ASERTIBITATEA ETA GIZARTE-TREBETASUNAK
Denok dakigu badirela jendeari hitz egiteko modu onak eta modu txarrak. Gizarte-trebetasunak ikastean, hitz egiteko modu onak edo egokiak ikasten ditugu; horri esker, hobeto moldatzen gara irakasleekin, ikaskideekin eta familiakoekin. Izan ere, gizarte-trebetasun kontzeptua era honetan defini daiteke: gainerakoekin portatzeko eta gainerakoei hitz egiteko era.
Ez sagurik ez munstrorik
Gizarte-trebetasunak irakastean, oinarrizko ideietako bat hau da: gizarte-portaera pasiboaren, erasokorraren eta asertiboaren artean zer diferentzia dauden behatzen ikastea.
· Modu pasiboan jokatzen duen haurrak ez du bere burua erakusten, eta saguen antzera portatzen dela esaten dugu. Beste haur batzuen agindupean ibiltzen da, zer egin behar duen esaten uzten die besteei, eta, gehienetan, ez ditu defendatzen bere eskubideak. Oro har, haur mota horren beharrak, iritziak edo sentimenduak ez dira kontuan hartzen, eta baliteke beste haur batzuk horretaz baliatzea.
· Beste muturrean, pertsona erasokorrak edo munstroak daude. Agintzaileak dira, besteak larderiatzen, kritikatzen eta umiliatzen dituzte. Nahi dutena nahi dutenean lortzea dute ardura bakarra. Gutxitan arduratzen dira gainerakoen sentimenduez, eta sarri izaten dituzte borrokak. Gainerakoez baliatzen dira, modu bidegabean, eta lagun on gutxi izaten dituzte; munstroen antzera portatzen dira.
Bi portaera horiek mina jasatera (saguak) edo gainerakoak mintzera (munstroak) eramango gaituzte. Beraz, argi dago gizarte-portaera pasiboa eta erasokorra ez direla modurik onenak ingurukoekin harremanetan jartzeko.
Asertibitatea: Asertibitatea da bakoitza den moduan portatzea, ez saguaren moduan, ezta munstroaren moduan ere.
Hots, asertiboa izatea hau da: ingurukoei jakinaraztea zer sentitzen duzun eta zer pentsatzen duzun, inor mindu gabe, baina, aldi berean, esateko duzun hori adieraziz.
Gainerakoen sentimenduak, iritziak eta desioak ezagut eta errespeta ditzakezu, zureak inposatu gabe. Zure eskubideak defendatzea ere bada asertiboa izatea, eta ondradua, zuzena eta zintzoa izatea.
Hiru portaeren adibideak (Antzezteko proposa diezaiekegu ikasleei.)
Ikus ditzagun ingurukoei hitz egiteko modu onen eta ez hain onen eredu batzuk.
EREDUAK
Sumatzen duzu lagun batek liburu bat hartu dizula baimenik eskatu gabe.
1. erantzuna (Asertiboa)
ZU: Aizu, Uxue, zuk hartu duzu nire Matematikako liburua? Ez dut inon ere aurkitzen.
LAGUNA: Ah, bai, barkatu, ariketa bat egiteko behar nuen.
ZU: Ongi. Ongi dago hartzea; baina, faborez, eska iezadazu lehenago. Horrela, ez naiz galdu dudalakoan bila ibiliko.
LAGUNA: Arrazoi duzu. Egia esan, presaka nenbilen.
Erantzun adierazkor ona da arrazoi hauengatik:
1. Lagun bat haserretzea saihestuko duzu.
2. Ziurrenik, liburua berreskuratuko duzu.
3. Arazoa ez da berriz ere gertatuko; orain, zure lagunak badaki liburua hartu baino lehen eskatu egin behar dizula.
2. erantzuna (Pasiboa)
ZU: Arraioa! Ez dut aurkitzen Matematikako liburua. Inork hartu ez izana espero dut.
LAGUNA: Bada, nik hartu dut. Ez nuen uste haserretu egingo zinenik.
ZU: Eskerrak! Galdu nuela uste nuen.
LAGUNA: Ez arduratu, nik daukat.
Erantzuna pasiboa da eta ez da horren gomendagarria:
1. Ez duzu esan benetan esan nahi zenuena.
2. Baliteke, etorkizunean, zure laguna berriz ere zutaz baliatzea, ez duelako ulertu horrek haserrarazten zaituela.
3. Baliteke liburua ez itzultzea.
3. erantzuna (Erasokorra)
ZU: Ederki! Harrapatu zaitut Matematikako liburua lapurtzen!
LAGUNA: Benetan ari zara? Maileguan baino ez dizut hartu.
ZU: Bai, tori (sarkasmoz)! Mila esker eskatzeagatik!
LAGUNA: Tori! Zuretzat liburu zaharra!
Erantzun hori erasokorra da:
1. Ez duzu esan benetan esan nahi zenuena.
2. Baliteke azkenean laguna haserretzea eta zurekin modu berean jokatzea.
3. Lagun bat gal dezakezu, hitzez eraso egin diozulako eta agerian utzi duzulako.
GIZARTE-TREBETASUNAK. ABANTAILAK:
GIZARTE-TREBETASUNIK EZA. ERAGOZPENAK: