Ondorengo paragrafoetan aurkituko duzuen lana Haur Hezkuntzako dramatizazio minorrean gauden Argitxo taldeko (Nagore Alcázar, Zuriñe Andrés, Ane Bayón, Itsaso Beitia, Ariane Bravo, Bego Fullaondo eta Celia González) zazpi ikasleen artean egin dugu. Gauzatutako lana “Adierazpena eta Komunikazioa Dramatizazioaren bidez” izeneko proiektu bat da.
Lan honi hasiera emateko, gure gaiaren aukeraketaren arrazoiak azalduko ditugu. Lehenik eta behin, esan beharra dago aukera anitzak zeudela antzerkiaren abiapuntua aukeratzeko; hala nola, bizipen bat, artelan bat, objektu bat eta istorio bat. Gure kasuan objektu bat hautatu genuen, izan ere, frogatu ez dugun teknika bat zen eta interesgarria iruditu zitzaigun zenbat gauza egin ahal diren horrekin; hortaz, honen inguruan ikastea lagungarria izan daiteke gure antzezlanari kalitate eta berezitasun pixka bat emateko.
Taldearen abiapuntua aukeratzeko haurren jarreran jarri genuen begirada. Kaletik joaten garenean eta euria egiten duenean, ikus dezakegu nola haurrak poz-pozik joaten diren haien “euritakoarekin”. Helduek, aldiz, gorrotatzen dute honako tramankuluarekin joatea, eta beti kexaka dabiltzate. Hortaz, ideia ona iruditu zitzaigun “euritakoa” hautatzea objektu gisa. Gainera, objektu honek parada andana ematen ditu antzezlanean egiteko.
Irakasgaiei dagokionez, esan beharra dago “6.moduluko disziplinarteko lana” gauzatzeko guztiak garrantzitsuak direla, batez ere amaierako antzezlana ondo egituratuta eta eginda egoteko. Taldearen aburuz, irakasgaiak bi multzotan banandu ahal dira; alde batetik, antzezlanaren estetika modu egoki batean egiten laguntzen dituztenak (“Hizkuntza Plastikoa eta Ikusizkoa”, “Dramatizazio-adierazpenerako Informazio eta Komunikazio Teknologikoak”, eta “Musika Hizkuntza”) eta bestetik, antzezlanean izan behar dugun jarrera irakasten dituztenak (“Gorputz Hizkuntza”, eta “Adierazpen eta Komunikazio Trebetasuna”).
Estetikari dagokionez, aurreko paragrafoan ikusi ahal den moduan, hiru ikasgai nagusi daude. “Hizkuntza Plastikoa eta Ikusizkoa”-ri erreparatuz, argi dago ezinbestekoa dela antzezlanaren hondoa, atrezzo, etab. modu egoki batean erabiltzeko eta egiteko; adibidez, kolore desberdinak erabiliz egokiena den hondoa aukeratu egin nahi dugun antzezlanaren atentzioa deitzeko, argiztapena nola erabili behar den egoeraren arabera, etab. “Dramatizazio-adierazpenerako Informazio eta Komunikazio Teknologikoak” izeneko ikasgaiari dagokionez, esan daiteke nahitaezkoa dela gaur egungo aparatu teknologikoak antzezlanean aplikatzeko, esate baterako, efektu ezberdinak emateko proiektoreen bitartez, zein motatako programak erabili musika editatzeko, etab. Azkenik, “Musika Hizkuntza” ikasgaia oso erabilgarria da, umeen adinaren arabera zein motatako abestiak eta doinuak erabili ahal diren jakiteko.
Gure gorputzaren jarrera kontuan izanda, bi irakasgai nagusi daude, eta nahiko lotuta daude haien artean. “Gorputz Hizkuntza” irakasgaiaren kasuan, esan daiteke ezinbestekoa dela gorputzaren jarrera nola izan behar den ikasteko. Gainera, gorputzari etekina ateratzen ikasten da; hots, gauzak adierazteko soilik gure gorputza erabiltzen ikasten dugu. “Adierazpen eta Komunikazio Trebetasuna”-ri erreparatuz, argi dago antzerki batean oso garrantzitsua dela, izan ere, gure ahotsa edo esan nahi duguna ondo transmititzea gauzarik garrantzitsuenetariko bat da ikusleek antzezlana ondo uler dezaten. Bestalde, irakasgai honen bitartez, “Gorputz Hizkuntzan” bezala, gure gorputza kontrolatzen ikasten dugu modu inplizitu batean; hau da, ahotsa nola transmititzen den ikasten dugunean, gure aurpegiaren keinuak aldatzen ditugu.
Bost ikasgai hauen bidez, umeek 100 hizkuntza baino gehiago dituztela deskubritzen joango gara. Honekin batera, minor honen lan interdiziplinarrak aurten inoiz baino esanahi handiagoa dauka.
Euskal Autonomia Erkidegoak sortutako Heziberri 2020, 237/2015 dekretuan, oinarrituz, bi eremu “Nortasunaren eraikuntzaren eta ingurune fisiko eta sozialaren ezagueraren eremua” eta “Nortasunaren eraikuntzaren eta komunikazioaren eta adierazpenaren eremua” ezberdinak kontuan hartuz, gure gaiaren inguruan hainbat helburu eta eduki aurki ditzakegu.
Dekretu hau konpetentzietan oinarritzen da. Lehen aipatutako bi eremu horiek lau ataletan banatuta daude: eremuaren ezaugarriak, etapako helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpide eta -adierazleak. Edukiak blokeetan banatzen dira; lehen zikloa (0-3) eta bigarren zikloa (3-6), eta zikloen barnean multzoak daude. Lehen eremuan hiru multzo daude; “nortasuna eraikitzea”, “hartu-emanak gizarte-inguruan” eta “hartu-emanak ingurune fisiko eta naturalarekin”. Bigarren eremuaren barnean, aldiz, lau multzo daude; “hitzezko komunikazioa” (bigarren zikloan bada, “hitzezko eta idatzizko komunikazioa”), “gorputz-hizkuntza”, “matematika-hizkuntza” eta “arte-komunikazioko beste modu batzuk” (237/2015 dekretua).
Gure antzezlanari begira, lehendabiziko zikloan oinarrituko gara soilik, hau da, 0-3 urte bitarteko haurrentzako. Eremuari begira, bietatik aterako ditugu gure eszenografiarekin bat doazen gaitasun zein helburuak.
Helburu orokorrak honako hauek izango dira:
HELBURU PEDAGOGIKOAK
Antzezlan honek, hiru helburu pedagogiko orokor izango ditu Haur Hezkuntzako curriculuma (237/2015 dekretua, Heziberri 2020) erreparatuz. Helburu orokorrak hautatzerakoan, lehendabiziko eremutik bi helburu batu ditugu bat sortzeko eta beste bi helburu orokorrak bigarren eremukoak dira.
Gure eszenografia egiterakoan, helburu zehatzago batzuk ere lortzeko asmoa dugu. Gure helburu zehatzak, bat egiten dute edo modu batean Haur Hezkuntzako curriculumean (237/2015 dekretua, Heziberri 2020) aipatu egiten dira.
Haurrek haien sentimenduak eta emozioak adieraztea gustatuko litzaiguke, 237/2015 dekretuak lehenengo eremuko lehenengo zikloan lehendabiziko multzoan adierazten duen moduan, “norberaren eta gainerako pertsonen sentimenduak, emozioak, oinarrizko beharrizanak eta interesak adieraztea, identifikatzea eta erregulatzen hastea…”. Nahiz eta helburu osoa ez bilatu, helburu horretatik zerbait lortu nahi dugu. Bigarren multzoan, esaten du, “jolasetan parte hartzea eta ekimena izatea, eta, arian-arian....” Guretzat garrantzia dauka haurrek jolasean parte hartzea antzezpenean parte hartzeko.
Hirugarren multzotik gurekin bat datozen bi helburu aipatzen dira, “espazioak behatzea eta arakatzea, eta haietan dauden objektuak erabiltzea zentzumenen eta ekintzen bidez…” agertokian hainbat elementu egongo dira eta antzezlana bukatzerakoan haiek objektuekin ibiltzeko aukera izango dute espazio osotik. Garrantzizkoa ikusten dugu publikoa espazioa aztertzea eta bertako objektuak erabiltzea espazio osoan zehar. Beste aldetik, euria agertu egingo da baita ekaitza ere gure eszenografian, beraz, naturako elementuak eta fenomenoak ezagutzea beste helburu bat izango zen, hau ere curriculumean agertu egiten da, “naturako elementuak eta fenomenoak behatzeko interesa izatea. Haien ezaugarrietako batzuk ezagutzen hastea.”
Bigarren eremutik ere beste helburu zehatz batzuk aurkitu ditugu gure antzezpenarekin bat egiten dutenak. Gure zikloan oinarria jarrita, lehendabiziko multzoan helburu batean esaten da, “hizkuntzaz kanpoko zeinuak ezagutzea eta arian-arian erabiltzea, komunikazio-xedearen esanahia indartzeko”. Guk egingo dugun antzezpena ez hitzezko komunikazioa izango du, beraz garrantzia ematen diogu haurrek hizkuntzarik gabeko keinuak ezagutzea.
Beste helburu zehatz bat soinu desberdinak bereiztea izango zen, laugarren multzoan honetaz zerbait esaten da, “soinu eta kontraste batzuk entzumenaren bidez bereizten hastea: zarata-isiltasuna,...”.