Lurrazala etengabe aldatzen da. Aldaketa hauek pixkanaka pixkanaka (higadura) ala bat batean (Lurraren barne energia dela eta) gerta daitezke.
PIXKANAKA PIXKANAKA
HIGADURA
Normalean ibaien, uharren, haizearen eta itsasoaren eraginez harriak higatzen dira.
· Ibaiek eta uharrek beren ibilguak higatzen dituzte pixkanaka.
· Haizeak arrastaka eraman dezake lurzorua. Gainera, haizea hondarrez beterik doanean, harrien behe-beheko zatia higatzen du.
·Itsasoak labarren beheko aldea higatzen dute eta arkuak eta gangak sortzen ditu.
GARRAIOA ETA SEDIMENTAZIOA
Urak eta haizeak higatutako materialak garraiatzen dituzte. Material horiek distantzia luzeak egin ditzakete.
Uraren eta haizearen abiadura moteltzen denean, sedimentazioa gertatzen da. Hau da, materialak azalean pilatzen dira.
Hala, ibaiek deltak osatzen dituzte bokalean eta haizeak, berriz, dunak basamortuetan eta itsasbazterretan.
BAT BATEKOAK
Lurrak energia handia gordetzen du barruan. Energia horren eraginez mendilerroak sortzen dira; eta lurrikarak eta sumendiak gertatzen dira.
LURRIKARAK
Lurrikarak lurrazalean bat-bateko mugimenduak dira.
Lurrikara txikiak etengabe gertatzen dira baina, oso ahulak direnez ez ditugu hautematen
Batzuetan, ordea, lurrikarak oso bortitzak dira eta hondamendi handiak sortzen dituzte: eraikinak eta zubiak erortzen dira, errepideak eta trenbideak apurtzen dira, ibaien bidea aldatzen da…
Sumendia lurrazalaren irekigune bat da.Lurraren barneko magma gainazalera ateratzen da irekigune horretatik. Lurrazalera iristen denean, magmari laba esaten zaio.
Sumendiek aldiak izaten dituzte: batzuetan ez da ezer gertatzen eta beste batzuetan sumendi-erupzioak gertatzen dira. Horrelakoetan laba isurtzen dute, eta horrez gain, gasak eta errautsak ere kanporatzen dituzte.
Sumendiaren atalak hauexek dira: magma, konoa , kraterra, tximinia, eta laba.
Sumendia
SUMENDIEN ETA LURRIKAREN ARRISKUAK
Sumendien erupzioak arriskutsuak izan daitezke; batez ere, jendea bizi den lekuetatik gertu gertatzen direnean.
Laba ez da sumendien arriskurik handiena, beste produktu batzuk arriskutsuagoak dira: gas toxikoak eta suzko hodeiak.
Erupzio bortitzen eraginez, uharte txiki osoak desager daitezke, baita uharte txiki berri bat agertu ere.
Espainian ez dago lurrikarak gertatzeko arrisku handirik; ezta Euskadin ere.
Azken aste hauetan Kanariar Uharteetako El Hierro irlan lurrikarak gertatzen ari dira eta bere kostaldean sumendi-erupzio bar gertatzen ari da. Adituek diotenez irla berri bat ager daiteke horren ondorioz.
Kanarietatik kanpo, ez dago sumendi bizirik Espainian.
LURRAZALEKO HARRIAK JATORRIAREN ARABERA
MAGMATIKOAK
Magma hozten denean sortzen diren harriak dira.
Oso gogorrak dira.Harri magmatikoak dira: basalto, pumita eta granitoa.
SEDIMENTARIOAK
Beste harri batzuen eta izaki bizidun batzuen hondakinetatik eratzen dira.
-Harri mota ezberdinen hondakinez sortzen dira: konglomeratua, hareharria eta buztina.
- Izaki bizidunen hondakinez sortzen dira: ikatza eta petrolioa.
-Uretan disolbatutako substantzien bidez eratzen dira: igeltsua eta kareharria.
- Harri sedimentario batzuetan fosilak daude, hau da, izaki bizidun batzuen hondakinak harri bihurtu eta harri moduan gorde dira.
METAMORFIKOAK
Beste harri batzuetatik sortzen dira, presioa eta tenperatura igotzearen eraginez.Buztinetik arbela eratzen da eta kareharritik marmola.
HARRIEN ZIKLOA
Harriek hainbat eraldaketa izaten dituzte, eta harri mota batzuk beste era batekoak bihur daitezke. Transformazio horietatik sortzen da harrien zikloa.