Literatura lanak bi modutara egon daitezke idatzita: hitz lauz eta neurtitzez.
Hitz lauz edo prosaz idatzitako testuetan, esaldiak edo perpausak bata bestearen segidan idazten dira, paragrafoak osatuz.
Neurtitzez idatzitako lanetan ( hots, poesian ) esaldiak labur-laburrak izan ohi dira eta,elkarren segidan idatzi beharrean, sarritan eten eta bata bestearen ezpian idazten dira.
ILARGIA
Ilargia Lurraren satelite natural bakarra da, eta Lurretik 384.000 kilometrotara dago. Ez du berezko argirik, Eguzkitik jasotzen duen argia islatzen du.
Ilargiaren azala ertz menditsuz inguratutako ordoki zabalez eratuta eta zenbait tamainatako kraterez josita dago.
ILARGIA
Bart arratsean leihotik
sartu zait ilargia,
eta bertatik bertara
ikusi diot aurpegia:
Alde bat iluna
bestea argia,
eta begiratua
gardena eta garbia.
OLERKIA
Poema edo olerkia literatura-testu mota bat da. Poemak neurtitzez idatzita egon ohi dira eta laburrak izaten dira normalean.
Poema batzuk irakurleari eder eta jolasgarri gertatzeko egiten dira, beste batzuk sentimenduak eta bizipenak adierazteko ( maitasuna, poza, tristura... ) beste batzuk barre eragiteko...
HUTSA ETA INFINITUA
Zenbaki guztiak dira
hutsaren jeloskor:
“Zergatik da biribila
bera ez bada inor?”
Bi huts elkarren ondoan,
maitasunak lotu ditu:
jadanik ez dira hutsak,
baizik eta infinitu.
Gerrara baldin bazoaz, zoaz.
Baina utz ezazu alde batera Jainkoa,
eta Herria, eta Justizia…
Bi hitz soilik daramatzazu zurekin:
Mendekua eta Garaipena.
Bi hitz bakarrik dauzkazu zain:
Hondamendia eta Errua.
BERTSOAK
Bertsoak ahozkoak dira batez ere; bat-batean asmatu eta kantatu egiten dira. Baina badira idatziz sortutako bertsoak ere, bertso idatziak.
Bertsoak, ahapaldiak, lerroz, puntuz eta oinez osatzen dira. Lerro eta silaba kopuruaren arabera, bertsoak mota askotakoak izan daitezke.
Bertso-lerro poema osatzen duen lerro idatzi bakoitza da. Luzera askotakoak izan daitezke.
Ahapaldiak bertso-lerro multzoak dira.
Puntua errimatik errimara doan bertso zatia da. Normalean puntuak bi lerro hartzen ditu.
Oina, berriz, puntuko azken hitza da, errima duen hitza.
ZERGATIK, AITONA?
Zergatik, aitona,
zaude okerturik?
Zergatikan, esan,
buruzuriturik?
Zer dela-eta zaude
Zahar-itzala harturik?
Txikia naiz eta
jakin nahi nuke nik.
Umea, zahartu naiz;
Joan zait indarra.
Ni nauzu zuhaitz bat
erdia iharra.
Zu egunsentia,
ni ilunabarra.
Itzaltzen ari zait
bihotzeko karra.
LAGUN BAT
Bada gorroto dudan lagun bat.
Zuhaitzean gora egin nahi dudanean
“ez, ez, ez, hobeto ez” esaten dit,
“laprast eroriko zara lurrera”.
Bada gorroto dudan lagun bat.
Futbolean jolastu nahi dudanean
“ez, ez, ez, hobeto ez” esaten dit,
“ipurdi azpitik sartuko dizute gola”.
Bada gorroto dudan lagun bat.
Gustuko neskarengana hurreratzean
“ez, ez, ez, hobeto ez” esaten dit,
“ez du zurekin nahiko berak”.
Bada gorroto dudan lagun bat.
Lagun horren izena LOTSA da.
“Ez, ez, ez, inola ez” esaten diot gauero,
“bihar ez dizut kasurik egingo bada”.
BERTSO-LERROEN LUZERA
Bertso-lerroen luzera neurtzeko, silabak zenbatu behar dira. Silabak zenbatzeko orduan kontuan izan behar dira, besteak beste:
Hitz bateko bi bokalek diptongoa osatzen duten ala ez.
Hitz bat bokalez bukatzen bada eta hurrengoa bokalez edo h letraz hasten bada,bi bokalak batera ahoskatzen dira. Horri sinalefa deritzo.
ERRIMA
Poemetako bertso-lerroen azken hitzek, sarritan, amaiera hoskide izaten dute, hau da, hots berdina edo antzekoa dute. Horri errima deritzo. Errimak zolitasuna eta erritmoa ematen dio poemari.
Poema batzuek, alabaina, ez dute errimarik izaten.
Bi motatako errimak daude : pobrea eta aberatsa.
Errima pobrea: errimatzen duten hitzen hoskidetasuna oso handia ez da.Adibidez:azken bi bokalak ( ordua - burua ).
Errima aberatsa: errimatzen duten hitzen hoskidetasuna handia da.Adibidez: bokaleta kontsonanteak (elizan – gerizan ).
JOXEPANTONI
Joxepantoni, kolore gorri,
kapitan baten alaba,
aitak doterik emon ez arren
bilatuko dau senarra.
Astelehenean ezkondu eta
martitzenean basora,
eguaztenean orbela batu,
eguenean etxera.
Barixakuan bandeja prestau,
zapatuan be plazara,
domekan bere apaindu eta
hamarretako mezara.
EDERRA ZARELA
Ederra zarela
pentsetan badozu
ispilu faltsu horrek
engainetan zaitu.
Erreka-bazterreko
lirio-lorea,
ez naz ederra baina
bai ederzalea.
KOPLA
Lau lerroko bertsoa da. Bi kopla mota bereizten dira: Kopla txikia eta kopla handia.
Kopla txikiak 7 eta 6 silabako lau lerro ditu, eta errimak bigarren eta laugarren lerroen amaieran daude.
Kopla handiak 10 eta 8 silabako lau lerro ditu, eta errimak bigarren eta laugarren lerroen amaieran daude.
ZORTZIKOA
Zortzikoak zortzi bertso-lerro ditu, eta kopletan bezala bi mota bereizten dira: zortziko txikia eta zortziko handia.
Zortziko txikiak 7 eta 6 silabako zortzi lerro ditu, eta errimak lerro bikoitiaren amaieran daude.
Zortziko handiak 10 eta 8 silabako zortzi lerro ditu eta errimak, aurrekoan bezala, lerro bikoitien amaieran daude.
HAMARREKOA
Hamarrekoak hamar bertso-lerro ditu eta silaba kopuruaren arabera hamarreko txikia eta hamarreko handia bereizten dira.
Hamarreko txikiak 7 eta 6 silabako hamar lerro ditu, eta errimak lerro bikoitien amaieran daude.
Hamarreko handiak 10 eta 8 silabako hamar lerro ditu, eta errimak lerro bikoitien amaieran daude.