Familia Elkarguneak

Elkarlanean gure haurrentzat testuinguru osasuntsu bat eraikitzen jarraitzeko asmoz, iaz martxan jarri genituen “familia elkarguneei” jarraipena emateko deialdia luzatzen dizuegu.

Zer dira familia elkarguneak?

Familion egonezin edo eta beldurrak entzunez eta ulertuz, umeen garapenaz ditugun bizipenak, sentsazioak, usteak, kezkak, beldurrak… partekatzea du helburu. Gurasoen ongizateari begirako estrategiak garatzeko bide izan daitezkeen saioak dira. Bakoitzaren bizipenei tartea eskainiz, transmisioan baino, elkarrizketan eta harremanetan ardaztutako saioak.

Iaz jasotako behar eta eskaerak kontuan hartuz, hauxe izango da ikasturte honetarako planteamendua:

Antolakuntza egokia izan dadin, saio bakoitzerako izen ematea egitea beharrezkoa izango da. Horretarako, saioaren data gerturatzean, saioan izen emateko lotura jasoko duzue!

ERAIKIZ PROIEKTUA

“IZATEKO HEZI”

Haurra gaitasunez beteriko pertsona dela oinarri hartuta eta munduaz ikasteko berezko gaitasuna duela sinetsita pertsonon ongizatea bermatzea du helburu ERAIKIZ proiektuak.

Haurrek berezko gaitasunak badituzte ere, haien garapena, osasuntsua izango da edo ez, eskaintzen zaien testuinguruaren ezaugarrien arabera.

HAURRA ULERTZEKO MODUA

Ernetzen ari den hazia bezalakoa da haurra.

Berez dakar landare bihurtzeko behar duena; lurrean zabaldu eta berez joango litzateke hazten. Baina hazi horri lur egokia, eskatzen duen ura, behar duen eguzkiaren beroa eta argia eta hobeto hazteko ongarria ematen bazaizkio, landare horrek berak dakarren lorea emango du.

Hortaz, hazi bakoitzaren beharrei erne egon behar dugu: berak adieraziko digu noiz behar duen ura eta zenbat ur behar duen ez itotzeko, noiz behar duen berotasun handiagoa edo noiz ari den erretzen, noiz dagoen aseta, bapo, gustura.


HAURRAREN SENAK

Espeziaren bizi-iraupenaren zerbitzura dauden eta besteekiko elkarrekintzan aritzeko berezko senak ditu haurrak. Ikasi ez dituenak eta berez genoman erregistratuta dakartzan egiteko moduak dira senak. (Atxikimendua; arakatzeko sena; beldurra; parekideen arteko harremanetarako sena; erasotzeko sena; erakusteko nahia; sexurako sena; zaintzarako sena)

Barruko edota kanpoko estimulu batek eraginda pizten dira eta biztearekin batera bere desira, nahi, gogo eta beharra asetzeko ekintzen katea (jokabideak) martxan jartzen dira.

Haurraren sen horiek pizten direnean, transmititzen dituen seinaleak interpretatzen jakitea eta behar horiei modu egokian erantzuna ematea funtsezkoa da haurraren garapenean.