HAUR HEZKUNTZA

LAKU SORGINDUTIK IBILALDIA

HELBURUAK:

  • Taldekideen arteko elkarrekintza eta lankidetza sustatzea lehiakortasuna alde batera utziz.

  • Guztien onarpena sustatzea.

  • Porrotik ez egoterakoan poz argi eta garbia azaltzea.

MATERIALA: Uztaiak.

DESKRIBAPENA:

Jolas lekuan, uztaiak sakabanaturik utziko dira nahi den bezala. Uztai hauek, lakutik irteten diren harriak izango dira eta gainontzekoa ura. Ezin da ura ukitu, bestela bihotza izoztuta geratzen da eta haurra ezin da leku horretatik mugitu. Haurrak uztai batetik bestera mugitu behar dira eta norbait lakura erortzen bada, izoztuta geratuko da erori den lekuan bertan. Berriz ere mugitzen hasteko norbaitek besarkada bat eman behar dio. Taldearen helburua inor izoztuta ez egotea da.

Jolasa praktikan ipini ondoren talde hausnarketa: batzuetan nahiz eta ikusi norbait geldituta dagoela, ez dira geratu muxu bat edo besarkada bat ematera, orduan, gogoratu egin behar izan zaie jolasaren helburua zein den. Dibertigarriago egiteko, gauza bera, baina musikarekin egin daiteke, alaiago egiteko.

LAGUNEN PASILOA

HELBURUAK: Jolas honekin lortuko ditugun helburuak ondorengo hiru eremuetan landuko ditugu.

  1. Garapen sozio-afektiboa

- Auto-kontzeptua eta autoestimua lantzea.

- Baloratua sentitzea.

- Ahozkoa eta ahozkoa ez den komunikazio gaitasuna lantzea.

- Talde kohesioa sustatzea.

- Norberarengan eta besteekiko konfiantza lantzea.

  1. Garapen kognitiboa

- Hizkuntza lantzea (adierazpena eta ulerkortasuna) .

- Arreta mantentzen ikastea.

  1. Garapen psikomotorra

- Norabide nozioa barneratzea.


DESKRIBAPENA:


Taldeko kide guztiak bi ilaratan jarriko dira, aurrez aurre pasillo bat osatuz. Txandaka, jokalari bakoitzak pasilloa zeharkatuko du eta gainontzeko ikaskide guztiek zerbait atsegina esango diote (adibidez: atsegina zara, jostailuak uzten dizkidazu, eskuzabala zara... ) edo modu batera edo bestera sinpatia adieraziko diote (musu bat, besarkada bat, edo bururatzen zaien edozein gauza).

MAITE ZAITUT

HELBURUAK: Jolas honekin lortuko ditugun helburuak ondorengo hiru eremuetan landuko ditugu.


  1. Garapen sozio- afektiboa

- Auto-kontzeptua eta autoestimua lantzea.

- Baloratua sentitzea.

- Ahozko komunikazioa lantzea.

- Talde kohesioa sustatzea.

- Norberarengan eta besteekiko konfiantza lortzea.

  1. Adimen garapena

- Hizkuntza lantzea: adierazpena eta ulerkortasuna.

- Arreta mantentzen ikastea.

  1. Garapen psikomotorra

- Norabide nozioa garatzea.


DESKRIBAPENA:


Jokalariak aulkietan eseriko dira biribil bat osatuz. Jokalari bat, berriz, erdian geratuko da zutik. Nahi duen laguntxoarengana gerturatu eta zergatik maite duen esango dio; adibidez, “maite zaitut kamiseta urdina duzulako”. Jarraian, kamiseta urdina duten pertsona guztiak aulkitik altxa eta beste aulki batean eseriko dira. Horrela, erdian beste pertsona bat geratuko da. Azken hau beste batengana gerturatu eta beste haur bati zergatik maite duen adieraziko dio.

BESARKADA MUSIKALA

HELBURUAK:

  • Ez-hitzezko komunikazioaz ohartu, landu eta etorkizunean erabiltzea.

  • Talde barnean kohesioa izatea. Besakaden bidez taldekideekin duten lotura handituz.

  • Emozioak adieraztea eta sentitzen dutena besteekin konpartitzea.


DESKRIBAPENA:


Musika bizia entzuten den bitartean, haurrek jauziak emango dituzte eta modu librean arituko dira dantzan ikasgelaren barruan. Musika geratzean, berriz, (pertsona helduak geratuko du) haur bakoitzak inguruan duen kideren bat besarkatu beharko du. Haur guztiak elkarri besarkatuta daudenean (pareak ez badira, hirunaka ere besarka daitezke), berriz ere musika jarriko da, eta parte-hartzaileak berriro hasiko dira jauzika eta dantzan, harik eta berriz musika gelditzen den arte. Orduan, beste kideren bat besarkatu beharko dute berriz ere.

Jolasaren nondik norakoak adieraztean, komeni da azaltzea alboan duten kidea besarkatu beharko dutela; izan ere, helburua da taldeko ahalik eta kide gehien besarkatzea.