IKASTETXEAREN ILDO METODOLOGIKOA
KOLDO MITXELENA institutuko hezkuntza jardueran, ikasleek oinrrizko konpetentziak lortze aldera, ildo metodologiko hauek bultzatuko dira:
- Hezkuntza jarduera guztiak oinarrizko zehar konpetentziak eta diziplina baitako oinarrizko konpetentzia espezifikoak lantzeko xedearekin. Beraz, hezkuntza jarduera guztiek “egiten jakitea”ren ikaskuntza dute ardatz; hau da, jakintza bat aplikatu egiten da, hainbat testuingurutara egokitzeko aukerak dituena eta izaera integratzailea duena, ezagutzak, prozedurak eta jarrerak bateratuz.
- Ikasleek eguneroko bizitzako arazoei aurre egiteko konpetentziak bereganatu behar dituztenez, gure ikasgaietan hobesten ditugun jarduera didaktikoak dira integrazio-dinamiketan edo/eta erronka-egoerei aurre egiteko dinamiketan garatzen direnak. Arloko edo arlo-arteko proiektuetan kokatutako arazo edo erronka egoerak ikasleen errealitatearekin lotuta daude.
- Planteamendu globalak edota diziplina artekoak bultzatzen ditugu, arlo eta/edo diziplina guztietako ezagutzak integratzen dituzten jarduerak proposatuz.
- Ikastetxeen arteko proiektu didaktikoak bultzatzen ditugu, Euskal Herriko nahiz nazioarte eremuko ikastetxeen artean.
- Denbora eta espazioa malgutasunez antolatzeko aukera errazten dugu; ikasleen premien, beren ikaskuntza-prozesuaren eta plangintza didaktikoen arabera.
- Ikasleek ‘egiten jakin’ behar dutenez, ikasleak hezkuntza jardueraren protagonismoa hartzera bultzatzen ditugu eta hezkuntza jardueretan aktiboki aritzen dira, entzule izan beharrean ekintzaile izanez, eta irakaslea gidari dutelarik. Azken batean, eginez egiten ikastea da helburua.
- Gizarteak, oro har, eta lan munduak eskatzen duen elkarlanerako gaitasuna lantzeko asmoz, lan kooperatiboa funtsezkoa da arazo edo erronka egoerei aurre egiteko, baina norbanakoaren lan eta ahalegina eskatzen duten jarduerak ere bideratzen ditugu.
- Konpetentzia orokorrak lortze bidean, material eta baliabide anitzak erabiltzea bultzatzen da, eta guztien artean, IKTak ezinbesteko tresnak dira, gaur egungo gizarte digitalizaturako ikasleak presta daitezen.
- Ikasleek konpetentzia horiek bereganatzeko prozesuan malgutasunez jokatzen dugu, ikasleen aniztasuna eta taldearen elkarbizitza kontuan izanik, ikasle bakoitzari eskakizunak egokituz.
- Eskolan eta eskolako espazio guztietan lan egiteko giro afektibo aproposa garatzen dugu, segurtasun afektiboa izan dezaten, ikasle guztiek arrakasta lortzeko duten aukera eta eskubideak aintzat hartuta. Hala, ikasteko eta egitekoetara gerturatzeko konfiantza, segurtasuna, motibazioa, zoriontasuna sustatuko dira ikasleengan, emozioen lanketaren bidetik.