beste aldagaietan ere orekari eusten saiatuko gara: generoa, etnia eta abar. Litekeena da ikasle-kopurua lau zenbakiaren multiploa ez izatea; hala balitz, boskoteak eratzea da irtenbiderik egokiena.
Litekeena da talde heterogeneoen araberako ikasgela-banaketa, noizbehinka aldatu behar izatea, eta komenigarria da aldatzea; alegia, taldeak modu homogeneoan banatzea ikasleen gaitasun-mailaren arabera.
Horrela, irakasleak bi gauza egiteko aukera du:
Batetik, talde bakoitzaren gaitasun-mailara doitutako jarduerak proposa ditzake (ikasitakoa finkatzeko ariketak, ezagutzak aberastekoak, zailtasun handiagoko ariketak…) Betiere, lankidetza egituraren bat erabiliko du parte-hartze ekitatiboa eta elkarrekintza bermatzeko.
Bestetik, taldeetako batzuek jarduerak beren kabuz egiten dituzten bitartean, sortu berri diren talde homogeneoago horietako batzuei (gaitasun-maila apalagoa dutenei) arreta pertsonalizatuagoa eman diezaiekete irakasleek.
Horretarako, A Esku-hartze eremuko dinamikaren bat balia daiteke; esate baterako, Itua eta Diana.