Marko teorikoari hasiera emateko, bertan jorratuko ditugun atalak aipatuko ditugu gure antzezlanean agertuko diren hainbat teoria eta HH-n duten garrantzia azalduz. Hasteko, drama eta dramatizazioa azalduko ditugu jolasaren garrantzia aipatuz, gure antzezlanaren bitartekaria baita. Dramatizazioaren barnean erabiliko ditugun hizkuntzak aipatuko ditugu; ez hitzezko komunikazioa, artearen eta sormenaren garrantzia, dantza, musika, teknologia berriak eta gorputz adierazpena hain zuzen ere.
Aurretik azaldutako guztia kontutan hartuz, antzerkia hezkuntzaren baliabide bezala hartzea komenigarria dela esan dezakegu, izan ere, hainbat ekarpen egin ditzake HHn baita irakasleen prestakuntzan. Norbere burua eta ingurune soziala eta kulturala ulertzeko bidea ematen du, bai umeen, bai helduen osotasuna abarkatu dezake. Gainera, gorputza eta nortasuna adierazpen eta komunikazio tresna gisa hobeki ezagutzen laguntzen du (ahotsaren bidez, mugimenduaren bidez, sentimenduak adieraziz eta sentsazioak sentituz). Lan kolektiboa denez, gizakien arteko harremanak aztertzen eta sendotzen ditu, barnean dauzkagun talentu eta gaitasunak azaleratuz eta landuz (adierazpena, gorputz espresioa, ahotsa, entzumena, memoria, erritmoa, mugimendua, keinuak, belarria). Horrez gain, norberaren lotsak edo limiteak ikusarazten ditu eta hauek uxatzeko eta aurpegiratzeko aukera paregabea da (gure ezaugarriak, tendentziak, sentimenduak etab. identifikatzera bultzatzen gaitu). Horretaz aparte, bestearen lekuan jartzen laguntzen gaitu (enpatia sortarazi dezake). Bukatzeko, irudimena sustatzen du eta arte ugari biltzen ditu bere baitan (poesia, musika, eskultura, dantza, pintura, arkitektura) (Tresserras, 2017;Vizcarra, 2014; Motos, eta Navarro, 2013).
Drama, etimologikoki, akzioa da. Gure giroan drama konbentzionalki errepikatutako akzioa da. Drama guztietan akzio erreala dagoela ulertzen dugu, dramari jatorria ematen diona hain zuzen; baita akzio dramatiko bat, konbentzionalki erreala izango balitz bezala errepikatzen dena (Cervera, 2005).
Dramatizazioa dramaren errealizazio prozesua da, eta sorrera baimentzen duen prozesu mental eta sortzaile bat izango balitz bezala ulertu behar da. Honetaz gain, aipaturiko jolas dramatikoa izeneko prozesuaren emaitza bezala ulertu behar da (Cervera, 2005).
Honetaz aparte, dramatizazioa komunikazio tresna gisa ulertu daiteke, non bi noranzkoko parte-hartze fisiko, sozial, psikologiko eta emozionala ematen den. Errealitate hori dramatizazioan parte hartzen duten pertsonen errealitatearen isla da. Horregatik, gizakiaren etapa bakoitzean baliagarria da (Ucar in Nuñez eta Navarro, 2007).
Dramatizazioak ahotsa, gorputza, espazioa, eta eszenaren denbora erabiltzen ditu, besteei ideiak, sentimenduak, eta bizipenak estetikoki adierazteko eta komunikatzeko (Aranguren, Galbete, Goyache eta Pascual, 1996). Dramatizazioaren bidez, antzezlan bat baino gehiago lortzen da. Honi buruz Zuazagoitia-k eta Vizcarrak (2014) emozioen garrantzia haur hezkuntzarekiko eta dramatizazioarekiko azpimarratzen dute, eta bizitzan merezi duten lekua utzi behar zaiela diote.
Bestalde, aurrerago sakonago azalduko dugun bezala, dramatizazioak kulturarekin, giza gaiekin, hizkuntzarekin, plastikarekin, musikarekin, eta heziketarekin lotura handia dauka. Hauek joku, inprobisazio, teknika eta antzezpen ariketen bidez lantzen dira (Aranguren, Galbete, Goyache eta Pascual, 1996). Honetaz gain, dramatizazioa akzio dramatikora iritsi arte, baliabide adierazkor desberdinak koordinatzen dituen prozesu sortzailea izateaz gain, jolas sinbolikoarekin lotuta dago (Cervera, 2005).
Dramatizazioarekin jarraituz, Cervera-k (2005) dioen bezala, esan daiteke dramatizazioan hainbat baliabide adierazkorrak desberdindu daitezkeela. Hau da, aurretik aipatutako hizkuntza guztien lotura.
Cerverak esandakoari gehituz, dramatizazioa hezkuntza-baliabide gisa erabiltzeak irakaskuntza-ikaskuntza eredu motibatzaile bat erabiltzea ekar dezake, ezagutza jasotzeko giroa aspergarria eta monotonoa izan ez dadin. Era berean, ikasleak modu ludiko batean gogoz jartzen ditu dramatizazioak, eta alderdi psikologikoak, emozionalak, psikomotorrak, sozialak nahiz sormenezkoak garatzen laguntzen du plano kolektibo eta indibidualean (Navarro, 2007 eta Argüelles eta Zelaieta, 2015).
Aurrekoarekin lotuta, haurrek errealitatea irudikatzen eta norbere burua ulertzen laguntzen dizkien ideiak eta irudiak etengabe sortzen eta birsortzen dituzte dramatizazioaren bidez (Navarro, 2007).Gure antzezlanean, mundu magikoan irudikatu nahi duguna pertsonok dauzkagun irudi mental horiek errealitatea beste modu batean ulertzeko aukera emateko intentzioarekin pentsatuta dago.
Ezaugarriei dagokienez, “Dramatizazio” testuan (Aranguren, et al., 1996) aipatzen den bezala, lau dira dramatizazioaren ezaugarri nagusiak: aktiboa, globalizatzailea, integratzailea eta estetikoa. Aktiboari dagokionez, kide bakoitzaren partaidetza zuzena eskatzen du; feedback-a. Bigarren ezaugarriak, globalizatzaileak, beste irakasgai batzuk hartzen ditu bere gain batzuetan programaturik egoten direnak, eta beste batzuetan, aldiz, “izkutuko curriculum”-ean. Gurean, esaterako, naturako elementu batzuk agertuko dira: haizea, euria, etab. Era berean, arlo pertsonalean ere eragiten du; hots, alderdi emozional, kognitibo eta afektiboan. Arlo pertsonalari dagokionez, gure antzezlanean pertsonaien arteko harremanen bidez erakutsiko dugu. Ezaugarri integratzaileak bi alderdi nabarmentzen ditu: alde batetik, ikaslearen alderdi kognitiboari uztartzen uzten dio dramatizazioak, eta bestetik, beti taldeka garatzen den dramatizazioa. Azkenik, ezaugarri estetikoa aurkitu dezakegu.
Beraz, gure antzezlanean norberari egokitutako pertsonaiak gozamen estetikoa eta motibazioa ematen dio, arteaz gozatzen ikasten duelako artea sortzen den bitartean. Hots, pertsonaien arteko kontrasteak ez dira kasualitatez agertzen, baizik eta helburu estetiko zehatza lortu nahi delako. Horrez gain, mundu errealarekin loturak egiteko eta motibazio sustatzeko asmoarekin eginda dago kontraste estetiko bat lortuz.
Aipatu ditugun helburu pedagogikoekin lotuta, jolasak garrantzi handia hartzen du. Hori dela eta, esan beharra dago dramatizazioan jolasa ematen dela. Jolasa oso garrantzitsua da, horregatik joko-mota ezberdinen artean bereiztu behar da; izan ere, jolasak banakakoaren garapenean zehar, egiten duen papera joko zehatzaren arabera eta indibiduoa aurkitzen den garapen etaparen arabera aldatzen da. Normalean, jolasak bere edukien arabera edo parte-hartzaileen arabera sailkatzen dira (López, 2010).
Jolasaren garrantziarekin jarraituz, Piaget-en sailkapenean jarriko dugu fokoa. Honek jolasa lau modalitatean sailkatzen du, eta modalitate horietako bat joku sinbolikoa da. Gure antzezlana 0-3 urteko haurrentzat zuzenduta dagoenez, jolas sentsorialari eta joku sinbolikoari emango diogu garrantzia. Jolas sentsoriala 0-2 urteko haurrek erabiltzen duten jolas nabariena da eta gure lanean estetika bisualaren eta teknologien bidez jarriko dugu praktikan. Jolas sinbolikoa, ordea, 2-3 urteko haurretan nabarmentzen da, eta gure antzezlanarekin lotuz esan beharra dago dramatizazioak lotura handia daukala jolas sinbolikoarekin, haurrek joko sinbolikoa egiten dutenean dramatizatzen baitute. Esaterako, euritakoekin antzezterakoan, euritakoa beste zerbait izango balitz bezala erabiliko dugu (López, 2010eta Hik Hasi, 2016).
Aurretik aipatutakoarekin jarraituz, jolasak eta dramatizazioak lotura handia daukatela esan dezakegu, dramatizazioan bezala jolasean ere gorputza ikerketaren instrumentu sortzailea, eta adierazteko eta komunikatzeko bidea baita (Nuñez eta Navarro, 2007).
Dramatizazioan akzioek eta mugimenduek duten garrantzia ikusita, bertan komunikazioak duen indarra aipatzekoa da. Hau da, dramataizazioan akzioen eta mugimenduen bitartez, komunikatzeko aukera daukagu guzti honetarako gorputza erabiliz eta biziz, honekin beste adimen mota bat landuz (Motos eta Navarro, 2003; Rodriguez, 2014 eta Antero, 2015).
Komunikazioa giza harremanak egoteko beharrezkoa den prozesua da, non bi pertsona edo gehiagoren artean ideien edo pentsamenduen trukea dagoen dimentsio desberdinetako eta hainbat kanaletako mezuak erabiliz. Horrez gain, komunikazioan kode bat beharrezkoa da, ez hitzezko komunikazioa hitzek esaten ez dutena ulertzen saiatzea baita (Roldán, Fuentes, Catalán, Muñoz-Cruzado, González, Jerez eta Fernandez, 2013 eta Miguel eta Nevares, 1995).
Dramatizazioak hitzezko eta ez hitzezko komunikazioarekin erlazio handia dauka. Gainera, Haur Hezkuntzako etapan nahiko nabarmena da, jolas sinbolikoa egiten dutenean dramatizatzen baitute (Rodríguez in Vizcarra, 2014).
Hitzekin eta ez hitzekin transmititzen duguna kontraesankorra denean, edozein pertsonak ulertzen du egiazko mezua ez hitzezkoa dela (Albaladejo, 2008). Hortaz, esan daiteke ez hitzezko komunikazioa hitzezkoaren gainetik dagoela. Hitzen inguruan ez ahozkoren soinu-elementu asko daude, eta hauek esaten dugunaren esanahian eta pertsonen artean ezartzen dugun erlazioan eragina dute (Miguel eta Nevares, 1995). Beste alde batetik, gizakiak hitzezko komunikazioa erabiltzeko gai izan baino lehen, keinuen eta irudi piktografikoekin komunikatzeko abilezia zuen (Vizcarra, 2007).
Ez hitzezko komunikazioan zentratuz, Gutxinaka-gutxinaka tailerrean ez hitzezko komunikazioaren garrantzia azpimarratzen zuten, 0-3 adin tartean bereziki emozioek eta ez-hitzezko komunikazioak garrantzi handia zutela esanez eta emozioekin bizitza osoan zehar ama hizkuntzak duen garrantzia azalduz. Beraz, ezinbestekoa iruditzen zaigu gure antzezlanean aipatutakoa kontuan hartzea 0-3 urteko haurrei zuzenduta baitago.
Aurrekoarekin lotuz, ez hitzezko komunikazioak erlazioaren giro emozionala transmititzen du. Pertsona guztiek hartzen eta igortzen ditugu ez ahozko mezuak, nahiz eta nahi ez izan. Ez hitzezko komunikazioak ikasketaren antolamendu emozional mesedegarria eta gatazken kudeaketa hobea baimentzen dizkigu. Komunikazio mota honek solaskideen mezu asko transmititzen ditu (Albaladejo, 2008).
Hortaz, ez-hitzezko komunikazioan keinuek garrantzia handia dute eta erabiltzen ditugun keinuak hainbat funtzio bete ditzakete. Hots, elkarrekintzaren barnean keinuek funtzio bat edo bat baino gehiago daukate. Esaterako, hitzezko mezuari informazioa gehitu edo zehaztea, hitzezko hizkuntza ordezkatzea, hitzezko urritasunak zuzentzea, eta aldibereko elkarrizketak ahalbidetzea eta bultzatzea (Sanchez, 2009 eta Miguel eta Nevares, 1995).
Komunikazioarekin jarraituz, esan beharra dago gaur egungo komunikatzeko funtsezko tresnak teknologia berriak direla, hezkuntzan, familian eta gizartean eragina izanez. Hori dela eta, hizkuntza berri hauei atea irekitzea ezinbestekoa da (Moya, 2009 eta Tresserras, 2017).
Hezkuntzari dagokionez, Alaitz Tresserras-ek (2017) dioen bezala, gaur egungo gizarte honetan protagonistak diren hizkuntza berriak sartzea beharrezkoa da, haurrak etorkizunean konpetenteak izateko eta bereizteko, zaintzeko eta komunikatzeko gai izan daitezen. Beti ere, dimentsio korporalaz gain, dimentsio estetiko, audiobisual eta teknologikoa metodo pedagogiko bezala sartu behar da, hezkuntza goiztiarrean informaziorako eta komunikaziorako artelanak, irudiak eta teknologiak balioztatzeko balio baitu. Hizkuntza audiobisualaren bitartez, ikasgelako paretak zeharkatzeko aukera ematen du, bi norantzako bideak zabalduz. Gainera, ezaguna den ororekin hausten, estereotipoetatik eta eginda dauden formuletatik irtetzen laguntzen du, adierazteko askatasuna duten ikuspuntu berriak bilatzen lagunduz.Gainera, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak errazten dituzte, irudien eta materialen nahasketarekin esperimentatzeko aukera ematen baitute (Tresserras, 2017).
Horrez gain, teknologia sartzean lehenengo harreman bat izateaz gain, hauen erabilera egokiaz kontzientziatzea sortuko du, nahiz eta bere alde onuragarriak eta txarrak izan(Osinaga, 2014). Esaterako alde txarretako bat, L` Ecouyer-ek (2012) dioen bezala, haurren adimena existitzen ez den errealitate batera ohitu daiteke, eta ondoren, mundu errealean esperimentatzean aspergarria iruditu ahal zaie, IKT-en alde txarra ateraz. Beraz, IKT-en erabileran helduaren esku hartzea beharrezkoa da, haurra ikaskuntzaren ajente pasiboa bihurtu ez dadin.
IKT-en erabilera gure antzezlanean nabaria da. Aurretik aipatu bezala, helduak beti haurrak beharra duenean laguntza eskaini behar dio. Hortaz, gure antzerkian beti pertsonaien presentzia akzioaren erdigunean egongo da, publikoa ajente aktibo bihurtuz.
Lehenengo agerraldian protagonistak pantaila “lienzo”-a izango balitz bezala erabiliko du, eta berak egiten dituen akzioak pantailan ikusiko dira. IKT eta musikaren bidez, aktoreak transmititu nahi dituen emozioak eta sentsazioak adierazteko aukera izango du. Hala nola, poztasuna, gozotasuna, ekintzan eta sortzearen plazerra.
Dantza agertzen den momentuan, dantzarien mugimenduak trasmititzen dituen efektuak nabarituko dira IKTen erabilera ikusiz. Dantzarien mugimenduei efektuak ematean, aurretik grabatutako “mapping interaktibo” bezalakoa erabiliz, proiektore baten bitartez bideoa atzeko aldean proiektatuko da, estetiko bisuala adieraziz.
Erabiliko ditugun hizkuntzekin jarraitzeko, dantzaren erabilpenaren garrantzia azalduko dugu, gure antzezlanean komunikatzeko beste bitartekari bat izango baita. Dantza erabiltzearen aukeraketa pisu handiko arrazoiengatik egin dugu; batez ere, gizakiaren jatorritik gizakiok daukagun berezko behar bat delako. Horrez gain, dantzak gorputzaren bidezko hizkuntzan garrantzi handia dauka, ulertzeko, pertsonaren nortasunaren garapenean laguntzeko, eta komunikatzeko. Bestalde, dantzak osagarri soziala dauka; hau da, dantzaren bidez istorio bat kontatzen da, eta bizitza errealean agertzen diren gaiak agertuko dira (Castañer, 2001; Pitarch, 2015).
Horrekin batera, dantza mugimendu erritmo, adierazpen eta forma izanik, mugimendu komunetatik irteten laguntzen digu ondoren esperimentatuz eta gure gorputzaren mugimenduaren mugak eta aukerak ikusaraziz. Gainera, mugimendu berdina era ezberdinetan konbinatu daiteke, eta konbinazio hauen arabera, esanahi ezberdina hartu dezake emozio ezberdinak transmitituz (Pitarch ,2015).
Castañerrek (2001) esaten duen moduan, dantzak osagai artistikoa eta poetikoa dauka eta gurean ere izango du. Aipatu dugun bezala, dantzan ematen diren mugimenduek esanahi ezberdinak hartzen dituzte eta gurean ere haien arteko konbinazioak pentsatuta daude publikoa emozio eta erritmo ezberdinetan sartu ahal izateko. Egingo dugun lehenengo dantza lasaia izango da; mugimendu jariakorrak, errazak eta arinak izango dira lumak izango bagina bezala, hegan eginez. Bigarren dantzan, aldiz, bi pertsonen arteko elkarrizketa adieraziko dugu, haien artean ikusten diren izaeraren ezberdintasunei indarra emanez. Hau da, pertsonaia bat kirolaria denez, bere izaerarekin lotuz mugimendu bortitzagoak egingo ditugu eta bestea argazkilaria denez, mugimenduak lasaiagoak izango dira, bien arteko izaeren nahasketa eginez eta oreka eta desorekarekin jolastuz.
Argi beltza izeneko teknika hau, teknologia berriekin, dantzarekin eta musikarekin batera erabiltzen ohi da. Antzerki Beltza teknika, argi beltzak kolore batzuen gainean erreflektatzean egiten duen efektua da. Hau da, kolore zuriaren eta fluorestenteetan erreflektatzen da iluntasunean ikusten ez dena ikusaraziz, argi propioa edukiko balu bezala (Hoster, 1998 eta Callejón, 2012).
Hori guztia behin jakinda, gure antzezlanean aterki zuriek bizitza hartu ahal izateko mundu magikoaren estetika biribiltzeko aukera anitzak emango dizkigu. Hala nola, Mapping Interaktiboan gorputzaren presentzia indartzeko.
Callejon-ek (2012) dioen bezala, antzerki beltzean mugimenduek nahiz argiak garrantzia handia hartuko dute, izan ere, argiak ikusgaitasuna ematen dio eta mugimenduek sentimenduak adierazten laguntzen dio.
Marko teorikoarekin bukatzeko eta gidoian zentratu aurretik, 1922. urtean haurrei zuzendutako lehenengo Euskal antzerki lana egin zela aipatu behar dugu. Antzerki lan honen helburu nagusia haurrei euskaltzaletasunaren aldeko ideiak bultzatzea eta txiroei laguntzea zen, beti ere fedea kontutan hartuz, ezin baitzen euskaraz hitz egin. Baina hainbat zailtasun zeudenez, Frankismoaren azken urteetan argitaratu zen. Ondoren, 90eko hamarkadan poesia eta antzerkirako aukerak zabaldu ziren, eta bertan hasi ziren genero bi hauen obrak plazaratzen (Etxaniz eta Lopez, 2007).
Bukatzeko, esan beharrekoa da nahiz eta oraindik bultzada handia behar, haurrentzako antzerkigintzak aurrera egin duela azken urteotan bai kalitatean, bai kantitatean egile, argi-talde eta antzerki-taldeen konpromisoari esker (Etxaniz eta Lopez, 2007).