Heriotzaren esanahiaren inguruan hitz egiteko, lehenik, adierazpen konplexua dela izan behar dugu argi. Izan ere, gertakari biologikoaz gain, ñabardura sozialak, kulturalak nahiz erlijiosoak dakar harekin.
Hortaz, existitzen diren pentsaera eta sinesmen bakoitzetik abiatuz heriotzaren definizio bat eraiki genezake, heriotzak baduelako, batetik, alde objektiboa, guztiok modu berean ulertzen duguna, eta, bestetik, alderdi subjektiboa, heriotzaren ostean gertatzen denaren inguruko usteari dagokiona. Bernard Gert-ek heriotzaren definizioa ikuspuntu biologikotik aurkezten du, bere hitzetan heriotza klinikoki behagarri diren organismoaren funtzio guztien gelditzea da, bai eta organismo beraren alderdi identifikagarri guztietan kontzientziaren galtze iraunkorra. Hala ere, honek organismoa osotasun baten moduan ulertzen du, baina badira beste aditu batzuk gorputzaren heriotza eta adimenaren heriotza bereizten dituztenak, horrek ondorio batzuk edo beste ekarriz.
Garrantzitsua da heriotza ulertzeko modu ezberdinak daudela presente izatea, gizabanakoaren sinesmenek dolu prozesuan eragina izanen dutelako. Heriotzaren inguruko ezberdintasun horiek pertsonaren izaera eta pentsaeraren araberakoak izan daitezke, baina, askotan, jatorri orokorrago bat dute, hala nola, kultura eta erlijioa.
Gaur egun, mendebaldeko gizartean, non erlijioek orain arte gizabanakoengan zuten eragin gehiena galdu duten, heriotza tabu moduan bizitzen da sozialki, eta garai honek heriotza arinkeriaz tratatzera mugatzen da, horren inguruko kezka ukatuz, zutik dagoen galderari arreta zuzendu gabe: zer da “hiltzea”? Beraz, heriotza onartzea eta horren inguruan hitz egitea biziki zaila izaten da, heriotzak harekin dakarren itzulezintasunak estutzen gaituelako. Hilkorra izanik, heriotza ukatzen duen gizarte baten aurrean gaude, eta errefus honek seguruenik ez du gizabanakoa lagundu heriotzari aurre egin behar izan dion une horietan.
Aipatzekoa da lan hau mendebaldeko pentsaera honetan oinarrituz garatuko dela. Hala ere, argi izan behar dugu historian zehar heriotzaren inguruko pentsaera aldatuz joan den heinean, gaur egun munduan hau ez dela heriotza ulertzeko modu bakarra. Mendebaldeko kulturan bizitzari gogor heltzeko jarrera sustatzen da “betirako” ideiarekin haziz, heriotzaren inguruan hitz egin gabe, dolu prozesua modu osasuntsuan aurrera eramateko zailtasunak bultzatuz. Beste kultura batzuetan, aldiz, heriotza bizitza arruntean integraturik dago, horren parte izanik, normalizatua eta onartua dagoelarik.
Haurrek heriotzaren gertaera ulertzeko gai ez direlako uste orokortua dela eta, askotan, helduek pertsona maiteen galerak ezkutatzen saiatzen dira zehaztasunik gabeko hitzen eta topikoen bitartez (“orain beste toki batean dago”, “bidai batera joan da”...), seguruenik, haurra heriotzatik babesteko beharrik gabeko saiakera batean.
Heriotzaren ulermena adinarekin aldatuz doa, hortaz, adinak badu zerikusia heriotzaren inguruan dugun kontzeptuan. Gai honetan sakontzen hasi aurretik, lagungarria izan daiteke haurraren jokabide sozialei lotutako aspektuak gogoratzea, garunaren garapenaren emaitza direlarik, eta aldi berean, gaitasun kognitiboan eragiten dutenak.
Egungo azterlana heriotzaren ulermen biologikoan zentratzen da, eta ulermen hori heldutzat hartzen da hurrengo bost azpi-osagaiak eskuratu direnean, ikerketa ugaritan identifikatuak eta berretsiak izan direnak
“Izaki bizidun bat hiltzen denean inoiz ez da berpiztuko”. Kontzeptu hau 4 urterekin barneratua egon daiteke, azkarrak diren haurretan. Bizi-funtzioen gelditzearekin lotzen dute (arnasketarena, esaterako), baita mugiezintasunarekin ere.
"Izaki bizidun guztiak hilko gara”. 6 urte izan arte, haurrek ez dituzte argi bereizten objektuen eta pertsonen arteko ezberdintasunak, objektuei bizidunen ezaugarriak esleituz, nozio hau barneratzeko zailtasunaren jatorri dena.
Itzulezintasunari eta bizi-funtzioen gelditzeari estuki loturiko osagaia da. Guztioi helduko zaigu heriotza, baina 11 urte izan baino lehen, ideia kontrajarriak garatzen dituzte, besteen heriotza onartzen dutelarik, baina ez beren buruen heriotza. Hau kontzeptu biologikoak eta kontzeptu erlijiosoak (hil ondorengo bizitza) zein naturaz gaindikoak nahasten dituen pentsamendu dualaren ondorio da.
Kontzeptu hau 4-6 urterekin barneratzen da, bizitzeko elikadura eta arnasketa beharrezkoak direla ulertuz, itzulezintasunaren ideia eskuratzeko lagungarria dena. Bizi-funtzioen gelditzea ulertzea haurtzaro berantiarrean modu arrazionalez soilik eskura daitezkeen ezagutza baliabideak eskatzen ditu. Hala ere, era guztietako salbuespenak daude, izan ere, badira zenbait ume txiki agureen heriotza azaltzeko “bere bihotza gelditu zen” edo antzeko adierazpenak erabiltzen dituztenak, baita denbora luzez hil ondoren prozesu mentalak jarraitzen dutela uste dutenak ere. Beraz, sinesmen kulturalek, erlijioek, inguru sozialak eta gurasoen eskolatzeak ideia honen barneraketan eragina izaten ahal dute.
Denbora luzez beranduen barneratzen zen kontzeptutzat hartu izan da hau. Haurrek bizi-funtzioen gelditzeak eragindako heriotzaren barne-arrazoiak ezagutzea lortzen zuen (zahardadea, eritasunak…), baina zailagoa egiten zaie kanpo-arrazoien ondorioz emandakoak ulertzea (indarkeria, terrorismoa, istripuak, hondamendiak…).
Adin honetan oraindik ez dute heriotza kontzeptua ulertzeko gaitasuna eta ezin dituzte ahoz adierazi beraien beharrak. Hala ere, zaintzaile duen erreferentziazko helduaren falta nabaritzen dute, eta banaketa horregatik sufritu egiten dute, beraien segurtasuna mehatxatzen duen abandonu gisa bizitzen dutelarik. Horretaz gain, bere inguruko pertsonen emozioen antsietateaz ere jabetzen dira.
Horrek guztiak erakusten du beraiek bizi duten deserosotasuna eta etsipena.
Adin honetan eguneko erritmoari eustea komeni da (elikadura, atsedena eta erreferentziazko helduen atentzioa). Horrela, normaltasun pertzepzioa izango du haurrak, eta horrek lagunduko dio seguru sentitzen eta antsietatea murrizten.
Adin honetan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, oraindik ez dute barneratu heriotzaren itzulezintasun kontzeptua. Aldi baterako kontua dela uste dute, ez baitute galera behin betikotzat hartzen. Pentsamendu egozentrikoa eta magikoa dutenez, pentsa dezakete gertatzen ari diren gauzak beraiekin zerikusia dutela. Baita gertatutakoa beraien desioen ondorio izan dela ere, zerbait gaizki egin dutela, eta ondorioz, "abandonuaren" errua beren gain hartu.
Ohiko erreakzioek alde somatikoan dute eragin handiagoa eta jokabideetan ere islatzen dira. Horrela, ohikoak izan daitezke erreakzio hauek:
Aurreko etapan esandakoaz gain, adin honetan hasten dira hitz egiten eta badute ulertzeko eta adierazteko nolabaiteko gaitasuna. Beraiei hitz egiten uztea komeni da eta gure arreta haiei entzutean jarri. Heriotzak larritasuna sortzen ez badiete ere, jakin-min handia sentitzen dute eta beren galderei eufemismorik gabe erantzutea komeni da, gauzak diren bezala esanda, baina lasaitasuna, segurtasuna eta koherentzia eskainiz. ìJoan egin daî, ìBidaian daî eta antzeko erantzunek nahasmena eta beldurra sortu ditzakete. Erantzunek galdetutakoari erantzun behar diote, nahasmen handiagoa sortu dezaketen hitzaldi luzeak alboratuz. Litekeena da behin eta berriro galdera berberak egitea. Kontuan izan behar da oraindik mugatua dela heriotza ulertzeko gaitasuna. Adin honetan, dolua lantzen lagunduko dieten ariketaren bat egin dezakegu: galdutakoari buruz hitz egiten duten ipuinak irakurri, abestiren baten musika eta letra erabili agur modura, filmaren bat ikusi, gaiarekin lotura duten laburmetraia edo argazkiak erabili, taldekako bilerak egin norberak nahi duena adierazi dezan edo sinbologiazko erritual xumeak egin galdutakoaren oroimena guztion artean gauzatuz (puxikak aireratu, zuhaitzak aldatu).
Tarte honetan pixkanaka itzulezintasunaren kontzeptua barneratzen doaz, eta gai dira bizidunen bizitza zikloa ulertzeko, hots, bizitza heriotzarekin amaitzen dela, eta heriotza betirako dela. Hala ere, kausalitatearen kontzeptua oraindik ez dute erabat barneratua eta heriotza, beraiekin zerikusi duen zerbaitek sortu izan duela pentsa dezakete, erru sentimenduren bat elikatuz. Errituetan eta sinesmen erlijiosoetan interesa agertzen dute eta horietan parte-hartzeko gogoa adieraz dezakete.
Galdutakoaren onarpena errazteko emozioak normalizatzea eta horiek adierazteko baimena ematea komeni da. Argi utzi behar diegu beraiek ez dutela heriotzaren ardurarik. Bestetik, ziurtatu beharko dugu ez dituztela beren adinari ez dagozkien rolak hartzen. Hildako pertsona ez dagoenez gure artean, egoera berri horretara birmoldatzen lagunduko diegu. Esplizituki agertuko diegu gure prestutasuna, eta beraien artean emozioak eta esperientziak partekatzea errespetatuko dugu. Horretarako, tailerrak, marrazkiak, olerkiak eta horma-irudiak erabil daitezke. Azkenik, nahastuta eta noraezean sentitzen direnean laguntza eskatzea aholkatuko diegu. Hiletak eta bestelako erritual kolektiboak lagungarriak izaten dira helburu horiek lortzeko orduan.
Une honetan hasten dira kausalitate eta unibertsaltasun kontzeptuak bereganatzen. Beren heriotzan pentsatzen hasten dira eta egunen batean hilko direla onartzen dute. Gainera, erritualen esanahiaz jabetzen dira, maite zuten pertsona nola hil zen eta heriotzak familian eta beraiengan sortzen duen inpaktua ulertzen dute eta zalantza espiritual eta erlijiosoak izan ditzakete.
Kosta egiten zaie sentitzen dutena hitzez azaltzea, hori dela eta, garrantzitsua da behar duten denbora tartea ematea, gertutasuna agertzea eta behar dutenean prest egotea. Lagun taldetik gertu egoteko beharra dute. Helduek prest egon behar dute behar dituztenerako, sentimenduak azaleratzeko eta haietaz mintzatzeko aukera eman behar zaie eta, aldi berean, bakarrik egon nahi izatea ere errespetatu behar dute.
Adin honetan heriotza kontzeptua barneratuta dute bere osotasunean. Haien bizitzan garrantzitsuak diren gertaera edo arlo guztietatik urrunen dagoena da heriotza, badakite itzulezina dela eta egunen batean hilko direla, baina urrun ikusten dute eta, normalean, ez ditu kezkatzen. Nerabezaroa emozionalki oso aldakorra den bizitzako unea da, eta gehienetan nahiago izaten dute emozioei ihes egitea, modo horretan sufrituko ez dutelakoan. Besteen aurrean ez dute negarrik egiten, ahultzat hartu ez ditzaten. Zenbaitetan, haien artean hitz egiten dute heriotzaz, hiltzeko uneaz edo hilzoriaz. Horrek, anbibalentzia sor dezake gazteen emozioetan eta jarrera idealistak susta ditzake, gizadiaren idealen edo kausa handien alde beren burua eskaini dezaketela pentsaraztera iristeraino. Heriotzaz hitz egiteak, hiltzea haiek erabaki dezaketela pentsatzeak, bizirik daudela ziurtatzeko balio die, eta beren heriotza-instintuen kontrolera eta askatasunaren haztatzera eramaten ditu.
Kontuan izan behar da adin horretan adin taldekoak oso garrantzitsuak direla eta talde jarduerek babesa eman diezaieketela. Gaiarekin lotura duten eta sentimenduez hitz egiteko aukera emango dieten jarduerak bideratzea komeni da; esaterako, gaia jorratzen duten filmak ikus daitezke, edo solasaldiak bideratu, gaiarekiko duten ikuspegia ematen laguntzeko. Hildako pertsonarekin partekatu dutena adierazteko estrategiak prestatu; adibidez, argazkien bilduma egin edo zerbait idatzi. Horrela, konpondu gabe geratutako gaiak bidera ditzakete, ezagutu izanagatik eskerrak eman, ondo jokatu ez izatearen ustea badute, barkamena eskatu edo noizbait min egin ziela sentitzen badute, hura barkatu eta bakean agurtzeko aukera izan.
Familia-inguruaz gain, dolu prozesuan dagoen haur baten sintomak eta erreakzioak bizitasunez adieraziko diren bigarren ingurua eskola da. Honek esan nahi du eskola prozesu honetan dauden haurrak laguntzeko toki garrantzitsu bilakatzen dela.
Ikastetxe batek galera bat sufritu duen ikasle baten kasuari aurre egin behar dionean, ezinbestekoa da irakasletza gertatutakoaz behar bezala informatzea, haurra prozesuan laguntzeko eta dolua zailtzen duten akatsetan ez erortzeko ezagutzak izatearekin batera.
Hortaz, beharrezkoa da familiak eskolari gertatutakoaren berri ematea, harremanetan jarraituz ikaslearen egoerari buruzko informazioa partekatzeko, inguru ezberdinetan izandako bilakaera aztertzeko edota familia laguntzeko, gainezka egonez gero.
Eskolatik esku-hartze eraginkorra eskaini ahal izateko, garrantzitsua da dolu prozesuan dauden ikasleek ikasgelan aurkezten dituzten jokabide ohikoak ezagutzea (elkarren artean sobera lotuak daudenak), horren arabera esku-hartzeko.
Galera bat sufritzean energia gehiena egoera horren asimilaziora eta dolu prozesura zuzentzen da. Kanpotik haurra adigalkor, bere baitan bilduta dagoela irudi lezake, bere barnean aurrera eramaten ari den dolu prozesu gogorraz jabetu gabe. Hala helduoi nola haurrei, barne-prozesu hori geldiaraztea izugarri zaila egiten zaigu, hortaz, ezinezkoa izaten da beste gauza batzuei arreta bera eskaintzea, eta ohikoa izan daitezke arreta eta kontzentrazio arazoak.
Aurrekoaren arrazoi bera dela eta, baliteke dolu prozesuan dauden haurrek memoria arazoak izatea eta gauzak erraztasunez ahaztea, arreta galeran zentratua baitu.
Memoria, arreta eta kontzentrazio gabezia dela eta, dolu prozesuan dauden ikasleen eskola-errendimendua baldintzatua egonen da. Gehienetan, gutxitze horrek ez du garrantzi gehiegirik izaten, baina egoera luzatzen bada, haurrak estuturik edo larriturik senti daitezke beren emaitzak okertzean edota kideen erritmoa jarraitu ezin dutela ikustean. Honek estresa eta antsietatea eragin dezake ikasleengan.
Ohikoa da heriotza gertutik antzematean haurrek lehen ez zituzten beldur berriak garatzea, bereziki, maite duten beste pertsona bat hiltzeko beldurra. Askotan, egoera horiek zer ondorio izanen lituzketen pentsatzen dute, bakarrik geratuko direlako beldurra garatzen dute, etab. Askotan, beldur horiek ez dituzte hitzen bitartez azaleratzen, baina antsietate handiko jokabide horien bitartez pentsamendu horiek beren barnean eragiten duten estresa hauteman dezakegu. Jokabide horien adierazleak askotarikoak izan daitezke, hala nola, gurasoengandik bereizteko zailtasunak, edo lagunekin jolasteko errefusa, beti heldu batekin egoteko ahaleginak eginez.
Helduen nahiz haurren dolu prozesuaren ezaugarrietako bat, hildako pertsonaren irudi eta oroitzapenen iraunkortasuna da. Honek esan nahi du denbora igaro arren, oroitzapenak eta emozioak edozein unetan azalera daitezkeela, dolu prozesuan dauden pertsonengan espero daitekeen zerbait.
Haurrek ikasgelan ager ditzaketen ohiko jarrerak ezagututa, hurrengo urratsa ikasle hori laguntzeko irakasleek zer egin dezaketen jakitea izanen litzateke.
Dakigunez, gertuko senide baten heriotza ematean haurra laguntzeko bete dezakegun jarraibiderik eraginkorrenetarikoa eguneroko bizitzaren erregulartasunera itzultzea dela. Ikasgelan, gauza bera aplika daiteke. Garrantzitsua da haurra eskolara itzultzean, ikasgela modu berean funtzionatzen jarraitzea, mugak, arauak eta eskakizunak berdin jarraitzen dutelarik. Hala eta guztiz ere, normaltasunak haurrak biziki laguntzen dituen arren, irakasleak ezin du ahantzi ikaslearen benetako egoera. Ezinbestekoa da ikaslearen errendimendua, arreta eta kontzentrazioa bere minaren eta barneko ondoezaren ondorioz murriztuko direla kontuan izatea, ikasgelaren erritmoa jarraitzeko, bere zereginak betetzeko eta azterketak egoki egiteko zailtasunak eraginez. Horregatik, ohikotasun horren barne ahalik eta malguen izatea komeni da. Irakasleak modu anitzetan lagun dezake, hala nola, lanen entregatze epea luzatuz, azterketak beste une batean egitea edo ikasgela lasaiago batean burutzea baimenduz, etxerako lanak gogoan hartu dituen galdetuz edota epealdi batean zehar errefortzu akademiko gehigarria eskatu.
Komeni da tutoreak ikaslearen familiarekin harremanetan egotea, ahalik eta gehien, eskolako psikopedagogia sailaren laguntzarekin, beharrezkoa izanez gero. Honen helburua, batetik, familiaren eta ikaslearen inguruaren errealitatea eta familiako kideek bizi duten egoera ezagutzea litzateke (bereziki hildakoa gurasoren bat edo anai-arreba balitz), eta, bestetik, eskolan ikaslearekin lantzen ari garenaren edo detektatu dugun edozein adierazle esanguratsuren berri emateko. Hortaz, orokorrean, xedea informazioa partekatzea litzateke.
Bilera hauek ere, gurasoei laguntza edo aholkua eskaintzeko baliagarriak izan daitezke. Beraz, garrantzitsua da irakasletza eta eskolako psikopedagogia saileko kideek gaiaren inguruko oinarrizko ezagutzak izatea, baita familiarentzako laguntza materiala edukitze ere. Halaber, funtsezkoa da familiarekin eskolan jarraitu behar diren jarraibideei buruz hitz egitea, baita umeak errefortzua behar duen edo bere bilakaeran geldialdia nabari den komunikatu ere, horren araberako neurriak hartzeko.
Haurrak eskolan ordu ugari igaroko ditu, hortaz, baliteke umeak, egunean zehar, gainerako senideen egoeraren inguruan kezkaturik edo larriturik sentitzea, eta horretaz gain, arreta edo jokabide arazoak azaltzea, ikaskideekin nahiz irakasleekin liskarrak izanik.
Ikaslearen ondoezaren areagotzea ekiditeko, aukera bat izan daiteke pertsona bat finkatzea, egoera horietan berarentzat arnasbide izan daitekeen espazio bat edukitzeko, lasaitasuna ematen dion pertsona horren laguntzarekin. Beharrezkoa balitz, erabat lagungarria izan daiteke pertsona horren bisita erregularrak jasotzea, segimendu erregularrago bat egin ahal izateko, krisialdi egoera puntualak egotera itxaron ordez.
Bestalde, haurrarekin harremanetan dauden irakasle guztiek ikasleari bere egoera ezagutzen dutela jakinaraztea. Batzuetan, irakasle askok distantziari eusten diote, zer esan ez dakitelako edota gaiaren inguruan hitz eginez ikaslea kaltetuko dutelako beldur direlako. Hala ere, ikaslearentzat lagungarria izan daiteke bere irakasleak gertu daudela jakitea eta, bere ondoezaz hitz egin nahi izanez gero, beren laguntza duela.
Behin eta berriz esan dugunez, dolu prozesuan dauden haurrak bere gertuko pertsonak kalte ditzakeen zerbait gertatzeko beldurra izan ohi dute. Batzuetan, beldur hau neurriz gaineko estutasuna eragin diezaieke. Kasu hauetan, eskolako zuzendaritzak senideen deiak jasotzeko edo egiteko baimena ematea baliagarria izan daiteke, hauek ongi daudela ziurtatzeko eta bere ezinegona murrizteko asmoz.
Beste egoera batzuetan, ikaslea deseroso eta larriturik senti daiteke bere kideen begiradak sentitzean, edo gerta liteke une zehatz batean, berehalakoan, min eta atsekabe bizia sentitzea. Garrantzitsua da erne egotea, une horietan ikasgelatik ateratzeko baimena emateko, komunera joateko nahiz laguntza-pertsona horrengana jotzeko, benetan behar hori badu.
Komenigarria da haurrak modu desatseginean bizi ditzakeen egun esanguratsuei erreparatzea, hala nola, Eguberriak, amaren/aitaren eguna, aiton-amonen eguna… Horiek kontuan izan beharreko datak dira. Egun horiek ospatzeko programatutako eskola-jarduerak ez burutzea baimen dezakegu, berak hala nahi badu edo zailtasun gehiegirekin biziko dituela aurreikusten badugu. Hala ere, umeak laguntza egokia jasotzen badu, eta berarentzat positiboa eta aberasgarria izan daitekeela baloratuz gero, jarduera hauek aurrera eramatea baliagarria izan daiteke, ikuspegi egokia emanez. Adibide bat jartzearren, amaren edo aitaren egunean beraientzat postal bat egitea proposatzen bada, ama edo aita galdu duen ikasle horrek oroitzapenezko zentzuarekin gauzatzen ahal du.
Bestelako egun garrantzitsuak hildakoaren urtebetetzea edota heriotzaren urteurrena izan daitezke. Egun horietan, haurra bereziki triste edo adigalkor egon daiteke. Data horiek ezagutzen baditugu, arretatsu egon gaitezke, umeari zer gertatzen zaion ulertu eta bere gogo-aldarte aldaketaren arrazoia ezagutu.
Emandako informazioa osatzearren, azpian Nafarroako Gobernuaren web gunean eskuragarri dagoen “Dolua haurrengan” liburuxkan ematen diren iradokizunak, hasierako zerrendan daudenak, helduei zuzenduak (kasu honetan irakasleei egokituak), eta taulan daudenak ikasleei zuzenduak.
Irakaslea ere heriotzak eraginda badago (eskolako ikasle edo langileren bat hil delako, esaterako), dolua hark ere bizi du. Galerei aurre egiteko moduaz gogoetarik egin ez badu, ezin die ikasleei lagundu.
“ez kezkatu, luze bizi izan da”, “ez kezkatu, orain ez du sufritzen” edo “ez kezkatu, leku hobean dago”, dolu prozesuan dagoen pertsonak sentitzen duenaren guztiz aurkakoak direlako. Gertaera triste, mingarri edo negatiboen aurrean tristura, samina eta sentipen negatiboak izatea bidezkoa eta osasungarria da.