Agresibitatea, kasketak, kideen arteko harremanak

KIDEEN ARTEKO HARREMANAK

Jolas egoeretan haurrek beren beharren eta interesen arabera erabakitzen dute norekin jolastu eta ondorioz bakarka, binaka edo taldetxoetan jarduten dute.

Haur bakoitzak bere interes eta beharrak asetzeko aukera handiagoak izango ditu.

Etorkizunean lagungarri izango zaizkion harremanetarako gaitasun eta estrategiak garatzeko aukerak izango ditu.

Ez da komeni irakasleak, gurasoak erabaki horietan esku hartzea beraien erabakietan konfiantza izan dezakegu eta bakoitza nola dagoen behatu, eta beharrezkoa denean, soilik, esku hartu.

Gatazkak gizarte harremanen berezko ezaugarriak eta prozesu eraikitzaile dira.


PAREKIDEEN ARTEKO HARREMANETARAKO SENA

Badu umeak bere parekideekin hartu eta emateko berezko gaitasuna. Izaki soziala izanik, estrategia ebolutibo hori beharrezkoa du bere parekoekin harremanak eraiki ahal izateko, eskaini eta eskatzeko, bere gorputz-enbor, esku, begirada, irribarrea modu egokian erabiltzeko berezko gaitasuna du. Ez du ikasi behar elkarrekin gauzak egiten, lankidetzan jarduten. Lankidetza ordea lehenengo urteetan ez da bere ezaugarri nagusienetariko bat izango, egozentrismo garaia denez, aurrekoa aintzat hartzea ez zaio erraz egingo. Halere, besteekin nahi duen hori egiteko ezinbesteko izango zaio, jolastean irauteko adibidez, beste biderik ez duela biziko du. Jolasa izango da bere bizitza bizitzeko modua. Jolasean bere barne mundua plazaratu eta kudeatzen saiatuko da, besteekin harremanak garatzen hasteko bidea izango da, adiskidetasunaren oinarriak izango diren esperientziak bizitzeko.


ERASOTZEKO SENA

Halere, besteekiko elkarrekintza ezberdinetan berezkoa den beste gaitasun bat agertuko da, sarritan elkarrekintza hori apurtu eta mina eragingo duena. Agresioaz, erasoaz ari gara. Ez dira izaki gutxi gaitasun hori dutenak mundu honetan bizirauteko. Izaki horiek bezala, pertsonak elikatzeko eta bere burua defendatzeko erabiltzen du. Halere, besteengandik defendatzeko erabiliko du, beti ere lehenik aurrean duenaren ebaluazioa egin ostean, bestela ihes egitea komenigarriagoa izan daitekeelako.