BERRIKUNTZA METODOLOGIKOA

Urteak dira ikastetxean irakasleok metodologia aktiboetan oinarritutako jarduerak aurrera eramaten saiatzen ari garela. Gaur egun, ikasgai guztietan aplkatzen dira metodologia parthartzaile hauek neurria handiagoan edo txikiagoan. Esan daiteke proiektuka lan egiteko dinamikak orokortuta daudela, naiz eta kurrikulum guztia ez landu horrela.

2019-2020 ikasturtean egindako diagnosian emaitza hauek jaso ziren: 150 proiektu burutzen dira ikasgai barnean, 6 proiektu arloartekoak eta ikastetxe ezberdinen artekoak (gehienak nazioartekoak) beste 6.


ARAZOETAN OINARRITUTAKO UNITATE DIDAKTIKOAK

Hezkuntza Sailak, Heziberri 2020 plangintzaren arabera, gure jarduera didaktikoan aurrera eramango ditugun Unitate Didaktikoak arazo-egoeratan oinarritutakoak izan behar direla dio. Xede horrekin, ikasturtero (2016-2017 ikasturtean hasita), ikasgai bakoitzean eta maila bakoitzean, arazo-egoeran oinarritutako unitate didaktiko bat planifikatzea eta aurrera eramatea eskatzen du DBHn. Horrela, urtez urteko lanarekin, Programazio Didaktiko osoa modu horretako unitate didaktikoz osatu arte.

Irizpide hori jarraituz, KOLDO MITXELENA ikastetxean, arazo edota erronka egoeretan oinarritutako unitate didaktikoak sortzen ari gara, ikasgaietako Programazio Didaktikoak osatzen joateko. Irakasleak izugarrizko lana egiten ari dira unitate didaktiko berriak sortzen, ikasketa prozesua curriculum berrira egokitzeko. Aurretik hasiak ginen arazo edo erronketan oinarritutako proiektuak aurrera eramaten ikasgai ezberdinetan (ikasgaien artekoak ere gauzatu izan dira), esperientzia sakabanatuetan. Beraz, Hezkuntza Sailaren ekimen hau oso ongi etorri da aldaketa metodologikoa orokortzeko, metodologia aktiboak gure jarduera didaktiko guztietan txertatzeko eta finkatzeko. Batxilergoan, derrigorrezkoa ez bada ere, hainbat ikasgaietan ahalegin handia egiten ari dira unitate didaktikoak arazo-egoera moduan antolatzeko.

PROIEKTUETAN OINARRITUTAKO IRAKASKUNTZA (PBI)

Proiektuetan oinarritutako irakaskuntza bat dator ikastetxearen metodologia ildoarekin, metodologia aktibo bat baita, proiektu baten inguruan ikasleak aktiboki lanean jarduten baidute. Horregatik, zenbait ikasgaietan proiektu moduan antolatutako Unitate Didaktikoak aurrera eramaten dituzte, eta Gaztelania, Kultura Klasikoa eta Teknologia ikasgaietan programazio guztia metodologia horren inguruan antolatzen dute.

EKI PROIEKTUA

EKI proiektua Ikaselkar argitaletxeak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean DBHrako sortu duten ikasmaterial berria da. Proiektuak ikaslearen irteera-profila du ardatz, konpetentzietan oinarritutako kontzepzio didaktikoaren aldeko hautua egiten du, euskal curriculumeko eta curriculum ofizialetako kultur edukiak uztartzen ditu, zeharkakoak eta diziplina barruko konpetentzien lanketa proposatzen du eta hizkuntzen curriculum integratua sustatzen du. Oinarrizko konpetentzien garapenaren bidez ikasleak bizitzako egoera eta eremu guztietan eraginkortasunez jarduteko prestatzea da EKI proiektuaren helburua.

Berrikuntza horien artean aipa daiteke oinarrizko konpetentziak (zeharkakoak edo diziplina barrukoak) ardatz dituen ikaslearen irteera-profilean eta integrazioaren pedagogian oinarritutako curriculuma dela.

Ikaslearen irteera-profila

Edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak: pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du.

Integrazioaren pedagogia

Egoera erreal baten aurrean, ikasleak egoera horretan behar dituen baliabideak bilatzen eta erabiltzen ohitu behar du; bakarrik nahiz talde-lanean, irtenbideak aurkitzen saiatu behar du, eta ikasi duena egoera berrietan baliatu.

Ikasmaterial honen ezaugarri esanguratsuenak bat datoz ikastetxeak zehaztuta dituen Ildo Pedagogikoarekin. Horregatik, zenbait ikasgaietan ikasmaterial hau erabiltzea erabaki da:

DBH1: Euskara, Gaztelania, Geografia-Historia

DBH2: Euskara, Gaztelania, Geografia-Historia, Fisika-Kimika

EREDU DIDAKTIKO ONEN JARDUNALDIAK

Aldaketa metodologikoen inguruan irakasleek aurrera eramaten ari ziren lan onak ikusita, Eredu Didaktiko Onak biltzea eta gordetzea pentsatu genuen.

Ikastetxe berean irakasten egon arren, askotan irakasleok ez dugu elkarren jardunaren berri izaten, eta horregatik esperientzia arrakastatsuen topagune bat sortzea pentsatu genuen. Aldaketa metodologikoak edota esperientzia didaktiko arrakastatsuen elkar trukatzea ekainaren azken egunetan, saio lektiborik gabeko egunetan, egiten dugu. Aurrez programatutako egitarau batekin, goiz batez, irakasle bakoitzak bere esperientziaren berri ematen dio gainontzeko irakasleoi eta elkar aberaste izugarria suposatzen du.

Eredu Didaktiko On hauek jasotzeko asmoz webgune batean esperientzia hauek biltzen joan gara, horrela, hurrengo kurtsoetan aplikatzeko ideiak har ditzagun. Webgunean, aurkezpen bakoitzaren fitxa laburpen bat eta bideo grabazioa bat dago.

EREDU DIDAKTIKO ONEN JARDUNALDIAK WEBGUNEA