ESKOLAZ KANPOKO ORUBEA

Espazioa informazioz eta afektibitatez bete-beterik dago eta ikastetxeetako espazioek ere zerbait esaten digute uneoro, bertan ari diren pertsonei, bere lan era eta jarduerei buruz, bere orube eta jolastokiei begiratu eta gero… horma, hesi, isilune edo zarata, usain, paisaia, argi eta abarren bidez.

Ildo horretan, jolastokia, jolas eta aisialdi gunea dena, jasangarritasun hezkuntzaren helburuak sustatzeko eraldaketa hasteko espazio oso egokia da. Espazio horrek emoziozko balioak eta eskola paisai gisa ere balio handiak ditu, ikastetxeari buruz informatu eta txunditzen gaituelako.

Ikastetxearen espazio eta orubea hobetzeak, bertan ematen diren aprendizai-prozesuen kontinentea hobetzea dakar, horrek suposatzen dituen dimentsio guztiak garatuz, hala nola, pertsonalak, giza hiritarrak, zientifikoak eta artistikoak.

Hona hemen hainbat aholku eraldaketa horretarako:

  • Eskolaz kanpoko orubearen irisgarritasuna bermatzea.
  • Kanpoan zabor eta hondakinik ez egotea ziurtatzea.
  • Autoen aparkalekuak murriztu eta bizikletentzako bidegorriak eraikitzea eta seinaleztatzea.
  • Oinezkoentzako bideak seinaleztatuta egotea eta nahiko zabalak izatea.
  • Bizikletak aparkatzeko barrak jartzea.
  • Gaikako bilketako zakarrontziak jolastokietan eta sarreran neurriz kokatzea, puntu bakoitzean hondakin mota guztientzat.
  • Apaintzeko eta horma-irudiak egiteko, hormak eta paretak erabiltzea.
  • Biodibertsitatea handitzeko, ekosistema txikiak sortzea edo/ta daudenak zaindu eta hobetzea: horma zaharrak, berdeguneak, putzuak, egur hilak, intsektuen hotelak, txorientzako jantokiak zuhaitzetan...
  • Jolastokietan egurrezko eserlekuak jartzea.
  • Burdinazko ate edo hesiak landareekin ordezkatu edo estaltzea.
  • Leihoetan lorontziak jartzea.