Azken ikasturte hauetan, ikastetxearen digitalizazioan aurrerapauso handiak eman dira eta ikasgaietako jarduera didaktikoetan ere IKTen erabilera handiagotzen joan da. Horregatik, egunerokotasunean ikasleek beharrezkoa zuten ordenagailua erabiltzea, baina ikastetxeko azpiegiturekin (informatika gelak) ezinezko zen eskariari aurre egitea. Horregatik ezinbestekoa izan da 1x1 (ikasle bat ordenagailu bat). Honek ikasle bakoitzak lan tresna lez bere ordenagailu pertsonala izatea suposatzen du, bai institutuan bai etxean lan egin ahal izateko.
Teknologiaren erabilera eguneroko bizitzaren esparru guztietara hedatu den garai hauetan, ikaslearen ikasketa tresnetan aldaketa hau ezinbestekoa zela ikusten genuen; paper formatuarekin alderatuz, formatu digitalak eskaintzen dituen aukerak askoz zabalagoak baitira.
2015-2016 ikasturtean, Sare Hezkuntza planak eskaintzen zituen laguntzak probestuz, ekin genion 1x1 ereduari DBHko 4. mailarekin eta urtez urte zabaltzen joan gara ia maila guztietara (DBH1 falta zen) hedatu arte. Ikasleek erosten zuten gailua (Chromebooka) eta familiak zuten ardura guztia.
2020-2021 ikasturtean, Hezkuntza Sailak irakasle bakoitzarentzat ordenagailu bat eman zuen.
2021-2022 ikasturtean, Hezkuntza Sailak, Digitalizazio Plana bultzatu ahal izateko, ikasleek irakaskuntzarako ordenagailu eramangarri egokia izatea eskatzen zuela eta, DBH eta Batxilergoko ikasle guztiei chromebook bat eskuratu zien, mailegu modura, gelan nahiz etxean erabiltzeko.
Beraz:
Ikasle bakoitzak bere ordenagailua (Chromebooka) du eskola tresna modura, gelan nahiz etxean jarduera akademikoak burutzeko. Gailuak Hezkuntza Sailarenak dira eta berak kudeatzen ditu, nahiz eta, erabilera desegokien kasuan familiak izan erantzukizuna.
Irakasle bakoitzak bere ordenagailua du, ikastetxean nahiz etxean erabiltzeko.
Ikasle bakoitzak bere Google erabiltzailea izango du (ikastetxeko koldomitxelena.net domeinua) eta Googleren aplikazio multzoaren bidez, eta interneten doan dauden beste hainbat aplikaziori esker, jarduera didaktiko digitalak aurrera eramateko beharrezko software baliabideak eskuratuko zaizkio.
Testu libururik ez dute izango (salbuespenen bat kenduta, lizentzia digitala erabiliko dutena) eta ikasgairako beharrezko edukiak ikasgaiko webgunean eskainiko zaizkie (IKAS-GUNEA).