Aigües Torteseko parke Nazionaleko Sant Maurici lakua
Euskadiko ibaiak
Euskadiko erdian dauden mendiek bi isurialdeen arteko uren-banalerroa osatzen dute. Ondorengo hauek dira (M-E norabidean): Salvada eta Gibixo mendiak, Gorbeia, Elgea, Aizkorri eta Aralar.
Bi isurialde bereizten dira: isurialde kantauriarra eta isurialde mediterranearra. Aldi berean, banalerro horrek bat egiten du gutxi gorabehera probintzeen mugekin. Ondorioz, Bizkaia eta Gipuzkoa probimtziak banalerroaren iparraldean kokatuta daudenez, isurialde kantauriarrekoak dira eta Arabaren gehiena, aldiz, isurialde mediterranearrari dagokio.
Kantauriar isurialdea
Lurraldeko topografia malkartsuak eta mendiak Kantauri itsasotik hain gertu egoteak sare hidrografikoaren formazioa baldintzatu dute. Horrexegatik, Kantauri isurialdeko ibai guztiek antzeko ezaugarriak dituzte: ibai laburrak dira, ibar estu eta meharretatik doaz eta emari erlatibo handikoak dira.
Kantauri aldeko ibaien batez besteko malda ‰11koa da, eta malda handiak ditu bai arroetan eta baita ibilguetan ere. Beraz, oso tarte laburrean asko jaisten dira. Adibide gisa Altube edo Arratia ibaiak aipa ditzakegu, 1.475 metroko kota gorenetik (Gorbeia) itsasoko mailaraino 50 kilometro eskas egiten dituzten ibaiak.
Erliebearen eraginez beraz, ibaien arro hidrografikoak txikiak dira eta malda handia dutenez ibaien higadura gaitasuna handia da. Izan ere, bailara estuak eta sakonak eratzen dituzte eta horren ondorioz terrazak arraro samarrak dira.
Klima da ibaien ur-emaria baldintzatzen duen beste faktore bat. Bizkaia eta Gipuzkoako klima ozeaniarrak plubiometria oso altua (1.100mmtik gora), tenperatura epela (13ºC-ko batez bestekoaren inguruan) eta hilabete sikurik ez egotea (hilabete bat ere ez 30mmtik behera) dakar. Horrexegatik, ibaien erregimen erregularra izaten dute, aldi berean euri erregimena dute eta ur goraldiak neguan eta udaberrian dira, prezipitazio gehien izaten diren urtaroetan. Gainera banalerroa ez denez oso garaia elur elikadurak ez du garrantzirik.
Ibaien norabidea aztertuz gehienak H-I norabidea dute, ezaugarri hau Gipuzkoan nabariagoa da Bizkaian baino. Ibaiek (Deba, Urola, Oria, Urumea eta Bidasoa) M-E norabideko erliebea mozten dute, bailara estuak zizelkatuz.
Bizkaian ere, zenbait ibai labur H-I norabidekoak ditugu. Hala nola, Artibai, Lea, Oka edo Laga. Aldiz, Ibaizabal eta Butroe ibaiek HEE-IMM norabidea dute, beraz erliebearen egiturarekiko konforme doaz. Ibaizabalen sare hidrografikoa da Bizkaiko garrantzitsuena: bere ibaiadarrik aipagarrienak ezkerraldekoak dira (ur-mugan jaiotakoak): Arratia, Nerbioi eta Kadagua. Itsasoratzean itsasadar bat eratzen du eta bai bere harana baita itsasadarraren bazterrak ere guztiz eraldatuak daude industrializazioaren eraginez.
Isurialde mediterranearra
surialde honetako ibaiak luzeagoak dira Kantauriar itsasoan amaitzen direnak baino; horrexegatik ez dute horrenbesteko malda, izan ere, bataz besteko malda %5era ez da iristen, eta terraza erliebe-formak ikus daitezke haien haranetan. Adibidez, Ebro ibaiaren terrazak Lapuebla de la Barcan.
Mediterranear isurialdeko ibai hauek I-H norabide nagusia dute, Ebro izan ezik, horrek (IMM-HEE) norabidea darama eta. Arro handiagoak eratu dira eta horren eraginez emari espezifiko edo erlatibo txikiagoa dute isurialde kantaruriarreko ibaiek baino. Aldi berean, transizio klima duen aldea zeharkatzen dutenez, prezipitazio gutxiago eta irregularragoak dituzte iparraldean baino eta horrek ibaien ur-erregimenean eragina izaten du eta ur handiak eta txikien arteko aldea nabarmena izaten da. Euri-erregimena dute, elurraren elikadura ez baita garrantzitsua. Ur altuak neguan eta udaberrian ematen dira, baxuak aldiz udan.
Isurialde honetako ibairik handienak ondoko hauek dira: Baia, Zadorra eta Ibaiuda.
Zadorra Arabako ibairik garrantzitsuena da. Entziako mendilerroan jaiotzen da eta Agurain eta Gasteiz besteen artean zeharkatu ondoren Ebrorekin bat egiten du Miranda de Ebro (Burgos) eta Zambrana (Araba) artean. Ullibarri-Gamboa eta Urrunaga urtegietan bildutako urak Gasteiz eta Bilboko Metropoli Handiaren ur-hornikuntzarako erabiliak dira batez ere.
Ebro
Ibairik aipagarriena Ebro ibaia da. Peñalabran jaio eta bere izena duen sakonunea zeharkatu ondoren Ebroko Deltan amaitzen da. Penintsulako arrorik handiena du (85.820 Km2) eta 910 kilometroko luzera. Ibilbide oso luzea du eta emari handiko ibaiadarrak ditu, batez ere Pirinioetatik datozenak. Euskal Autonomia Erkidegoko muga naturala da Burgos probintziarekin eta Errioxa Autonomia Erkidegoarekin.
E.A.Eko ibaiek biztanleriaren isurketak jasotzen dituzte, eta baita paperaren, metalurgiaren, azalerako tratamenduaren eta abarren sektoreetako industrien isurketak ere. Udan ematen diren emari txikiek egoera hori larritu egiten dute, diluzio-ahalmena txikiagoa baita kasu horietan. Hala ere, azken urteetan saneamendu-sarea garatu denez, industrien kutsaduraren aurkako neurriak hartu direnez eta gure ibaiek beren kabuz arazteko duten ahalmena dela-eta, uren kalitatearen hobekuntza nabarmen bat eman da
Azkenik, gure arroetako kalitate ekologikoa erabat berreskuratzea eragozten duten beste zenbait faktore ere badaude. Baldintza hidrografikoak aldatzen dituzten ibai-bideratzeen hedapenak, ibarren okupazioak edo ibaiertzetako landaredia deuseuztatzeak.