LEHEN HEZKUNTZA

URTEBETETZE EGUNEN ILARA

HELBURUAK:

  • Hitzezkoak ez diren beste gorputz-adierazpenak ulertzen eta interpretatzen jakitea.

  • Gorputz-adierazpena lantzea.

  • Arreta estimulatzea.


DESKRIBAPENA:


Ikasleek, beren urtebetetze-eguna kontuan hartuta, urtarriletik abendura arteko ilara ordenatu bat egin beharko dute. Baina ezingo dute hitzik esan; beraz, elkarren artean moldatu beharko dute errenkada osatzeko. Ilara zuzena izateak edo ez izateak ez du garrantzirik; bai, ordea, nola lan egin duten eta nola komunikatu diren.

SOKA SALTO JOLASA

Musika eta letra: Nerea Urbizu

Abeslariak: M. Ariztimuño, I. Iribarren, S. Ganuza eta M. Galartza

HERRIALDE EUSKALDUNAK

MUNDUAN EZAGUNAK

HIRIBURUZ HIRIBURU ESANGO DITUGUNAK

IRUÑEA NAFARROA GARAIAN

GASTEIZ, ARABAN

BILBO BILBO BIZKAIAN

DONOSTIA, GIPUZKOAN

BAIONA LAPURDIN

DONIBANE GARAZI BEHE NAFARROAN

MAULE-LEXTARRE XIBERUAN

GUZTIAK EUSKALDUNAK! GUZTIAK EUSKALDUNAK!

JAUSGAILUA: OLATUAK

HELBURUA:

  • Mugimenduak ongi koordinatzea.

  • Kooperazioa bultzatzea.

  • Jausgailuaren mugimenduak ezagutzea.

MATERIALA: Jausgailu bat.

DESKRIBAPENA:

Ikasleek jausgailua gerrialdera eraman eta emeki astintzen hasiko dira. Olatuen antzeko mugimenduak egitea proposatuko diegu: itsasoa bare dagoenean, olatu txikiak sortuko dituzte; haizea dabilenean, handixeagoak, eta, ekaitza datorrenean, olatu handiak. Horretarako, jausgailua ikasle batzuek igotzen dutenean, beste aldekoek jaitsiko dute.

JAUSGAILUA: IGLU

HELBURUA:

  • Mugimenduak ongi koordinatzea.

  • Kooperazioa bultzatzea.

  • Jausgailuaren oinarrizko mugimendua ikastea.

  • Gozatzea.

MATERIALA: Jausgailu bat.

DESKRIBAPENA

Ikasleek berriro ere puztu egingo dute jausgailua. Oraingoan, puztuta dagoela, guztiek pauso bat emango dute aurrera, besoak gora ondo luzaturik. Jausgailua jaisten hasten denean, bizkarraldetik jaitsiko dute eta haren izkinan eseriko dira. Horrela, guztien artean “iglu” bat osatuko dute. Jausgailua hustu ez dadin, iglua oso ondo estali behar dute ipurdi eta eskuekin. Behin barruan daudela, taldeka bizkarra atzera eta aurrera eramango dute, kulunkatzeko mugimendua sortzeko. Izkinan lasai etzatea ere badaukate.

OHARRA: Jolasa argi gutxirekin burutzea oso dibertigarria gertatzen da. Barruan ipuinak kontatzeko ere oso aproposa da.

EBALUAZIOA: Nola sentitu zarete? Iglua egitea zaila izan al da?

JAUSGAILUA: LEKUZ ALDATU

HELBURUA:

  • Mugimenduak ongi koordinatzea.

  • Kooperazioa bultzatzea.

  • Jausgailuaren oinarrizko mugimendua ikastea.

  • Kohesioa sustatzea.

  • Gozatzea.

MATERIALA: Jausgailu bat.

DESKRIBAPENA

Ordenan jarrita, irakasleak zenbaki bana banatuko die (1etik 4ra). Ikasleek berriro puztuko dute jausgailua. Puztuta dagoenean, irakasleak zenbaki bat esango du. Orduan, zenbaki hori daukaten ikasleek dauden lekua utzi eta libre dagoen beste leku batera mugitu beharko dute, azkar. Besteek, bitartean, besoak luzatuak izango dituzte, jausgailua pixkanaka jaits dadin. Kontuz, erdian elkarrekin talka egin gabe.

ALDAERA: Irakasleak, zenbakiak esan beharrean, lekuz aldatzeko baldintzak alda ditzake; adibidez, ilea horia dutenak, erlojua dutenak, begi urdinak dituztenak, kamiseta zuria dutenak, etab.

ELEFANTEAK

HELBURUA:

  • Distentsio-giroa sortzea.

  • Taldeko konfiantza sustatzea.

MATERIALA: Ikasle batek soinua egiteko objektu bat, eta beste guztiek begiak estaltzeko zapi bana.

AZALPENA: Gelako elefante guztien gidaria izango den gelakide bat aukeratzen da lehenik. Kide hori objektu edota instrumentu batekin soinu egiten ibiliko da. Gelako beste guztiak elefanteak izango dira, begiak estaliko dituzte eta eskuak elkarri emanda mugituko dira. Elefanteek, soinuari jarraituz, ibilbide bat osatu beharko dute. Poliki joan beharko dute eta gidariaren seinaleei kasu egingo diete. Gidariak ezingo du hitz egin, objektuarekin soilik egingo du soinu. Tarteka, kanpoko norbait (irakaslea, adibidez) saiatuko da taldeak bere helburua lor ez dezan. Horretarako, taldea apurtzera joango da, edota beste soinu batzuk egingo ditu, nahastearren.

EBALUAZIOA: Nola sentitu zarete? Beldurra pasa duzue ala konfiantzaz jokatu duzue? Nola erantzun diezue kanpoko erasoei?