Ikasgelan heriotza bat ematen denean, bereziki ikasle edo irakasle batena bada, tutorea atsekabetuta egon daiteke, eta agian, bera ere dolu prozesu batean dago. Beraz, ikasgelan gaia lantzean, irakaslea minduta azal daiteke, umeen aurrean mina erreprimitzea ez baita lagungarria, baina garrantzitsua da uneoro bere emozioak kudeatzen dituela adieraztea. Hau da, argi izan behar du une horretan ikasleentzat euskarri bat dela, bere laguntza behar dutela, hortaz, zaila izanagatik ere ezinbestekoa da egoera, bere mina eta bere emozioak kontrolpean izatea. Egoerak gainezka egiten badio eta ez bada prest sentitzen, beste irakasle bati laguntza eska diezaioke. Ez da deus gertatzen ikasleek helduek ere sufritzen dutela ikusten badute, hala ere, ezin gara egoera zail horretan bere laguntzaile gisa aurkeztu, ezin badugu ezta geure burua lagundu eta ezin badugu aurrera egin, beraz, ez badu bere burua gai ikusten, irakasleak eskubide osoa du lankide bati laguntza eskatzeko eta hark ikasleen laguntzaile izatea tutorea prest egon arte.
Horretaz gain, garrantzitsua da partekatzeko espazio bat sortzea, bertan ikusten eta hautematen dugunari arreta eskaini, baita berria ematen dugun bitartean ager daitezkeen hitzezko nahiz hitzezkoak ez diren adierazpenei ere (gorputz-adierazpenak, keinuak, eskuak, hanken mugimenduak…). Adierazpen emozionala sustatu, adierazitakoari harrera eginez, ulertuz eta epaitu gabe, emozio horri balioa emanez.
Gerta liteke haurrak elkarren artean epaitzea besteen adierazpen emozionalak ikustean, esaterako, beste ikasle batzuk negarrez ikustean. Halako kasuren bat ematen bada, tutoreak ez du iritzi hori areagotu behar, doluari balioa edo indarra kentzen ari baitio. Hala ere, komenigarria da ikasleen arteko emozioen adierazpenen epaiketei mugarik ez jartzea, baizik eta emozio adierazpenei balioa ematea. Ikasleen aurreko esperientzietan halako egoerak gainditzeko lagungarri izan zena aztertu eta arakatu daiteke, baita lagungarria izan ez zena ere. Egoera hau ikasleen iraganeko adierazi gabeko doluak arintzeko aukera paregabea izan daiteke, alderaketak ekidituz.
Garrantzitsua da haurra eskolara itzultzean, ikasgela modu berean funtzionatzen jarraitzea, mugak, arauak eta eskakizunak berdin jarraitzen dutelarik. Hala eta guztiz ere, normaltasunak haurrak biziki laguntzen dituen arren, irakasleak ezin du ahantzi ikaslearen benetako egoera. Ezinbestekoa da ikaslearen errendimendua, arreta eta kontzentrazioa bere minaren eta barneko ondoezaren ondorioz murriztuko direla kontuan izatea, hortaz, irakasleak modu anitzetan lagun dezake, hala nola, lanen entregatze epea luzatuz, azterketak beste une batean egitea edo ikasgela lasaiago batean burutzea baimenduz, etxerako lanak gogoan hartu dituen galdetuz edota epealdi batean zehar errefortzu akademiko gehigarria eskatu.
Komeni da tutoreak ikaslearen familiarekin harremanetan egotea, familiaren eta ikaslearen inguruaren errealitatea eta familiako kideek bizi duten egoera ezagutzeko eta eskolan ikaslearekin lantzen ari garenaren edo detektatu dugun edozein adierazle esanguratsuren berri emateko. Bilera hauek ere, gurasoei laguntza edo aholkua eskaintzeko baliagarriak izan daitezke.
Batzuetan, irakasle askok distantziari eusten diote, zer esan ez dakitelako edota gaiaren inguruan hitz eginez ikaslea kaltetuko dutelako beldur direlako. Hala ere, ikaslearentzat lagungarria izan daiteke bere irakasleak gertu daudela jakitea eta, bere ondoezaz hitz egin nahi izanez gero, beren laguntza duela.
Badira zenbait data esanguratsu (Eguberriak, amaren/aitaren eguna, hildakoaren urtebetetzea, heriotzaren urteurrena…) bere izaera dela eta haurrak modu desatseginean bizi ditzakeenak. Beraz, egun horiei erreparatuko diegu, beharrezko neurriak hartuz. Egun horietan, haurra bereziki goibel edo adigalkor egon daiteke. Data horiek ezagutzen baditugu, adi egon gaitezke, umeari zer gertatzen zaion ulertu eta bere gogo-aldarte aldaketaren arrazoia ezagutu.
Ikaskide batek galera bat sufritzean, tutoreak egin beharreko lehenengo gauza familiarekin harremanetan jartzea dela aipatu izan da, bilera batera deituz. Bilera horretan, haurrari gertatutakoa gainerako ikasleei azaltzeko baimena eskatuko diegu, hau ikaslearentzako onuragarria izanen dela adieraziz. Gauza bera egin beharko da hildakoa ikasle bat izanez gero, irakasleak haren familiarekin harremanetan jarri beharko dira, hauek onespena emateko.
Ikasleak txikiak direnean, funtsezkoa da jasoko duten mezua sinplea eta argia izatea. Irakasleak esandako guztia ulertu dutela ziurtatu beharko du, ezagutzen ez dituzten hitzak argituz. Ikasle helduagoekin, berria zailtasunik gabe ulertua izan delako ziurtasuna dugunean, ikasleek sentitzen dutena adierazteari eta beren kezkak partekatzeari lehentasuna emanen diogu. Horretarako beraientzat erosoagoa den modua bilatu beharko dugu, esaterako, errazago egiten ahal zaie mezu anonimoen bitartez bere sentimenduak edota dolu prozesuan dagoen lagunari esanen lioketena modu anonimoan idaztea. Horretaz gain, antzeko egoera bat bizi duten edo gertutik ezagutu duten galde diezaiekegu, eta taldea harkor badago, heriotzaren inguruan izan ditzaketen zalantzak eta kezkak lan daitezke.
Ikasle helduagoekin lantzeko beste ariketa interesgarria dolu prozesuan dagoen kidearen tokian jartzea eskatzea litzateke, egoera horretan baleude bere klasekideek zein jarrera izatea gustatuko litzaiekeen pentsatuz. Ikasle batzuek gaiaren inguruan ez hitz egitea nahiko luketela esan dezakete, eta beste batzuek sentitzen dutenaren inguruan modu irekian hitz egitea nahiko luketela. Kasu gehienetan, denek modu ezberdinean tratatuak izatea nahiko ez luketelako ideian bat egiten dute. Horretaz gain, gehienetan ez lukete arreta gune bilakatu nahi, baina ez lukete nahiko jendeak deus gertatu ez balitz bezala jokatzea.
Ariketa honek ere ikasleek bere kidea laguntzeko eskura dituzten baliabideen inguruko gogoeta bultza dezake (ikasgelan egindako lanak eta jasotako apunteak partekatu, kidea sobera ez estutu, marmarkarik ez egin, guztien artean mezu bat idatzi…).
Bestalde, krisialdi egoera hauetan, non irakasleak bere ikasleei norbaiten heriotzaren berria eman behar dien, komenigarria da hark zenbait aspekturen inguruko hausnarketa egitea, hala nola, ikasleek berria nola jaso duten eta honek nola eragin dien, baita ikasleek gai hau ikasgelan lantzeko duten gaitasuna aztertzea ere.
Hortaz, ezinbestekoa da irakasleak beharrezko laguntza eta aholkularitza izatea, zentroko orientazio taldearengana joz, beharrezkoa balitz. Krisialdi egoeretan irakasleek eman dezaketen laguntza garrantzitsua da, baina zeregin horretan dituzten mugak ezagutzea ere bai, beste profesional batzuei laguntza eskatuz.