Espainiako estazio metereologikoen datu klimatologikoak bilatzeko

Espainiako datu klimatologikoen gainean klik egin eta ondorengo segida jarraitu.

  1. Informazioa lortzeko klikatu maparen beheko aldean dagoen gezi gainean.

  2. Autonomia Erkidegoak agertzen dira.

  3. Aukeratu bat eta berriro klikatu

  4. Autonomia Erkidego horren hiriburuen datu arruntak ikusteko aukera izango duzu, 1981-2010 bitarteko urteen batazbesteko datuak dira gehienak.


Laster, 2022an, serie klimatiko berriak argitaratuko dituzte (1991-2020). Berotze Globala zenbatekoa izan den ikusiko dugu. Gorde oraingo serie batzuen datuak datorren urtean argitaratuko diren datuekin konparatu ahal izateko.


Datu metereologikoen iruzkinak egiteko adibide batzuk

Klima ozeaniarraren klima-datuen iruzkina

Klima datu hauek aztertuta, klima ozeaniarrari dagozkiola esan daiteke. Bizkaiko Golkoaren kostaldea eta Iberiar penintsulako ipar-mendebaldea hartzen ditu.

Klimaren elementuak aztertzean, prezipitazio kopurua 1237mmkoa dela ikusten da. Klima mota hau hezetzat jo daiteke, prezipitazio ugari eta erregularrak baititu. Hau guztia, fronte polarreko depresio ziklonal edo borrasken eraginez izaten da. Prezipitazio gehiago ditu neguan eta udaberrian gainerako urtaroetan baino, nahiz eta alde handirik ez izan beraien artean. Gainera, erliebea dela medio, prezipitazio orografikoak sortzen dira, horrela urteko prezipitazio kopurua handitzen da. Izan ere, ozeanotik datozen aire-masak haizealdeko magaletik gora egitean, hozten dira, gero asetu, eta behe-lainoak eta hodeiak sortu eta azkenik euria egin. Esan denez, ez dago hilabete lehorrik, hau da 30 mmtik behera. Hala ere, udan prezipitazioak eskasgoak izaten dira, alde hau Azoreetako antizikloiaren eraginpean geratzen delako.

Batez besteko tenperatura 14ºCkoa da, edozein klima epelean ohikoa den moduan. Tenperatura bitartea 10;9ºCkoa da, txikia dela esan daiteke, ozeanoaren eragin termoerregulatzailearen eraginez. Udako tenperaturak freskatu eta negukoak leundu egiten baititu. Gainera, hodeien ugaritasunak eguzkialdiak eta beroa irradiazioz galtzea galarazten du, egunean zehar zabaltasun termikoa murriztuz. Neguak epelak dira 10ªC inguruko batez bestekoak dituztelako eta udak freskoak 20ºC gainditzen ez baitituzte.

Amaitzeko, klima honen ezaugarri nagusiak ozeanoaren eraginarekin lotzen dira. Hau da, negu epelak eta prezipitazio ugari. Gainera, erliebeak azken horiek areagotzen ditu. Honen ondorioz kostaldeko paisajea berde irauten du urte osoan.

Madrileko klima-datuen iruzkina

Madril Iberiar penintsularen erdialdean dago. Guadarrama mendilerroaren hegoaldean eta Tajo ibaiaren arroan. Hiri honen klima-datuak aztertuta, klima mediterraneo kontinentaldua duela ikusten da.

Batez besteko tenperatura 14,1ºC koa da, edozein klima epelean ohikoa denez. Erdialdean eta mendikatez inguratuta egoteak itsasoaren eraginetik kanpo uzten du. Ondorioz, tenperatura bitartea handia da (19,1ºC). Neguak luzeak dira, 5 hilabetetan 10ºC beherako tenperaturekin. Tenperaturak aztertzean kontuan hartu beharreko beste datu bat Madrileko altitudea da, 587 metrotara baitago eta horrek tenperaturak hotzagoak izatea dakar. Udak berriz, beroak izaten dira, uztailean eta abuztuan 24ºC gainditzen dira, eta maximoak sarritan 35ºC-tik gora izaten dira.Prezipitazioak oso eskasak dira 384mm guztira urte osoan. Udan bi hilabete lehor 30 mmtik behera (uztailean:11mm eta abuztuan: 12mm). Udako lehortea Azoreetako antizikloiak eta kontinentaltasunak eragiten dute.Prezipitazio gehiago hartzen dira udazken eta udaberrian fronte polarra eta frontean bertan sorturiko depresio ziklonalek eraginak. Oro har ozeanoaren eragin ezak, tenperatura tartean ez ezik prezipitazioetan ere eragiten du. Prezipitazioaren kasu hezetasunaren parte handi bat mendikateen haizaldean geratzen baita eta kontrako maldan foehn fenomenoa dela eta, airea berotu eta sikatzen da.

Klima mota honen ezaugarririk nabarmenenak uda lehorra eta tenperatura tarte handia dira.

Valentziako klima-datuen iruzkina

Ondorengo klima-datuak aztertuz negu leuneko klima mediterraneo dela dakigu. Balear uharteetan, Levanteko kostaldean eta penintsularen hegoaldean hedatzen da.

Tenperaturei dagokionez, tenperatura bitartea 14ºC koa da, Ozeano Atlantikoarena baino handiagoa, baina mediterraneo kontinentalduarena baino txikiagoa. Hori guztia, Mediterraneo itsasoaren eraginez da. Izan ere, itsaso epel horrek neguko tenperaturak epeltzen ditu eta udakoak ez ditu freskatzen, horrela tenperatura tarte handi samarra sortzen da. Neguak leunak izaten dira, urtarrileko batezbesteko tenperaturak adierazten duen moduan (11,5ºC). Udak, beroak eta luzeak. Gainera, kostan dagoenez tenperaturik altuena abuztuan ematen da.

Urteko prezipitazioak 453 mm dira guztira. Urrian maximoa ematen da (174mm) eta uztailean minimoa (9mm). Prezipitazio gehienak fronte polarraren eraginez izaten dira, aire-masa beroa eta hotz bat elkartzen direnean. Prezipitazioen maximoa Mediterraneoko kostaldean sasoi horretan maiz ematen diren “tanta hotza”rekin erlazionatzen dira. Udan, ohikoa denez, Azoreetako antizikloia Iberiar penintsularen gainean dago eta eguraldi egonkorra eta beroa dakar. Hau ekaina, uztaila eta abuztuan nabarmentzen da, 30mmtik beherako prezipitazioekin.

Laburtuz, klima horren ezaugarririk garrantzitsuenak hauexek dira: negu epelak eta udako lehorraldia.