Elgetako ludoteka herriko ekialdean dago, Torrealdea kalean.
2 eta 12 urte arteko haurrentzako zerbitzu bat da, izena-emateko aukera desberdinak ematen dituena: ikasturte osokoa, ikasturte erdikoa, hilabetekoa eta 10 egun solteko bonoa.
Arratsaldeko 16:00tan haurrak eskolatik jasotzean hasten da zerbitzua eta arratsaldeko 19:00tan amaitzen da. Eskolako egutegi bera dauka.
Ludoteka zerbitzuaren barnean egiten diren ekintzak aisia hezitzaile-kulturaleko jarduerak dira. Aurrera eramaten diren ekintza mota nagusiak:
Kanpoko jolasak
Eskulanak
Psikomotrizitatea lantzeko ariketak
Sormen jarduerak: dantza, musika, antzerkia…
Zirkuitu motorrak
Eraikuntzak
Mahai-jolasak
Jolas librea
Hauek dira Ludotekaren ezaugarri edota balore nagusiak:
Ludotekaren helburua nagusia haurra osotasunean garatzea da. Jolasa medio, hizkuntzaren eta balio hezitzaileen sustapenean lan egiten du. Ludotekak haurrari ikasteko askatasuna eman behar dio, norberak dituen beharrak eta mugak ezagutzeko, horiez jabetzeko eta onartzeko.
Denek lekua izango duten espazio bat izango da, guztien ezaugarrietara moldatutako espazio bat. Horretarako, ludotekako barne-espazioa ez da haurren jolasgune bakarra izango, kanpo-espazioak, kaleak, parkeak eta kirol guneak ere erabiliko dira. Haurrei sormena erabiltzeko aukerak zabaltzen dizkie horrek, askotariko jolasak asma ditzakete, egituratutako espazioak sortzen dituen presioak eragin gabe.
Ludoteka auzoaren parte ere bada, hau da, komunitatearen parte. Haurrek herriaren parte direla sentituz gero, beraien hitz eta iritziak kontuan hartzen direla ikusiz gero, parte hartzera animatzen ditu.
Euskararen erabilera zabaldu eta bultzatuko da. Haurrak kalean eta euskaraz jolasten badira, euskararen erabilera areagotuko da espazio horietan.
Ludotekako helburu garrantzitsuenetarikoa balioetan heztea izango da: hizkuntza eta herriarekiko maitasunean, auto-estimuan, errespetuan, aniztasunean, autonomian, lankidetzan, laguntasunean, parte-hartzean…