Esteve Materra eta haren obra

Esteve Materra: bizitza eta lanak

Materraren bizitzaz ezer gutxi dakigun arren, egile gakoa da euskal literatura klasikoan; zehazki, XVII. mendearen hasieran Lapurdin loratutako Kontrarreforma katolikoari eta lapurtera klasikoari dagokionez. Aurreko mendeko erreformari erantzuteko, Kontrarreformaren haizeek indar bizia hartu zuten, gizaldi horretan, Lapurdi aldean: katolizismo ortodoxoa ahalik eta zabalen ezartzeko hainbat lan, itzulpen eta moldaketa agertu ziren latina ez beste hizkuntzetan. Euskarazko lanek fededunengana haien ama hizkuntzan iristeko aukera ematen zuten, eta horietan lehenengoa izan zen aspaldian eta orain arte galdua egon den Materraren Doctrina Christiana (P. de la Court, Bordele, 1617). Nabarmentzekoa da, lehenengoa ez ezik, hamarkada batez esku

ratu eta euskaraz irakur zitekeen egile bakarra izan zela. Gerora etorri ziren Etxeberri Ziburukoa, Argaiñaratz, Haranburu, Harizmendi, Gazteluzar, Axular eta bestelakoak.

Materraz dakigun gehiena bere obretatik ateratako informazioa da: frantziskotarra zen, 1617an La Réoleko komentuko zaindaria zen eta 1623an, dotrinaren bigarren edizioa kaleratu zenerako, Tolosako frantziskotarren komentuan zegoen. Bere 1628ko obra batean aipatzen denez, Rouezeko Cordeliers-en komentuan zegoen orduan. Bertrand Etxauzen esanari jarraikiz, Saran (Lapurdi) euskara denbora gutxian ikasi ondoren eman zuen argitara bere Doctrina Christiana, hain zuzen ere, Etxauzi eskainitakoa eta, besteak beste, Axularren oniritzia dakarrena. Eskolako haurrentzat elkarrizketa gisa prestatutako lana da, eta egileak bere asmoak azaldu zituen: dotrina kristaua zabaltzea eta euskaraz irakurtzen eta idazten ikasten laguntzea. Errata gutxiko edizio zaindu batean argitaratu zen eta arrakasta betea lortu bide zuen, 1623an kaleratu baitzen bigarren argitalpena (I. Millanges, Bordele, 1623). XVII. mendean bertan beste bi argitalpen izan zituen: I. de Gayau-rena (Agen, 1648) eta P. Dussarrat-ena (Baiona, 1693), eta XVIII. mendearen hasieran berrargitaratu zen azkenekoz (Maffre, Baiona, 1704). Nolanahi ere den, 1623az geroztiko berrargitalpenetan hainbat aldaketa eta material erantsi dago.

Ematen du Materra ez zela nolanahiko eliza-gizona izan bere garaian; izan ere, euskarazko dotrinaz gain, frantsesez ere zenbait lan idatzi, itzuli eta moldatu zituen, guztiak ere erlijioaren ingurukoak. Mende hasieran, L´Horologe spirituel (C. Seuestre, 1606) kaleratu zuen Parisen, eta handik urtebetera agertu zen Juan Márquezen obraren itzulpena, Frantziako hiriburuan bertan: Les deux états de la spirituelle Hiérusalem militante et triomphante (N. du Fossé, 1607). 1608an De la Vega frantziskotarraren lanen itzulpenetako bat egin zuen: Emploi et saint exercice sur les Evangiles des Dimanches de l´Année (N. du Fossé, 1608). Beranduagokoak dira, bestalde, Recueil de prières en temps de contagion (A. Gransaigne, Rodez, 1628) eta Le Directeur familier (J. Foude, Tolosa, 1645).                                                         

Badirudi horietatik guztietatik L´Horloge spirituel eta Doctrina Christiana lanak izan zirela arrakastatsuenak, horiek aipatu baitzituen Wadding-ek Scriptores Ordinis Minorum (1650, 320. or.) zabalean. Obra horretako aipua berreskuratu zen gerora, XVIII. mendearen hasieran, Bibliotheca Universa Franciscana obran (1733, III. liburukia, 108. or.).

        "Materre" ala "Materra"?

"Materre" idatzi izan dute beti Doctrinaren egilea aipatu duten ikerlariek. Hala egin zuten Larramendik, Vinsonek edo, berrikiago, Mitxelenak, Arkotxak, Oyharçabalek eta Salaberrik ere, besteak beste. Hala ageri da, orobat, frantziskotarrek historian zehar egin dituzten katalogoetan, autore berak frantsesez idatzi zituen obretan, euskarazko Doctrinan berak edo bestek frantsesez zein latinez idatzitako hitzaurre, eskaintza edo baimenetan eta edizio guztien azaletan, lehenean izan ezik.

Hain zuzen ere, 1617ko lehen edizioak "Materra" dakar azalean eta, are gehiago, Bertrand Etxauzi zuzenduriko euskarazko eskaintza ere hala sinatzen du egileak berak. Hori ez eze, beste batzuek euskaraz idatzitako baimenetan "Materra" diote salbuespenik gabe, hala nola P. Axularrek, I. Miguelenak eta F. Guilantenak. Halaber, 1623ko argitalpenean ageri diren euskarazko baimenetan "Materra" gorde da, eta gauza bera gertatu da ondokoetan ere, horretan oinarritu baitziren.

Horiek horrela, uste dugu "Materra" dela (euskaraz bederen) egilearen deituraren forma egokia eta, horregatik, hori hobetsi dugu geure lanetan.

1617ko alearen jabearen ex-librisa