Curriculum honen helburu nagusia herriko txikiei esparru ezberdinetan herriko ondare material zein inmateriala helaraztea da, hau da, ondoko galdera erantzuteko baliabideak sortu, bildu eta antolatzea: zer jakin behar du Elgetako haur batek Elgetaren inguruan?
Elgetako Herri Curriculuma (EHC) Elgeta Herri Hezitzailea ekimenaren baitan jaiotzen da, bereziki beronen talde motorreko kide diren eragile hauen elkarlanetik: Elgeta Herri Eskola, Elgetako Liburutegia eta Elgetako Udala. Ildo honetan, talde motorrak 2024/2025 ikasturtean herriko ondarea biltzeari ekin zion, bilketa honetarako herriko elkarte ezberdinen laguntza eskatuz. Jasotakoak eta berauen ahalmenak kontutan hartuz, 2025/2026 ikasturtean curriculum hau diseinatu da, eta diseinu hau ahalik eta gehien aberasteko Iraleko R600 (Curriculumaren Euskal dimentsioa) ikastaroa baliatu da. Hortaz eta laburtuz, iturri hauetatik edan du curriculum honek:
Elgeta Herri Hezitzailea egitasmoko talde motorra: herri eskola, liburutegia eta udala.
Elgeta Herri Hezitzaileko foroko elkarteak: Udal artxiboko taldea, Goibeko, Elgetan berbetan, Kantsatzeke, Baratze parkea…
Iraleko R600 ikastaroa
Elkarreragin hauetatik sortutako dokumentu hau irekia eta berreraikia izateko nahiarekin sortzen da, hau da, esperientzian oinarrituz eraldatuz eta osatuz joateko anbizioa du. Izan ere, eragile eta ikuspegi ezberdinen lankidetza oinarri izan badu ere azaldu bezala, inplementatu ahala hutsuneak eta hobetzeko beharrak agertzea ekidin ezina izango da, eta beraz, praktikan oinarritutako eguneraketak egiten joatea beharrezkoa deritzogu.
Honela bada, curriculum honen bidez jolastu, zikindu, abestu, dantzatu… baina batez ere Elgetaz ikasi eta Elgetarekin gozatu!