Elgeta Gipuzkoako mendebaldean dagoen udalerri txikia eta euskalduna da, Debagoiena eskualdean eta Bizkaiko mugan dagoena. Mugakide hauek ditu: iparraldean Eibar eta Zaldibar (Bizkaia), hegoaldean eta ekialdean Bergara eta mendebaldean Zaldibar eta Elorrio (Bizkaia).
Gipuzkoako herri altuenetariko bat da, itsas mailatik 462 metrotara.
Herriguneaz gain, Aixola, Goimendi, Egotxeaga, Larragibel, Arantzeta, Uriburu, Uriarte, Antzuategi, Isusigarra, Arrota eta Asentzio landa-auzuneek osatzen dute udalerria.
Elgetako lurretan Intxorta, Mendratxo (Intxortatxiki), Gazteluatx, Eguarbitza, Goikomendi, Azkonabieta eta Galdaramuño mendiak daude. Larreekin tartekatuta eta pago eta haritz bakan batzuk oraindik ere badaudela, zuhaitz mota nagusiena pinua da.
Azaleraz 16,83 km karratu ditu eta 1.100 biztanle inguru. Azkenengo urteetan egindako etxebizitza ugarien ondorioz kanpotik etorritakoen kopurua hazi egin da.
Biztanle hauen %85a gutxi gorabehera, euskal hiztunak dira. Mendebaleko euskararen aldaera bat da herriko jatorrizko euskalkia, sortaldeko azpieuskalkiari dagokion Debaerdiko euskara hain zuzen.
Kulturalki herri oso aktiboa da, agenda oso zabala du eta adin ezberdinei luzatzen zaie. Udala eta herriko elkarte ezberdinak elkarlanean aritzen dira adin guztiei ekintza ezberdinak eskainiz.
Elgetako historian hauek lirateke mugarri nagusiak:
Erdi Arokoak dira lurralde honetako lehenengo biztanleak, gaurko Olaegi eta Jaolatza baserrien inguruan, Uberan. Zonalde horretan ere Uriarteko Andra Mariren santutegia dago, eskualdeko lehendabiziko aztarna kristaua dena, XIV. mendekoa. Garai hartan ere, zehazki 1335eko irailaren 13an, Gaztelako Alfontso XI.a erregeak Elgetako hiribildua fundatu zuen eta Gasteizko forua eman zion.
1924ko maiatzaren 18an bertan sortu zuten "Federación Vasco Navarra de Alpinismo" elkartea.
1936ko urritik 1937ko apirilera arte Espainiako Gerra Zibilaren frontea herrian egon zen, 7 hilabeteko erresistentzia egin zuten han. Intxorta mendiak izan ziren gudarien gotorlekua Intxortetako guduan.
Ekonomiari dagokionez, lehen sektore ekonomikoa nagusia izan da tradizionalki Elgetan, abeltzaintza eta basogintza nagusiki. 1965 inguruan industrializazioa hasi zen, eta gaur egun herriko jarduera osoaren erdia hartzen du. 2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak: lehen sektorea BEGaren %1,5, bigarren sektorea %74,7 eta hirugarren sektorea %23,8. Maila sozio-ekonomikoa erdi-goi mailakoa da, eta langabezia %10 azpikoa da.
Elgeta herriak eskaintzen dituen zerbitzuen artean haurreskola, eskola, eguneko zentroa, liburutegia, kiroldegia, ludoteka, medikua, farmazia edota dendak daude.