BILBOKO OINPLANOAREN IRUZKINA
Bilboko historia hiri bezela 1300 urtean hasi zen, Diego Lopez de Haro V.ak “carta puebla” eman zionean. Hiribildu honek Ibaizabal ibaiaren eskuma aldean izan zuen bere sorburua, itsasgora eta itsasbeherak nabaritzen diren azken puntuan, hau da san Anton zubiaren ondoan.
Badirudi, garai hartan marinel eta merkatarien herrixka zela.
Hiribildu berri eta planifikatu honek hiru kale paralelo zituen: Somera, Artekale (merkatalgoa) eta Tenderia (artesaugintza); hiru dorre defendatzen zuten ibai aldetik eta gainerakoa harresiz inguraturik zegoen. Alde honen kanpokaldean edo arrabalean San Nikolas auzoa, Ibeni eta etxe solte batzuk Atxuri aldean eta Bilbao la Viejan (ibaiaren ezkerraldean) kokatzen ziren.
XV. mendean, hain ezagunak diren zazpi kaleak zituen. Hasierako 3 kaleei, Belostikale, Carniceria Vieja, Barrenkale eta Barrenkale barrena gehitu zitzaizkien.
Aipaturiko zazpi kale hauek trazaketa oso erregularra zuten: oinplano ortogonala, etxalde laukizuzenekin.
Baina XV. mendearen amaieran, hazten ari zen hiri honentzat, harresiek oztopoa besterik ez ziren. Horregatik harresiak ireki eta dorreak bota ziren etxalde berriak eraikitzeko San Nikolas eleizaraino. Hiria beraz nabarmen zabaltzen da merkatalgoaren indarrak bultzatuta, batez ere Gaztelako artilearen exportazioari esker.
XVII. mendean hazkunde prozesu garrantzitsu baten ondorioz, hiria zabalduko da nabarmen. Itsasadarra kanalizatuz arenala eta padura okupatu ziren bertan lorategiak, etxeak edo ortuak jarriz. Mende honetan eraikitzen dira Kale Barria, Estufa, Atxuri eta Urazurrutia, bakarrik libre geratu zen hortuz osaturiko zati bat laster Enparantza Berriaren kokalekua izango zena.
Esan dugunez, hasierako zazpi kaleen trazaketa oso erregularra zen, baina urrengoko zabaltzean trazaketa nahasiagoa da eta kaleak eta etxaldeak kontzentrikoki eraikitzen dira, harresia zegoen tokia inguratuz.
Kontuan izanik hiri burgesa zela, jauregiak eta monumentuak ez dira ugariak. Hala ere, aipagarriak dira:
Iturriak: txakurrarena, Santiago aurrean dagoena eta Atxurikoa.
Eleizak: Santiago (fundazio gutuna edo carta puebla jaso baino lehen).
Konbentua: Santos Juanes, gaur egun museo historikoa.
Beranduago eginak baina itsasadarraren alde honetan gehitu behar ditugu, XIX. mendearen amaieran egindako bi eraikuntza: Udaletxea (1892) eta Arriaga (1890).
Industrializazio garaiko hiria
Hiribildu zaharraren merkatal-nortasuna apur apurka aldatuz joan zen, industria eta meategi alde bateko gunea bilakatu baitzen.
Biztanle kopurua asko gehitu zen XIX. mendean, hona hemen datu batzuk:
1800……………….11.000 biztanle
1850……………….18.000 biztanle
1900……………….83.000 biztanle
1930………………160.000 biztanle
1876 urtean onartu zen Bilboko Zabalgunearen plangintza. Egileak Alzola, Achúcarro eta Hoffmeyer izan ziren, hauek esparrua ardatz baten inguruan antolatu zuten: Gran Via. Pentsatu zuten 40 urte beranduago hiriak 60.000 biztanle izango zituela baina 100. 000 biztanle izatera iritsi zen.
Zubien eraiketek hiriaren hedapena Abandotik sinbolizatzen dute. Zabalgune honetako eraikuntzak eklektikoak dira (mota edo estilo ugari jarraituz eginak): neogotikoak, mende hasierako etxe modernistak, Berbizkundeko estiloa imitatzen dutenak, mendialdeko estilo euskalduna…Barietate honen adierazgarri “Gran Via” da.
Kale hori Espainiako enparantzan hasten da, hemen eta inguruan finantza gunea kokatzen da. Esparru honetan bizitasun handia nabarmentzen da: banketxeak, dendak, bulegoak eta garraio kontzentrapena.
Aurrerago, Enparantza eliptikoa dugu, Bilboko zabalgunearen lehen mailako elementu antolatzailea, bertan elkartzen baitira: Gran Via, Ercilla, El Cano, Alameda de Rekalde, zabalgunea zeharka edo radialki gurutzatzen dutenak. Etxaldeak ez dira tamaina berdinekoak beste oinplano batzutan ikusi dugun moduan (Donostia). Kaleen trazaketan egitura ortogonala eta radiala konbinatzen dira.
Zabalgunea Indautxutik hedatu zen, bertako jauregiak bota eta etxe blokeak eraikiz.
Azkenik Hurtado de Amezaga kalearen bidez (Espiniako enparantza eta Zabalburu bitartean) batu egiten da Bilbo planifikatua (zabalgunea) eta San Anton zubi ingurua.
Auzo bilbotarrak
Zabalgunea egindako planaren arabera egin zen, aldaketa handirik gabe, baina inguruan zeuden auzoek beren dinamika propioa zuten eta beren jardueren eraginez, nahiz eta anexionatuta edo lotuta geratu hasierako nortasuna mantentzen dute.
“San Francisco” eta “las Cortes”, betidanik langile auzoa izan da, oso populatua eta degradatua dago. Kale hauek jarraituz mendi maldatik antzinako meategien aztarnak aurkitzen dira. Ibaizabal ibaiaren alde honetatik, meandro baten ondoan “La Peña” auzoa dago.
“Iralabarri” auzoa kasu berezi bat da etxe unifamiliarrez osaturik baitago; Juan Jose Iralak proiektatu zuen 1908. Urtean langile auzo bezala.
Rekaldeberri, langile auzoa zen eta komunikazio arazoak zituen trenbideak zeharkatzen zituelako. Bere hazkundea Iturrigorriko meategien garapenarekin erlazionaturik dago.
La Casilla, Zabalgunearen hedapenaren ondorioz, anexionaturik geratu zen. Auzo konplexua da: ohiko kalearen ondoan, Zugastinovia, Kirol Gunea delako aurkitzen da baita etxe laminar oso altuak 1960-1975 bitartean eraikiak.
Basurto, laborantza zona bat zen baina geltokiaren eraiketarekin XIX. mendearen amieran, bere garapen modernoa hasten da. Inguruan Kobeta mendirantz, antzinako ezaugarriak mantentzen dituzten auzoak ditugu: Masustegi (etxe unifamiliarrak eta etxe bloke txikiak) eta monte Caramelo
1870 tik aurrera anexien prozesua egin zen: lehenbizi Abando, gero Begoña; beranduago Deustua eta Lutxana, gaur egun Bilboko auzo ezagunak direnak.
Azken urteak: Bilbo berria
1975tik aurrera, industria zaharkitua geratu eta lehiakortasuna galdu zuenez, krisi latza etorri zen: kutsadura, degradazioa eta langabezia izan ziren nagusi. Eta hori gutxi ez balitz, Europako Batasunean sartzeak ekoizpeneko sektore guztiak edo ia guztiak berregituratu beharra ekarri zuen. Azken batean, Bilbok hiriaren, eta batez ere, ekonomiaren planteamendu berria egin beharra ekarri zuen.
1989 eta 1992 urteen artean, Bilbo Metropoliarra Biziberritzeko Plana egin zen. Plana egin zen III. Milurteko Bilbo nolakoa izango zen definiotzea helburu zuena. Lehenengo urratsak eman ziren XX. mendearen azkenengo hamarkadan, bertan behera utzita zeuden lantegiak bota eta enpresa-eremu berriak jarri ziren, ibaiko urak lehengoratzen hasi, eta urekin batera, ingurumena; hiria, aldi berean, arkitekturaren ikuspegitik zaharberritzen hasi zen. Horrek guztiak hiri garbiago, erakargarriago eta dotoreago bihurtu du Bilbo, lehen baino bizikalitate handiagoko hiria.
Lehengo urratsak 1991ean hasi ziren, euskal administrazioaren arduradunek lehenengo harremanak izan zituztenean Solomon R. Guggenheim Foundationekoekin. Eta urte bereko abenduan akordioa sinatu zuten. Guggenheim museoa, Frank O. Gehryren obra, 1997ko urrian bukatu zen eta gaur egun munduan eraikuntzarik enbelmatikoen artean dago.
Geroago, Norman Fosterren metroa, Bilboko paisajeari nortasun handiko elementuak dituena: lur azpiko geltokietarako sarbideetan dauden “fosteritoak” edo markesinak.
Euskalduna jauregia, izen berdineko Ontziolen lekuan Federico Soriano eta Dolores Palaciosek arkitektoek egina, hau Bilboko kongresuetarako eta musikarako zentro modernoa. 53.000m2-ko erabilpen anitzetarako eraikuntza.
Santiago Calatravaren obra biak: Bilboko Nazioarteko aireportuan “La Paloma” eta Zubizuri itsasadarraren alde biak lotzen dituena.
Bestetik, César Pellik egin zuen Abandoibarrako Antolamendu Planaren diseinua, eta auzo berri honek ahalbidetu du hiriak bere itasadarra begiratzea. Bertan, Guggenheim Museoa eta Euskalduna Jauregia ez ezik, eraiki berri diren beste hainbat eraikin kokaturta daude: Sheraton Hotela, Ricardo Legorreta mexikarraren obra; Zubiarte merkataritza-zentroa, Robert Sternek diseinatutakoa; Bilboko Itsasadarra Itsas Museo,.... Aipatu behar da ere, Zara Hadid angloirakiar emakume arkitektoak Zorrozaurreko erdiuharterako proiektua egin duena eta Arata Isozaki japoniarrak Uribitarten eraiki diren etxebizita multzoaren disenaitzailea.